euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Carlos Gabilondo, Euskal Zine Ibiltariko arduraduna: «Oso polita litzateke diasporako lagunen istorioak kontatzea»

2017/10/02

Carlos Gabilondo Donostiako Zinemaldian, 2017ko irailean (arg.Juan Carlos Ruiz, Argazki Press)
Carlos Gabilondo Donostiako Zinemaldian, 2017ko irailean (arg.Juan Carlos Ruiz, Argazki Press)

PUBLIZITATEA

Euskal zinema Argentinako bazter orotan zabaldu dute Gabilondok eta haren emazte Norma Carrizok. 2011n ekin zioten filmak autoan sartu eta zinemaren bidez euskal kultura ezagutarazteari. Honako elkarrizketa Berria egunkariak eman du argitara, Pello Zubiriak eginik Carlos eta Norma Donostian direla-eta Zinemaldian parte hartu eta kontaktu eta proposamen berriak argentinaratuz euren lanari eutsi eta hobetzekotan.

Pello Zubiria. Carlos Gabilondo (Buenos Aires, 1950) eta Norma Carrizo (Buenos Aires, 1950) Argentinatik Donostiako Zinemaldira etorri dira lehenengo aldiz, Zinemira lehiaketa ikustera. Jaso duten harrerak hunkitu egin dituela adierazi dute: «Hemen egotea oso zirraragarria da».

Pelikulak ikusteko eta horiei buruz eztabaidatzeko afizioa diktadura militarraren garaitik datorkizula esana duzu.

Bai, hala da. Zinema egitasmo bat sortu genuen, Argentinan zineklub deituriko zinema debateak, 1982. urtean, diktadura amaitzear zegoela. Oraindik baziren debekatutako pelikulak, eta zineklub bat izateak beste inon ikusi ezin ziren pelikulen inguruan eztabaidatzeko aukera eman zigun. Lau urte inguru iraun zuen horrek, eta, hein batean, esan daiteke Euskal Zine Ibiltariaren aurrekaria izan zela.

Noiz piztu zitzaizun euskal zinemaren gaineko interesa?

Duela hamar urte inguru hartu nuen euskal kulturaren historiaren kontzientzia, eta, duela sei urte gutxi gorabehera, konturatu nintzen euskal zinema bide garrantzitsu bat izan zitekeela Argentinako euskal diasporako lagunentzat gure kulturara gehiago hurbiltzeko. Izan ere, arte asko batzen dituen adierazpidea da, eta lagun horiei haien arbasoen, herrien eta abarren berri eman diezaieke. Euskalzaleak-en hasi ginen, Buenos Airesko euskaltegian. Han, hilabetero ziklo bat egiten genuen, eta, gero, hori bera Argentinako beste herri batzuetara eraman genuen. Hasieran, hango euskal etxeekin —ehun baino gehiago daude— harremana egin genuen, eta zikloak antolatu genituen. Esan behar dut egitasmo guztiz independentea dela, eta doakoa; erakundeek ez dute gasturik, guk ordaintzen dugu. Bidaia ondo prestatu behar dugu.

Nolakoak izan ohi dira proiekzioak?

Pelikulak testuinguruan jartzen saiatu ohi gara, ez da soilik pelikula ikustea: zuzendariaren aurkezpen bat, Kimuak saileko film labur bat, eta, gero, pelikula jartzen dugu. Komunitatearen intereseko pelikulak jarri ohi ditugu, eta, ahal den neurrian, euskaraz, azpidatziekin, batez ere 2005. urtetik aurrera, euskarazko pelikulen produkzioa handitu egin baitzen. Geroago, euskaldunak ez diren beste erakunde batzuetara hedatu da euskal etxeetan hasitako egitasmoa. Zentzu asko eman diogu zabaltzeari, horrela euskal errealitatea ezohiko duten lagunei gure kulturaren berri ematen diegulako. Gure kultura esatean, euskal kultura esan nahi dut; ni ere euskaldun sentitzen naiz. Filma ikusi ostean debate bat egiten dugunez, ezin hobeto eman ahal diegu aditzera gure berri. Horretaz harago, euskal etxeentzako jarduera mobilizatzaile bat izatea nahi dugu.

Zein filmekin mugitu zarete aurten?

Urte honen hasiera, batez ere, Zerutik sua dator pelikulari eskaini diogu, Gernikako bonbardaketaren urteurrena izan delako. Bonbardaketaren oroimena oso bizirik dago Argentinako euskaldunen gogoetan, pertsona asko eragin baititu haien gurasoen edo familien kontakizunak, arbasoen bizipenak.

Mila kilometrok mila istoriorako eman dezakete.

Bai, egia da. Istorio guztietatik askok merezi dute erreskatatzea. Orain, batetaz gogoratzen naiz. Behin, gure etxetik ehunka kilometrora dagoen Chivilcoy herrian, Helena Taberna zuzendari apartaren Berri ona pelikula jarri genuen. Pelikula horrek Marino Aierra apaizaren istorioa kontatzen du. Aierra Altsasuko [Nafarroa] apaiza izan zen 1936. eta 1939. urteen artean. Apaiz hori, gerra bukatu zenean, Hego Amerikara joan zen, eta Argentinan hil zen. Elizgizonak liburu bat idatzi zuen hemen egondako urteetan: No me avergoncé del Evangelio (desde mi parroquia) [Ez nintzen Ebanjelioaz lotsatu (nire parrokiatik)]. Filma ikusten ari ginela, lagun bat altxatu egin zen, eta bere etxera joan. Handik denbora batera, berriz etorri zen, eta Aierrak bere senide bati sinatutako liburu horren kopia ekarri zuen. Oso harrigarria eta hunkigarria izan zen.

Pelikula bat egin ahal izango bazenu, zer kontatzea gustatuko litzaizuke?

Diasporako jendeak euskal munduaren inguruan duen interesa, mirespena eta maitasuna. Hori oso argi geratzen da Buenos Airesen urteroko Euskal Festa egin ohi denean. Guretzat, adibidez, oso deigarria da 60 urte baino gehiago duten lagunek euskal etxeak mantentzeko egiten duten esfortzua. Batzuek haien poltsikotik jartzen dute dirua; Eusko Jaurlaritzaren laguntzak txikiagoak dira, gastuak oso handiak dira, eta abar. Oso polita litzateke diasporako lagunen istorioak kontatzea, herriz herri haien bizitza osoan euskal kultura sustatu dutenen istorioak erreskatatzea.

(Berriak 2017ko irailaren 27an argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia