euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxeak 117 urte bete zituen atzo; Norma Riosen artikulua kari horretara

2012/04/02

Marrazkian, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxearen aitzinaldea.
Marrazkian, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxearen aitzinaldea.
Buenos Aires hirian, urtebetetze eguna zuten hiriko euskaldunek atzokoa, apirilaren 1ean bete baititu 117 urte hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxeak, sortzez Centro Vasco Frances izena hartu zuenak. Kultura arloko militantea izateaz gain, Norma Rios da elkarteko egungo idazkaria. Urtebetetzearen karietara artikulua idatzi digu, gogoeta eginez 117 urteko bizitza luzea duen erakundeaz.

PUBLIZITATEA

Norma Rios, Buenos Aires. Atzo igandea, apirilaren lehena, 117 urte bete dira Iparraldeko euskaldun talde bat, ohi zuen bezala Almagro auzoan Jean eta Pierra Hourcaderen larrugintza enpresaren lekuan bildurik, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea, edo sortzez Centro Vasco Frances izena hartu zuen euskal etxea, abiatzea deliberatu zuenetik. Euskal Etxe hura biltzeko leku bilakatuko zen, pilotan eta musean aritzeko leku eta ororen buru Euskal Herri txiki bat, atzean utzitako sortetxe, sorterri eta lur maitearen oroitzapena atxiki eta euskal usadio eta kultura biziarazi eta biziberrituko zuen lekua.

Lehenengo euskaldun haietarik gehientsuenak auzoak izanak ziren partitu aitzin, herri edo eskualde berekoak. Sortu zuten etxe berrian ixtorio frango pasatu zuten, garai onak eta ez hain onak, konparazio itsasoz bestaldean gerlak nagusi  zirelarik.

Ez dira 117 urte gutxi; ibilbide luzea da, eta gaur, guk, amets hura egitate bilakatu zuten euskaldun haien ondorengo garen argentinarrok, haiek erein hazia, egun arbola dena, ureztatzen eta zaintzen segitu nahi dugu, ohoratuz haien izena eta izana, haiek irakatsi ziguten bidea atxikiz, pentsaturik uros eta pozik litaikeela ikusirik hainbeste urteren buruan segitzen dugula atxikiak izaten, gure erroak eta gure kultura aitzinaraziz haiek sortu elkarte berean.

Ehun urte aspaldi bete zituen elkartea da gurea eta bere sorrera eragin zuten ideia eta xedeek aurrera diraute, egungo bazkideok segitzen baitugu egunero lanean, gure arbasoek pasa ziguten Euskal Herria maitatzeko eta euskaldun segitzeko sentimendua gauzatzen eta hedatzen.

Lerro hondar hauek baliatu nahi ditut gogora ekartzeko gure euskal etxeko 'alma mater' izaten segitzen duen pertsona bat, Michel Iriart; 92 urte baditu ere gure ondoan segitzen baitu, lagun euskal etxean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia