euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelaseko Denak Bat EEak jaia aurreratu eta joan den asteburuan egin zituen San Juan erromeria eta su festa

2007/06/20

Sorginak eta Lantzeko Ihauteriko pertsonaiak Denak Baten kalejirako protagonista izan ziren (argazkia CañuelasEE)
Sorginak eta Lantzeko Ihauteriko pertsonaiak Denak Baten kalejirako protagonista izan ziren (argazkia CañuelasEE)
Cañuelaseko Euskal Etxeak San Juan gauean egin ohi den sua aurreratu egin du aurten eta joan den larunbatean, ekainaren 16an, egin zuen jaia. Cañuelaseko herrikideak bertan parte hartzera gonbidatuta zeuden eta arratsaldeko sei t'erdietan, iluntzen ari zela jada (sasoin honetan Hego hemisferioan egunak laburragoak izaki), kalejira handi batek herriko kaleak zeharkatu zituen, jendea festara deituz. Jai giro eta musika artean ibili zuten bidea sua egin behar zen lekuraino, Alem eta Juárez kaleen arteko bidegurutzean. Bertan hasi zen gauaren parte magiko eta zirraragarriena.

PUBLIZITATEA

Denak Batek antolatu zuen kalejirak jende ugari bildu zuen, tartean 'sorgin' talde bat eta Lantzeko Ihauterietatik ateratako pertsonaia ugari. Musikak eta jauziek lagundu zuen kalejiraren bide osoa, eta Cañuelaseko Avenidatik kolorez betetako ikuskizuna osatu zuten. Alem eta Juarez kaleko bidegurutzera helduta, elkarteko kideek eginiko panpina erretzeko prestatu ziren. Suak sortu zuen giro berezian murgilduta, Denak Bateko dantza taldeak eta herriko kultur taldeetako dantzariek erakustaldia eskaini zuten.

Bertaratu ziren Cañuelaseko herritarrek ere partehartze aktiboa izan zuten jaian. Asko beraiek eginiko panpinekin agerru ziren, Euskal Etxearen San Juan suan erre eta gurariak eskatzeko. Suaren erritua bukatuta, kalejira Euskal Etxera bueltatu zen eta erromeria handi bat egin zuten bertan. Elkarteko tabernak edariak, jaki tipikoak eta pintxoak eskaini zituen, besteak beste. [Ezkerreko irudian Denak Bat Euskal Etxeak antolatu zuen kalejiraren une bat (argazkia CañuelasEE)]

Euskal Etxeko kideek inguruetako euskal elkarteen zenbait ordezkari izan zituzten lagun ekitaldian. Besteak beste, Cañuelasera etorri zirenen artean Toki Eder José C. Pazeko Euskal Etxeko lehendakaria, Horacio Marotto Etxezahar, eta Maria Angeles Oñederra elkarteko idazkaria. San Juan Gaueko ekitaldiak datorren asteburuan jarraituko dute, berez dagokien egunean, besteak beste Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean egingo den Sorgin Afariarekin.

[Denak Baten kalejira eta jaian parte hartzeko gogo biziz etorritako bisitariak erakarri zituzten sorginek (argazkia CañuelasEE)]


Lotura interesgarriak

Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxearen webgunea
www.geocities.com/canuelasdenakbat

'Denak Bat'ek Zuzendaritza Batzordea berritu zuen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 2an

Buenos Aires probintziako dantzarien bilkura Cañuelasen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 5ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia