euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Carlos Miguelena: “Euskal etxeetako gazte askok daukaten adinean gu gerra batean ari ginen borrokan”

2018/04/02

Carlos Miguelena, Lagun Onak-en Lehendakari ordea eta Pergaminoko Borrokalari Ohien Elkarteko presidentea
Carlos Miguelena, Lagun Onak-en Lehendakari ordea eta Pergaminoko Borrokalari Ohien Elkarteko presidentea

PUBLIZITATEA

Gaur astelehena, apirilaren 2a, Malvinetako Gerraren 36. urteurrena gogoratuko dute argentinarrek. EuskalKultura.com-en artikulu honetan, Argentinako historiako une goibelenetako bat ekarriko dugu gogora Carlos Miguelenaren eskutik. Miguelena Pergamino hiriko Lagun Onak Euskal Etxeko lehendakari ordea eta Malvinetako gerrako borrokalari ohia da. Eta mezu bat badu euskal etxeetako lagunentzat: “Irakatsi behar diegu gure gazteei euren desadostasunak hitz eginez konpontzen”.

Sabrina Otegi / Pergamino, Argentina. 1982ko apirilaren 2an lehorreratu ziren soldadu argentinarrak Malvina irletan, diktadura zibiko-militarreko Leopoldo Galtieri presidenteak aginduta. Helburua, "mende bat eta erdi lehenago galdutako burujabetza berreskuratzea". Argentinaren eta Britainia Handiaren arteko gerrak 74 egun iraun zituen eta oso ondorio tragikoa utzi zion Hego Amerikako herrialdeari: 649 hildako, ehunka norbereburuhilketa eta milaka zauritu. Hiru hamarkada baino gehiago pasatu dira dagoeneko baina oroitzapenak bizi bizirik segitzen du izugarrikeriaren lekuko izan direnentzat.

Carlos Alberto Miguelena Pergaminoko Euskal Etxeko lehendakari ordea da. Zer behar den, hura egin. Sukaldeko arduraduna da Lagun Onak-ek stand-a muntatzen duenean Gizataldeen Azokan, txistorrik onena prestatzeko sekretuaren jabe omen da eta Fandangoren bat entzuten badu, zast dantzatzera animatzen dela esaten dute. Carlos Malvinetako Gerrako Borrokalari Ohia ere bada, 20 urte eskas zeuzkala Hego Atlantikora joan behar izan zuen 20 mila gazteetako bat. Carlosentzat Apirilaren 2a oroitzeko eguna da; eta Malvinetan hil ziren guztiak omentzeko. Harro egoteko eguna ere bada Carlosentzat. Bere hitzetan, “Irlak berreskuratze horretan parte hartu genuenok benetako harrotasun patriotikoa sentitzen dugu. Zoritxarrez, garai hartako gobernuak herria eta nazioa ahaztuz erabaki txarrena eta berekoiena hartu zuen eguna ere bada”.

-Hogei mila gazteri tokatu zitzaien Malvinetako Gerrara joatea… zure kasuan, zein izan zen zeure ibilbidea?

Soldadutza derrigorrezkoa zen eta 1980an tokatu zitzaidan. 14 hilabete pasatu beharko nituen Itsas Armadan. 1981eko ekainean Buenos Aires probintziako ‘Puerto Belgrano’ Itsas Basera bidali ninduten eta han irrati-telefonista izateko aukeratu. 1981eko irailean nire azken destinora iritsi nintzen: A.R.A. 25 de Mayo Hegazkin-Ontzira. Hegazkin-Ontzian gure trebakuntza jarraitu genuen eta 1982ko martxoan, itsasoan astebete bat pasatu ondoren, Hegoaldean zeozer gertatzen ari zela entzun genuen. Inork ez zekien zer. Portuan gure zain zeuden itsasontzia zuzkitzeko: janaria, erregaia, munizioak eta lehergailuak igo zituzten. Eta berehala abiatu ginen hegoalderantz, ezer jakin gabe. Apirilaren 1ean Rio Gallegosera, Santa Cruz probintzian, iritsi ginenean bigarren Komandanteak jakinarazi zigun Malvinak berreskuratzeko erabakia hartuta zegoela. Eta biharamunean, goizeko 6:30etan egin zuten; irletako gobernu etxean Argentinako bandera jarrita zegoen. Poz handiko unea izan zen; normala… Malvinak argentinarrak zirela entzuten haziak ginen. Armadako Komandante batek esan zigun “Gurea dena berreskuratu dugu, duela 150 urte kendu zigutena. Zuek hau lortzeko ohorea izan duzue. Historiara pasatuko zarete”. Egiazko hitzak bereak… tamalez historian beste gauza batzuk pasatu beharko ziren tartean, soldaduentzat eta nazioarentzat oso onak izango ez zirenak”.

Horrela hasi zen Malvinetako Gerra. Argentinako bi ontzi talde sortu ziren: bata irletako iparraldean zegoen, A.R.A. 25 de Mayo Hegazkin-Ontzia buru; bestea hegoaldean, A.R.A. General Belgrano gurutzaontzia buru. Biak Bigarren Mundu Gerrako garaiko ontziak ziren, ez zeukaten ezta urrundik ere britainiarren ontzi eta itsaspekoek zeukaten teknologia. Eurek ez zeukaten gure ontziak detektatzea baino, tiro egiteko. Eta hori izan zen hain zuzen ere General Belgrano gurutzaontziarekin gertatu zena: 1982ko maiatzaren 2an atzera egiten ari zela, bi torpedoz jo zuten eta bi ordutan Atlantikoaren hondoan desagertu zen. Eta berarekin batera bakearen aldeko negoziazioak. Momentu horretan ohartu ginen baldintza txarrenetan geundela: gure armak, logistika eta batez ere estrategia ez zirela batere egokiak.

Hala eta guztiz ere aurrera gure ontziarekin nabigatzen segitu genuen, eta maiatzean A4-Q eta Trackers hegazkinak lurreratu ziren soldaduak irletan uzteko; eta guztiak okerragora jo zuen.

-Bi hilabete eta gutxi iraun zuen gerrak; eta gero buelta…

Buelta ‘ilunpean’ izan zen… galtzaileak ginen. Gerra bukatu zen baina gu soldadu ginen eta badaezpada ez genuen hitz egiten. Familiarekin ere ez genuen deus aipatzen. Denboraren poderioz gauzak aldatuz joan ziren eta borrokalari ohiak biltzen hasi ginen. Borrokalari Ohien Elkarteak sortu ziren, helburu argi batekin: gizarteari jakinaraztea gerra zer eta nolakoa izan zen. Nire kasuan, familia eta seme-alabak izatea oso lagungarria izan zen gizarteari irekitzeko garaian.

Gaur Pergaminoko Borrokalari Ohien Elkarteko presidentea naiz. Gure helburua borrokalari ohiak eta Pergaminon izan genituen bi hildakoak gogoan izatea da. Badakigu memoria lantzea ezinbestekoa dela, belaunaldi berriek gure historia ezagut dezaten. Beraz, hori dela eta batez ere eskolekin egiten dugu lan. Gogoan eduki behar ditugu Malvinetan hil ziren 649 lagunak eta duin gogoratu, bizitza eman baitzuten bidezkoa jotzen zuten zerbaiten alde, zuzena zela pentsatzen zutelako.

-Gaur egun Pergaminoko Borrokalari Ohien Elkarteko presidentea zara eta baita Euskal Etxeakoa ere…

Bai, ni Ortiz Basualdo izeneko herrixka batean jaio nintzen, Pergaminotik 18 kilometrora. 1977an familiarekin Pergaminora joan ginen eta Merkataritza Eskolan Arregui abizeneko bi neskak Lagun Onak-era gonbidatu ninduten. Haietako bat, Ethel Arregui, egun nire emaztea da. Oraindik ere nirekin daukat soldaduskara atera aurretik Goizeko Izarra dantza taldeko kideek oparitu zidaten marinel txapel txikia.

Uste dut pertsonek zerbait sentitzen dutenean adierazi egin behar dutela, hitzez eta ekintzez. Zinez pentsatzen dut gogoz egiten badira gutxi direla lortu ezin diren gauzak. Eat talde bati bagagozkio, aukerak biderkatu egiten dira. 

Euskal jatorrizko lagunok indarra eta bultzada dugu, laguntasuna, alaiak gara eta lan egiteko kuraia eta buruari eragiteko ahalmena dugu. Ezaugarri horiek guztiak baliatu behar ditugu gure euskal etxeak gidatu eta aurreratzeko. Eta batez ere gure gazte eta txikiei eredu eta adibide onak erakusteko, euren buruak janzten eta hobetzen segitzeko aukerak izaten segi dezaten. Niretzat lehendakaria izatea aukera galanta da Lagun Onak-i hainbat gauza bueltatu ahal izateko. Eta gure kultura eta sustraiak mantentzeko, noski.

-Txikiak eta gazteak aipatzen dituzu, zer mezu bidaliko zenieke apirilaren 2 honetan?

Nire mezua ‘Gerrabideei ez; bakebideei bai’ izango litzateke. Eta gazteak dauden leku guztietarako balio duela uste dut. Desadostasunak, adibidez lan-taldeetan edo euskal etxeen artean sor daitezkeenak, hitz egiten konpondu behar dira, solas eraikitzaileekin, borondatea jarriz. Euskal etxeetako gaurko gazte askoren adinean gu Malvinetako Gerran ari ginen borrokan… Eskuzabala behar da izan, ordainean pentsatu gabe… Soldadu argentinar askok guda zelaian erakutsi zuten alkartasuna eta adiskidetasuna goraipatzekoa izan zen, ingelesek ere hala aitortu zuten. Belgrano Gurutzeontzia hondoratu zenean, zuzenean euren burua salbatu ordez marinelek ontzi osoan miatu zuten, ahal izan zuten arte, zaurituta zeuden kideak erreskatatzeko. Sinesten dutenaren alde borrokatu behar dutela ere esango nieke gazteei. Adeitasunez, besteen ideiak errespetatuz, baina irmo, eztabaidatuz eta zeozer moldatu behar badute moldatuz. Malvinetan asko hil ziren jakinda gauzak bestela egin zitezkeela, baina euren patua erabakitzeko aukerarik gabe. Esker ona zor diogu bizitzari, eta eman zaiguna hobetzea eta aurrerabideari lotzea geuri dagokigu. Malvinetan geratu zirenek ez zuten iritzirik emateko aukera izan, geure gazteek badute, eta bizitzak ematen dituen aukerak baliatzeko daude.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia