euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bukatu da Rio Cuartoko FEVAren barnetegia; 15 egun euskara hutsean Argentinako bihotzean

2011/02/01

Rio Cuartoko barnetegiko irakasle eta ikasleak (argazkia RioCuartoEE)
Rio Cuartoko barnetegiko irakasle eta ikasleak (argazkia RioCuartoEE)
Larunbatean bukatu zen Cordoba probintzia argentinarreko Rio Cuarton FEVAren 2011ko udako barnetegia, 'Gure Ametza' Euskal Etxeak antolaturik. Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo euskal etxeetako euskara irakasleentzat ikastaro trinkoa izan dira barnetegiaren bi asteak: lan asko eta ikasteko eta trukatzeko esperientzia asko. Alta, aspaldiko lagunak berriz ere ikusteko aukera aparta ere izan da, eta, batez ere, egunean 24 orduz euskara hutsean bizitzeko aukera. Partaide askok euren oporrak baliatu dituzte barnetegian egon ahal izateko, Hego Ameriketako diasporan euskararekiko dagoen engaiamenduaren seinale. Eskerrik asko!

PUBLIZITATEA

Rio Cuarto, Argentina. FEVAren 2011ko udako barnetegia (uda baita hego hemisferioan) larunbatean bukatu zen Rio Cuarton, barnetegiko ikasleek eta irakasleek eta Gure Ametza Euskal Etxeko bazkideek egin zuten lagunarteko afari batekin. Barnetegiko ikastaroko gidari honakoak izan ziren: Jose Francisco 'Kinku' Zinkunegi, HABEren Euskara Munduan programaren koordinatzailea; Jon Urdangarin (Lazkako Maizpide Euskaltegiko irakaslea), Buenos Airesko Gabriel Arce euskara irakaslea eta Gabriela Mendia, FEVAko euskara arloko idazkaria.

Ikasleak Argentina, Uruguai, Txile eta Brasildik etorritako 22 lagun izan ziren; bakoitza bere euskal etxean euskara irakaslea. Hauek izan ziren: Elizabet Etchegaray (Azul, Argentina) Maria Amelia Dadet (Bragado, Arg.), Marta Invernoz (Chivilcoy, Arg.), Noé Fernández Brizuela (Córdoba, Arg.), Juana Zubizarreta (Cnel. Pringles, Arg.), Cecilia Belaunzaran (Mendoza, Arg.), Alejo Conti (Rosario, Arg.), Paulina Lorda (Saladillo, Arg), Alejandra Bengoechea (Trenque Lauquen, Arg.), Mario Azcarate (Viedma, Arg.), Beatriz Etchegaray (Viedma, Arg.), Silvia Reca (Viedma, Arg.), Gustavo Echandia (Río Cuarto, Arg.), Ignacio Gandara (Viña del Mar, Txile), Alvaro Montes de Oca (Santiago, Txile), Gustavo Ossa (Villa Alemana, Txile), Andrea Bella (Montevideo, Uruguai), Karina Fernández (Montevideo, Uruguai), Vicente de Lucia (Montevideo, Uruguai), Martín Zabalza (Montevideo, Uruguai), Oskar Goitia (Sao Paulo, Brasil) eta Karolina Salazar (Sao Paulo, Brasil).

 Barnetegi Río Cuarto 2011 (2)

[Kinku Zinkunegi, HABEren teknikaria, FEVAren udako barnetegiaren klase batean (argazkia RioCuarto EE)]

Barnetegi Río Cuarto 2011 (3)

[Argentina, Brasil, Uruguai eta Txileko ikasleak, adi-adi, barnetegiko klasean (argazkia RioCuartoEE)]

Pintxoak eta aisia

Barnetegiko hamabost egunak lanez lepo igaro dituzte ikasleek, klase, ariketa, mintzapraktika eta esperientzia trukaketak eginez. Eta, batez ere, egunean 24 orduz euskara hutsean biziz. Hala ere atsedenerako tarterik ere izan zen Rio Cuarton. Adibidez, ostiralean ikasleak 'Gure Ametza' euskal etxeko sukaldean sartu eta Roman Agirrezabal bazkidearen esanetara jarri ziren, pintxoak prestatzen ikasteko. Lanak bere ordaina izan zuen eta afalorduan pintxo guzti horiek dastatu egin ahal izan zituzten, elkarteko beste kideekin, lagunarte ederrean.

Barnetegi Río Cuarto 2011 (4)

[Lezio eta lezio artean mokautxo bat: pintxo dastaketa prestatu zuten ikasleek 'Gure Ametza' Euskal Etxean (argazkia Rio CuartoEE)]

Aisialdiko beste une bat igandeko egun librean, urtarrilaren 23an, ikasleek Alpa Corral herrira egin zuten txangoa izan zen. Alpa Corral Rio Cuartotik 70 kilometrotara dago eta bertan ikasleek atsedena hartu eta argentinar erreki tipikoa jan zuten.

 

Barnetegi Río Cuarto 2011 (5)

[Atsedena Alpa Corralen: barnetegiko ikasleek etenaldi bat egin zuten igandean eta mendiko herri honetan argentinar erreki tipikoa dastatzeko eta atseden hartzeko aukera izan zuten (argazkia Rio CuartoEE)]

Aintzatespenak eta itxiera

Aurtengoa izan da Gure Ametzak FEVAren barnetegia antolatzen duen lehen aldia, eta Rio Cuarto hiriak euskal etxearen ahalegina aintzat hartu eta eskertu egin nahi izan zuen. Horrela, hiriko Intendente Juan Jurek barnetegiko ordezkaritza bati harrera egin zion. Ordezkaritzako kide izan ziren FEVAko presidentea, Ricardo Basterra; HABEko teknikaria, Kinku Zinkunegi; 'Gure Ametza'ko ohorezko presidentea,  Imanol Bilbao, eta zuzendaritza batzordeko beste kide batzuk. Horrez gain, Cordoba probintziako gobernadorea, Juan Schiaretti ere, euskal etxeko eta FEVAko ordezkariekin bildu zen. Euskal Etxeak opari bat eman zion, Euskal Herria plaza egiteko lurra uztea eskertzeko.

Barnetegi Río Cuarto 2011 (6)

[EEko eta barnetegiko arduradunak Rio Cuartoko Intendentearekin (argazkia RioCuartoEE)]

Barnetegi Río Cuarto 2011 (7)

[EEko eta FEVAko agintariak oparia ematen Cordoba probintziako Gobernadoreari (argazkia RioCuartoEE)]

Barnetegia era bikainean bukatu zen, ikasle eta irakasleek euskal etxeko bazkideekin batera egin zuten afari herrikoi batekin. Afalostean esperientziaren balioespen baikorra egin zuten FEVAko presidenteak, HABEko Kinku Zinkunegik eta 'Gure Ametza'ko barnetegiaren arduraduna den Pablo Cufrék. Probintziako Nekazaritza Ministroa ere bertan izan zen eta opari bat eman zion HABEko arduradunari, cordobatarren esker onaren seinale.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia