euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chascomuseko Euskal Etxeak erdira jaitsi du Argentinako Udalekuan parte hartzeko kuota, 120 pesotan utziz

2009/11/24

Chascomuseko Udalekuko afixa
Chascomuseko Udalekuko afixa

PUBLIZITATEA

Chascomuseko euskal etxe antolatzaileak atzo arratsaldean plazaratutako ohar batean aditzera ematen denez, Euskal Udalekuaren prezioa 120 pesotan ezartzea erabaki da, ez eta aurretik adierazitako 250 pesoak, erdia baino gehiagoko beherapena eginez beraz, jakinaren gainean egonik egoera ekonomiko latzak askoz aukera gehiago ematen ez duela eta zenbait gastu murriztu eta gero egokiagoa dela parte hartu nahi duten haur eta gaztetxoei partaidetza erraztea azkenean kuota aipatu 120 pesotan utzita. Interesatuek Maria Laura Egurenekin harremanetan ipini beharko dute, beti ere azaroaren 30a baino lehen. Udalekua urtarrilaren 4tik 9ra bitartean egingo da Buenos Aires probintziako Chascomusen, 12 eta 16 urteko haur eta gaztetxoei zuzenduta.

Chascomus, Argentina. Duela egun batzuk hemen bertan islatzen genuenez, Chascomuseko Euskal Etxeak gogora ekarri nahi izan du Euskal Udalekua ohiko udaleku bat dela eta, udan gazteentzako antolatzen den kanpamendu bat: egunero joko eta jolasak, kirolak, irteerak, naturarekin zerikusia daukaten ekitaldiak eta antzekoak garatzen diren ekimen bat, kasu honetan euskal kulturari lotua, esan nahi baita euskal kultura ezagutarazi eta sustatu nahi duena, beti ere modu ludiko, adiskidetsu eta jolaskorrean. Astean zehar, beraz, pilota eskola eta tailerrak, arrauna, euskal dantzak, musika, euskara, euskal joko tradizionalak eta gisa horretako ekitaldiak gauzatuko dira, begiraleak Chascomuseko Euskal Etxekoak eta baita ere Euskal Herritik, Gipuzkoako "Eziko Udalekua" izeneko talde espezializatutik propio ekarritakoak izango direlarik.

Bere lehenengo edizio honetan Euskal Etxeetako 12-16 urte bitarteko gaztetxoentzat prestatu da. Parte hartzeko, izen ematea azaroaren 30a baino lehen behar da baieztatu, horretarako ekintza honetako koordinatzaile eta aldi berean Chascomuseko Euskal Etxeko lehendakari den Maria Laura Eguren-ekin behar delarik kontaktatu, telefonoz (02241) 15-6977 zenbakira deituz edo, e-mailez, beltxa62@yahoo.com.ar helbidera idatziz. Parte hartzaile bakoitzak 120 peso ordaindu beharko ditu, eta bere izen ematea aldez aurretik utziko duen 50 pesoko seinalearekin baieztatuko du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia