euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelaseko Denak Bat-en eskutik, VI. Dantzari Topaketa martxoaren 31 eta apirilaren 1ean gauzatuko da

2012/02/22

Cañuelaseko dantzariek Batelera egin zuten 2011ko Dantzarien Topaketan (argazkia EuskalKultura.com)
Cañuelaseko dantzariek Batelera egin zuten 2011ko Dantzarien Topaketan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

'Aberri Eguna' eta 'Cañuelas' izenak banaezinak bihurtzen ari dira Argentinako euskal egitarauan. Aurten, eta seigarren urtez jarraian, euskal etxe askotako gazte dantzari eta kidek hartuko dute parte Denak Bat-ek antolatzen duen Aberri Eguneko elkarretaratzean. Izan ere, biltzeko deia plazaratu du jadanik Cañuelasko euskal etxe antolatzaileak. VI. Dantzarien Topaketa 2012ko martxoaren 31 eta apirilaren 1ean izango da eta aurrekoetan bezala, hainbat euskal dantza talderen emanaldia --komunitate osoari begirako ikuskizuna-- herriko San Martin Plazan gauzatuko da. Hona programaren xehetasunak eta voucherren prezioak.

Cañuelas, Argentina. Ehunka dantzari biltzen dira urtero Cañuelas herrian, bertoko euskal etxeak gonbidaturik. Topaketa bertako euskal erakundeak Aberri Eguna ospatzeko egiten dituen ekitaldien barne dago, erromeria eta igandeko bazkariarekin batera. 

Denak Bat euskal etxetik EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez, larunbat goizean hasiko dira biltzen neska-mutilak Smata-ko instalazioetan eta bazkaldu ondoren, arratsaldeko 5ak aldera euskal etxera abiatuko dira 6:30etan kalejirarekin hasteko. Dantza eginez eta abestuz helduko dira San Martin Plazara eta bertan prest egongo den oholtza gainean izango da dantza emanaldia. Ikuskizuna bukatzean, erromeria ospatuko da euskal etxeko egoitzan. Beti bezala, Argentinako beste leku batzuetatik helduta parte hartuko duten dantzari eta delegazioen ostatua Smata-ko instalazioetan izango da eta jaia igande eguerdian, eta erreki batekin bukatuko da. 

Vaucherren prezioari dagokionez --larunbateko bazkari eta erromeria, ostatua, eta igandeko gosari eta bazkaria-- 230 pesokoa izango da dantzari eta taldeetako zuzendarientzat (gehienez bi zuzendari) eta 250 pesokoa laguntzaileentzat. Gogoratu hitzordua martxoaren 31eta apirilaren 1ean dela.

-Informazio gehiago eskuratu edo izena emateko, helbide hauetara idatzi: margaita18@yahoo.com.ar edo vetcanuelas@yahoo.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia