euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesen bizi izan zen Adela Bazo margolari nafarraren lana ikusgai Elizondoko Arizkunenean

2009/05/05

Adela Bazoren lanari buruzko webgunearen portada
Adela Bazoren lanari buruzko webgunearen portada
Elizondoko Arizkunenea etxean izango da ikusgai hilaren 15a arte 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' erakusketa. Bertan Cascanten jaio eta Buenos Airesen bizi izan zen margolariaren lana jasotzen da. Erakusketaren komisarioa Crisanto Ayanz izan da, Buenos Aireseko Nafar Etxeko presidentea. Bazo elkarteko kide izan zen eta Ayanzek lan eskerga egin du bere lana gorde eta Nafarroako Museoan jasotzearen alde. Elizondoko egonaldiaren ostean erakusketa Corellan izango da hilaren 16tik 31ra. Bertaratu ezin dutenentzat Nafarroako Gobernuak Adela Bazoren lanari buruzko webgunea sortu du sarean.

PUBLIZITATEA

Elizondo, Nafarroa. Apirilaren 21etik eta maiatzaren 15a arte ikusgai da Elizondoko Arizkunenea etxean 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' erakusketa. Nafarroako Gobernuak sustatu du erakusketa hau eta azken hilabeteetan Erresuma Zaharreko hainbat herritan izan da ikusgai, foru komunitateko kultur ondarea eta Ameriketako nafar emigranteen historia eta ekarpena ezagutzera emateko helburuarekin. Erakusketak joan den urrian hasi zuen ibilbidea, Bazoren jaioterria den Cascanten, eta hil honen 31an bukatuko da Corellan.

Erakusketaren komisarioa Crisanto Ayanz da, Buenos Aireseko Nafar Etxearen presidentea. Adela Bazo elkarte honetako kidea izan zen Argentinan bizi izan zen urteetan eta Ayanzek ahalegin handia egin du  haren lana gorde eta ezagutzera ematen. Erakusketa prestatzeko, Nafarroako Museoak duen Bazoren ehun margolanen bildumako 30 lan zaharberritu egin behar izan dituzte. Erakusketako lanekin katalogo bat argitaratu du Nafar Gobernuak, Carlos Olivera Avellaneda historialaria eta Andrés Waissman artista argentinarrak partaide. Erakusketa zuzenean ikusteko aukera izango ez duten lagunentzako Nafar Gobernuak mikro-site osatu bat sortu du.

Cascantetik Buenos Airesera

Adela Bazo Cunchillos 1905eko otsailaren 20an jaio zen Cascanten, gurasoak --orduan Donostian bizi ziren cascantearrak-- hala nahita. Bere familia Madrilera joan zen bizitzera eta bertan Zientzia Zehatz ikasketak egin zituen Unibertsitate Zentralean. Matematika irakasle izan zen hiriburu espainiarreko Lope de Vega Institutuan. Hala ere gazterik hasi zen Arte munduan eta 1930erako katalogatuak zituen lehenengo lanak. 1944ean Arte Ederretako Erret Akademiak Cartagenako Kontearen beka eman zion eta horri esker atzerrian arte ikasketak egiteko aukera izan zuen. Urte bete beranduago Arte Ederretako Erakusketa Nazionaleko hirugarren domina eskuratu zuen "Paisaje gallego" lanarekin. Nekazal munduko eta portuetako paisaiak ziren bere lanaren ardatza, baina erretratuak, natura hilak eta irudi erlijiosoak ere margotzen zituen.

1948ean Buenos Airesera joan zen bertan bizi zen Manolo anaiarekin egotera eta Antonio Cunchillos osabak utzi zien jarauspena jasotzera. Argentinan Mar del Plata eta Buenos Aireseko Boca auzoko margo asko egin zituen eta baita ere espainiar diplomatikoen erretratuak. Karibeko herrialdeen II Bienal Espainiar Amerikarrean parte hartu zuen. 1989an hil zen Buenos Airesen.

1949 eta 1979 artean, Adela Bazok dozena bat erakusketa egin zituen Buenos Airesen eta  Montevideon eta bere lana hainbat herrialdetako bildumetan dago, tartean Kanada, AEB, Kolonbia, Venezuela, Uruguai, Portugal, Argentina, Espainia, Frantzia, Italia, Norvegia, Danimarka, Portugal, Alemania eta Erresuma Batua.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia