euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoy-ko Beti Aurrera: bere jarduna blog baten bidez zabaltzen duen euskal etxe ekimentsua

2007/09/05

Chivilcoyko Euskal Etxearen bloga
Chivilcoyko Euskal Etxearen bloga

PUBLIZITATEA

Ekitaldi erritmo indartsuarekin jarraitzen du Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak. Elkarte argentinar honek urte garrantzitsua bizi izan du aurten egoitza propioaren inaugurazio eta blog berriaren sorrerarekin. Blog honek hutsegite barik elkarteko ekimen eta ekitaldiei buruzko informazioa eta argazkiak eskaintzen dizkie irakurleei. Bertan ikus daiteke hilabete honetako egitaraua: ekitaldi erlijiosoak, kontzertuak, erakusketak eta Udaberriko Afaria, besteak beste.
Beti Aurrera euskal etxea buru belarri eta ekimenez jantzia sartu da irailean. Datorren igandean, hilaren 9a, Arantzazuko Ama Birjinaren eguna ospatuko dute elkartearen egoitzan, meza elizkizun batekin. Euskal Herritik ekarritako Arantzazuko Amaren irudiak, ohorezko lekua izango du funtzioan. Heldu den asteko ostiralean, berriz, euskal etxeak Mikel Arrazola Arregi argazkilari oñatiarraren erakusketa ibiltaria inauguratuko du. 'Eusko Irudiak' izenburua du eta Euskal Herriko paisaia eta pertsonen 60 irudik osatzen dute.

Irailaren 20ean, osteguna, elkarteak Arkaitz Mendoza pianojole donostiarraren emanaldia aurkeztuko du. Mendozak Aita Donostia, Alberto Ginastera, Frédéric Chopin eta Claude Debussyren lanak joko ditu. Emanaldia Antonio Novaro Liburutegian izango da, 20:00tan, sarreren prezioa bost peso. Irailaren 22an, ostera, larunbatez, elkarteak Udaberriko Afaria izeneko ekitaldia egingo du. Elkarteko kide eta lagunak batzeko aitzakia izango da eta bertaratzen direnek Tropicalisimo Fantasía orkestraren kontzertuaz eta Mario Castell tango abeslariaren emanaldiaz gozatu ahal izango dute.

Honen guztiaren aipamena aurki daiteke Beti Aurrerak duela hilabete gutxi abiarazi zuen blogean. Chivilcoyko euskaldunak, bloga sortzeaz gain maiz samar elikatzen baitute, euren bazkide eta lagunei, eta oro har publiko interesatuari bertan antolatu eta gauzatzen diren ekimenen berri emanez. Ez da meritu makala sarriegitan webgunea sortu eta gosez hiltzen uzten duten beste makina bat ereduen ondoan. Zorionak hemendik Chivilcoyko euskal kolektibitateari eta Beti Aurrerako bazkide, lagun eta ekileei.


Lotura interesgarriak

Chivilcoyko Euskal Etxearen bloga
http://centrovascochivilcoy.blogspot.com

Chivilcoyko Euskal Etxeak Lagunaren Eguna ospatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 24an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia