euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chascomuseko neska-mutilen marrazkiek bakearen aldeko mezua zabaldu zuten Gernika gogoratuz

2009/04/30

Zingirako Euskaldunak elkarteko gazteak lurrean botata marrazten (argazkia ChascomusEE)
Zingirako Euskaldunak elkarteko gazteak lurrean botata marrazten (argazkia ChascomusEE)
Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkarteak joan den apirilaren 25ean Gernikako bonbardaketaren biktimen omenezko ekitaldia egin zuen, gertaera latz honen 72. urteurrena zela eta. Ekitaldia Buenos Aires probintziako hiri honetan dagoen Gernikako Arbolaren Kimuaren aurrean egin zen eta elkarteko neska-mutilak izan ziren protagonista. Gazteak gogotsu aritu ziren gaiari buruzko marrazkiak egiten, horrela bakearen aldeko eta guden aurkako mezua zabaldu nahian.

Chascomus, Argentina. Elkarteko gaztetxoenen bitartez Zingirako Euskaldunak elkarteak bakearen aldeko mezua zabaldu zuen joan den apirilaren 25ean Chascomusen, Gernikako bonbardaketa tragikoaren 72. urteurrena zela eta. 1937ko apirilaren 26ean nazien abiazioak, Francorekin bat eginda, bizkaitar herriari eraso egin eta bonbekin suntsitu egin zuten. Merkatu eguna zen eta biktimen kopurua oso altua izan zen. Gernikakoa zibilen aurka egin zen lehen bonbardaketa izan zen eta adituen ustetan ondoren II. Mundu Gudan egin zirenen entsaioa izan zen.

Tragedia hori gogoratuz eta bakearen aldeko mezua zabaldu nahian --Gernika bakearen nazioarteko ikur bat bihurtu baita-- Zingirako Euskaldunak-ek elkarteko gaztetxoak bildu zituen oroimenezko ekitaldi berezi batean parte hartzeko. Hitzordua Chascomuseko Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan izan zen eta bertan marrazki lantegi bat egin zuten. Lantegian haurrei duela 72 urte Gernikan gertatutakoa azaldu zieten, marrazkien bitartez bakearen aldeko mezua zabaltzen laguntzeko aukera emanez.

72º Aniversario Gernika 01

[Zingirako Euskaldunak-eko neska-mutilak bakearen aldeko marrazkiak egiten Chascomuseko Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan (argazkia ChascomusEE)]

72º Aniversario Gernika 01

[Hiru mutiko hauek ere gogotsu aritu ziren Gernikaren bonbardaketari buruzko marrazkiak egiten Zingirako Euskaldunak-ek antolatutako ekitaldian (argazkia ChascomusEE)]

Gazteak gustora ekin zioten lanari, taldeka bilduz eta kartel handietan marrazkiak eginez. Askok lurrean botata bukatu zuten, hobeto marraztu ahal izateko. Eguraldi onak ere lagundu zuen ekitaldia arrakasta borobila izan zedin eta gazte zein nagusiek asko disfrutatu zuten. Bukatu ondoren marrazkiak Chascomuseko dendetan banatu zituzten, hiriko beste bizilagunengana ere bakearen aldeko mezu hau helarazteko.

 72º Aniversario Gernika 03
[Neskatila batzuk bakearen aldeko mezua zabaltzeko eginiko marrazkiak erakusten, Gernikaren bonbardaketaren 72. urteurrena zela eta antolaturiko ekitaldian (argazkia ChascomusEE)]

72º Aniversario Gernika 04
[Ekitaldian parte hartu zuten gazteak eta euren gurasoak Gernikako Arbolaren azpian talde argazkia atera zuten goizean zehar eginiko marrazkiekin. Marrazkiak gero Chascomuseko dendetan banatu zituzten, beste herritarrek ere ikus zitzaten (argazkia ChascomusEE)
]


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia