euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoyko Beti Aurrera, poesia liburu elebiduna, gaztelania-euskara, ari da prestatzen, idazleen elkartea lagun

2015/06/26

Chivilcoyko SADEko lagunak ‘Gernikako Arbola’ literatura lehiaketa aurkezten (argazkia SADE)
Chivilcoyko SADEko lagunak ‘Gernikako Arbola’ literatura lehiaketa aurkezten (argazkia SADE)

PUBLIZITATEA

Azken bolada honetako berri batzuk irritsi zaizkigu Chivilcoytik, tartean euskal etxeak gauzatuko duen liburuaren proiektuarena eta ‘Gernikako Arbola’ izeneko literatura lehiaketarena. Horretaz gain, Beti Aurrera-koek jakinarazten dute Facebook kontua berria ireki behar izan dutela, komunitate birtualarekin kontaktuan izateko. 

Chivilcoy, Argentina. Literatura arloarekin lotura duten bi egitasmotan ari da lanean Buenos Aires probintziako Chivilcoyko euskal gizataldea. Alde batetik, eta SADErekin (Idazleen Elkarte Argentinarra) batera, ‘Gernikako Arbola’ izeneko Literatura Lehiaketan parte hartzera gonbidatzen du. Deialdia Argentinan bizi diren 18 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta eta gaia eta generoa libre dira. Lanak bidaltzeko epea uztailaren 31an bukatuko da eta lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak banatuko dira. Lehiaketaren oinarri guztiak, hemen.

Beste alde batetik, Beti Aurrera-ko arduradunek beste proiektu polit bat dute esku artean, literatura eta euskara bultzatzeko. Erakundeko kide den Nidia Ibañezek azaldu digun bezala, “Chivilcoyko Idazleen Elkarte Argentinarreko olerkariek idatziko dituzte poesiak gaztelaniaz eta poema bakoitzak bere euskarazko bertsioa izango du. Gure euskal etxearen laguna den Andrea Bella irakasle uruguaitarrak lagunduko digu itzulpenekin”. Egileen asmoa proiektua urtea bukatu baino lehen aurkeztea da.

Ekintza ugariko hilabeteak

Mugimendu handia izan dute euskal chivilcoytarrek 2015 urte honetako lehenengo sei hilabeteetan eta jarraitzen dute oraindik ere lan 'ta lan. Gaur bertan, urrunago joan gabe, Tango ikuskizuna antolatu dute, Jorge Destaville abeslaria lagun.

Martxotik ekainera bitartean, herriak antolatutako ekintza ugaritan ordezkatu izan dute euskal gizataldea, hala nola Kolektibitateen Jaian, eta Maiatzaren 25eko eta Ekainaren 20ko zeremonia ofizialetan. Euskal etxean bertan ere izandituzte Beti Aurrera-koek elkarretaratzeak. Apirilean Aberri Eguna ospatu eta maiatzean Gazteen Topaketa antolatu zuten Roldango Euskel Biotza euskal etxeko dantzariekin batera.

Elkartekide eta lagunek instituzioaren urteurrena ospatuko dute uztailaren 11an, euren egoitzan. Honi eta beste hainbat ekintzari buruzko berriak, Chivilcoy Vascos Beti Aurrera izenpean ireki berria duten Facebook kontuan irakurri ahal izango dira.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia