euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelas hiriaren 195 urteurrenean partaide, Denak Bat-ek Aberri Eguneko ospakizun xehetasunak jakinarazi ditu

2017/02/07

Euskal standa, Cañuelas hiriaren 195. urteurrenean
Euskal standa, Cañuelas hiriaren 195. urteurrenean

Aberri Eguna ospatzeko Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Dantzari Topaketa apirilaren 8 eta 9an izango da aurten. Nobedadeen artean, gazte batzuek Euskal Etxeko familien etxeetan hartu ahal izango dutela ostatua voucherren prezioa apaldu ahal izateko. Berri honekin batera, Denak Batetik jakinarazte digute hiriaren urteurren egunean euskal stand bat jarri zutela herriko plazan, bertako euskal gizataldearen ordezkari.

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Urtero bezala, Aberri Eguneko Dantzarien Topaketan parte hartzeko gonbitea luzatzen die Cañuelasko Denak Batek Argentinako euskal etxeei. Hitzordua aurten, apirilaren bigarren asteburuan izango da, larunbat arratsaldean hasiko den ohiko programarekin: kalejira, dantzaldia San Martin Plazan eta ondoko erromeria Daniel ‘El Jopo’ Galfredoren emanaldiarekin; eta igandean, despedida afaria.

Prezioari dagokionez, dantzari, taldeko zuzendari eta laguntzaileentzako voucherrak 600 peso balio ditu, larunbateko afari eta erromeria, ostatua SMATAn, igandeko gosaria eta despedida bazkaria barne. Hala eskatzen duten ordezkaritzek, baina, prezio apalado bat lortzeko aukera izango dute. Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i azaldu zaionez, “gazte batzuk –talde bakoitzaren %20a– Euskal Etxeko familien etxeetan geratu ahal izango dira eta horiek 300 peso gutxiago ordaindu behar izango dute”. Helburua, parte hartu nahi duen inor kanpoan ez uztea.

Larunbateko bazkarian parte hartu nahi izanez gero, 70 peso gehitu beharko zaio prezioari. Arratsaldeko emanaldian aritzeko, “talde guztiek dantza bana aukeratu behar izango dute" eta euskal etxeko erreferente batekin etorri, gogorarazten dute Topaketaren antolatzaileek.

Informazio gehiago jasotzeko edota erreserbak egiteko bideak hauek dira: idaztea margaita18@yahoo.com.ar helbidera edota 02226 515135 telefono zenbakira deitzea. Izena emateko epea martxoaren 24an bukatuko da. Dantza eta musika bidaltzeko, berriz, vetcanuelas@yahoo.com.ar behar da idatzi edo 02226 15606028 zenbakiarekin komunikatu.

Hiriaren 195. urteurrena

Urtarrilaren 22an Cañuelas hiriaren 195. urteurren jaialdian hartu zuen parte Denak Bat Euskal Etxeak. Festak autoritateak, herriko hainbat erakundetako ordezkariak eta herritarrak bildu zituen eta Argentinako, probintziako eta udaleko banderen mastaratzearekin hasi zen.

San Martin plaza inguruan, desfileak eta dantza folkloriko argentinar erakustaldiak eskaini ziren. Plazan ere, euskal standa jarri zuten Cañuelasko Euskal Etxeko lagunek jaiarekin bat egiteko. Publiko ugari hurbildu zen standera, tartean, hiriko alkatea den Marisa Fassi.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia