euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracas, Carabobo eta Puerto La Cruz-ko euskal etxe venezuelarrek ohore guztiez ospatu zuten Aberri Eguna

2012/04/26

Caracaseko Eusko Etxeko dantzariak, 2012ko Aberri Eguneko festan aritu ondoren, txalo poli artean (argazkia Jazoera)
Caracaseko Eusko Etxeko dantzariak, 2012ko Aberri Eguneko festan aritu ondoren, txalo poli artean (argazkia Jazoera)
Esker mila EuskalKultura.com-era munduko euskal etxeen Aberri Eguneko jaien irudiak eta kronikak bidaltzen ari zaretenoi. Apurka-apurka horien guztien berri ematen ari gara, eta, oraingoan, Venezuelako hiru euskal etxeetako ospakizunak bildu ditugu. Caracasetik, bertako Eusko Etxeak argitaratzen duen Jazoera buletina medio, hiriburuko, Valencia-Caraboboko eta Barcelona-Anzoateguiko jaien berri dakargu. Bidenabar, parada Jazoera zoriontzeko baliatu nahi dugu, bere lehenengo urtea bete berri baitu Pedro Arriaga Aguirre buru duen albistari digitalak. Indar eta taupada bereziz bizi izan dute historikoki Venezuelako euskaldunek euskal nazioa ospatu eta aldarrikatzea helburu duen Aberri Eguna.

PUBLIZITATEA

Caracas, Venezuela. Caracaseko Eusko Etxeak aurtengo Aberri Eguneko jaiaren kronika zabala helarazi digu, Jazoera berri buletinaren bidez. 250 lagundik gora bildu ziren euskal elkartean iragan apirilaren 8an eta aita Miguel Odriozolak eman zuen mezarekin hasi zuten eguna. Elizkizuna musikarekin lagundu zuten Eguibar organistak eta Eusko Etxea-ko gizonezkoen abesbatzak.

2012 caracas eusko etxea aberri eguna 01

[Aberri Eguna 2012 Caracasko Eusko Etxean. Irudian, mezaren ikuspegia, euskal elkartearen lehenengo solairuan emana (argazkia Jazoera)]

Ondoren, Koldo Olalde txistulariak Euskadiko eta Argentinako ereserkiak jo zituen eta bi herrialdeetako banderak igo zituzten zuzendaritzako bi kidek: Maria Teresa Arriaga diruzainak eta Pedro Javier Arriaga lehendakariak. Iker Urcelai dantzariak Ohorezko Aurreskua dantzatu zuen.

Caracas Aberri Eguna 2012 (1)

[Iker Urcelai aurreskua dantzatzen Caracaseko Eusko Etxeko Aberri Eguneko ekitaldian (argazkia Jazoera)]

Eta dantzaren ostean, dantza gehiago: euskal etxeko taldeak erakustaldi bikaina eskaini zuen, Azpiritxaga, Urcelai, Guruceaga eta Badiola sendietako dantzariak partaide. Pilotak ere tartea izan zuen eta eskuz, palaz eta zesta-puntan aritu ziren kirolariak. Eguna biribiltzeko, 250 lagunentzako bazkaritzarra prestatu zuten Maria Teresa Ballatori eta Clever Ramirez sukaldariek, Agurtzane Arteaga laguntzaile.

Eusko Etxeak jaiaren antolakuntzan parte hartu zuten lagunei eskerrak emateko baliatu nahi du aukera hau, esan nahi baita Maria Teresa Arriaga, Maria Isabel Arriaga, Maria Teresa Ballatori, Amaya Arriaga, Gaizka Urcelai, Unai Azpiritxaga, Antonio Arriaga, Txomin Viscarret, Fran Pernia, Cléver Ramírez, Mario Ballatori, Koldo Zugadi, Victor Manuel Ballatori adierazi nahi die bere esker ona egun horretan eta beste hainbatetan eskaintzen duten laguntza paregabeagatik.

Barcelona-Puerto La Cruz-ko Eusko Etxea

Lecheriako Eusko Etxean ere, Barcelona-Puerto La Cruz-en, Anzoátegui estatuan, ohore guztiez ospatu zuten Aberri Eguna, ekitaldiak euskal etxearen aurreko berdegunean dagoen Gudarien monumentuan eginiko lore eskaintza batekin hasi zelarik, bildutakoek Euskadiko eta Venezuelako ereserkiak kantatuz.

2011 Eusko Etxea Puerto La Cruz 03

[Puerto La Cruzko Eusko Etxea, ezkerrean, arbolaren atzean Gudarien monumentua ikusten delarik (argazkia EuskalKultura.com)]

Ondoren, pintxo eta ano bidezko otorduari ekin zitzaion, solasaldirako eta berba egiteko aukera emanez bildutakoei, kontu zaharrak berritzeko eta berriez jabetzeko. EuskalKultura.com-etik geure sostengua adierazi nahi diegu Perto La Cruzen --eta Venezuelako beste bi euskal etxeetan-- aurreko belaunaldiek piztutako sua elikatzen eta mantentzen dutenei, asmatzea opatuz iraganari geroa emateko bidean.

Valencia-Caraboboko Eusko Etxea

Aberri Eguna 2012 Carabobo

[Amaya Uzcangak dantzatu zuen Caraboboko Eusko Etxean Ohorezko Aurreskua (argazkia Notitarde)]

Azkenik, Valencia-Caraboboko Eusko Etxeak Naguanaguako bere egoitzan garatu zuen Aberri Eguneko deiaz, EuskalKultura.com-ek eman zuen bere momentuan ekitaldiko berri, beste artikulu orokorrago baten baitan, hemen irakur daitekeenez.

-Jazoeraren aleak emailez doan jasotzeko, idatzi hona



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia