euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesen eta Concordian tailerrak eman ondoren Corpus Christira iritsiko da bihar Patxi Perez

2016/10/20

Patxi Perezek Buenos Airesko Eusko Kultur Etxean hasi du 2016ko bira, urriaren 14 eta 15ean
Patxi Perezek Buenos Airesko Eusko Kultur Etxean hasi du 2016ko bira, urriaren 14 eta 15ean

PUBLIZITATEA

Geldialdi askotako bira egiten ari da egun hauetan Patxi Perez euskal dantza irakaslea Argentinan zehar. Ibilaldiak Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxean hasi eta Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxean jarraitu du; bietan bi eguneko tailerrak eskaini zizkien erakundeetako kide eta dantzariei. Programarekin jarraituz, Misiones probintziako Corpus Christi herrira iritsiko da bihar eta han, herriko lagunak ez ezik, Posadaseko dantzariak ere bilduko zaizkio.

Buenos Aires, Argentina. Iaz emandako hitza betetzen eta EKE-Euskal Kultur Erakundeak emandako laguntzari esker, aurten ere Argentinako hainbat euskal etxe bisitatuko ditu Patxi Perez dantzari eta txistulari lapurtarrak. Bidaia joan den astean hasi zuen eta azarora arte luzatuko da, mila kilometro eta hamaika tailer egin ondoren. Asteburu honetan, Corpus Christiko Euskal Etxeak jasoko du dantzariaren bisita. Bertan Posadasko dantzariek –agian Chacokoek ere– bat egingo dute Corpus eta San Ignacioko lagunekin tailerretan parte hartzeko. Iazko ibilaldian ez bezala, gainera, azaroaren 3an ‘Patxi eta konpainia’ taldea osatzen duten Mikel Perez, Pat Teteuide, Jimmy Arrabit eta Pampy Gerard musikariak ere argentinaratu eta hortik aurrera talde osoa mugituko da euskal etxez etxe eskolak eskaintzen. Behin Euskal Astea bukatuta, Perez Euskal Herrira bueltatuko da eta musikariek hartuko diote lekukoa.  Azaroaren 20ra arte eurak arduratuko dira biraz.

Hona, biraren programa osoa, data gutxi batzuk baieztatzeke:

Patxi Perezek emango dituen tailerrak:

Urriaren 21, 22 eta 23an, Corpus Christiko Eusko Etxean
Urriaren 29 eta 30ean, Cordoban-Mendozan (baieztatzeke)

Patxi eta konpainia:

Azaroaren 3an, Buenos Aireseko Jorge Donn 2 zenbakidun Dantza Eskolan
Azaroaren 5ean, Buenos Airesko La Usina del Arte Kultur Gunean (baieztatzeke)
Azaroaren 7an, Llavallolgo Euskal Echea Eskolan
Azaroaren 8 eta 9an, Tres Arroyosko Hiru Erreka Euskal Etxean
Azaroaren 11, 12 eta 13an, Necochean

Patxi eta konpainia taldeko musikariak:

Azaroaren 14 edo 18an, Barilochen
Azaroaren 19 eta 20an, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkartean (baieztatzeke). Bisita hau Aitor Alavarekin egingo lukete

Patxi Buenos Aires eta Concordian

Patxi Perezen 2016ko bira Argentinako hiriburuan hasi zen joan den asteburuan, Eusko Kultur Etxean emandako tailerrarekin. 30 bat lagunek hartu zuten parte komunitateari begirako ekintzan eta balantzea erabat ona izan da. Aitor Alava Ekin Dantzari Talde anfitrioiaren zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “tailerra aukera bikaina izan da euskal kulturan eta batez ere euskal folklorean sakontzeko. Horrez gain, eta Patxiren esanetan, oso baliagarria izan da Ekin Dantzari Taldeak daukan maila ona baieztatu eta areagotzeko”.

Honako dantza hauek irakatsi eta dantzatu ziren tailerrean: Muxikoa, Larraburu, Hegi eta Azkaindarrak jauziak; Bralia kontrapas, Axuri beltza, Arizkungo gaita, Garaziko kontradantzak, Fandango eta Arin arin; eta Dantza pikoen artean, Rondo eta Reel izenekoak.

Tailerra bukatu eta gero, Ekin Dantzari Taldeko sukaldariek mota askotako pintxoak prestatu zituzten bisitaria eta parte hartzaileak gonbidatzeko. Afalostea berandu arte luzatu zen hainbat euskal zein argentinar dantza artean.

Urriaren 17tik 19ra Patxi Perez Entre Rios probintziako Concordia hirian izan zen, bertako Ibaiko Izarra Euskal Etxeak gonbidatuta. Astelehenean eta asteartean tailer bat eskaini zien erakundeko Gazte Lurra dantza taldeko kideei eta lehenengo eguneko lana bukatutakoan afaria partekatu zuen euskal etxeko lagunekin.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia