euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeko kideek ere bere egin dute Herri Urrats-en 'Gu ere lakuko!' leloa

2011/05/18

Buenos Airesko Herri Urrats jaian parte hartu zutenek beren ur-tantak eraman zituzten "Senpere Lakura"
Buenos Airesko Herri Urrats jaian parte hartu zutenek beren ur-tantak eraman zituzten "Senpere Lakura"
Joan den maiatzaren 14an --Euskal Herrian baino astebete berantago-- eta azken urte hauetako ohiturari jarraituz, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeak Herri Urrats jaiaren bere bertsioa egin zuen Argentinako hiriburuan. Berrogei bat lagun bildu ziren Moreno kaleko euskal egoitzan eta ur-tanta eskuan, lurrean margotutako “Senpere Lakuan” murgildu ziren. Horrela, janari ona eta jolasen eta dantzen bidez, euskaltzale argentinarrek ere fier ospatu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Ipar Euskal Herriko ikastolen alde urtero Senperen egiten den Herri Urrats festak bere jarraitzaile fidelak ditu Buenos Airesen. Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Moreno kalean dagoen euskal etxeak ateak ireki dizkie Iparraldean euskara bultzatzeko asmoa duen jai honetan parte hartu nahi izan dutenei.

Herri Urrats 2011 Iparraldeko euskal etxean 2011 01

[Berrogei bat lagun bildu ziren Iparraldeko Euskal Etxean Herri Urrats jaia ospatzeko]

Festa gaueko 9.30etan hasi zen, egoitzako kintxoan. Heldu bezain laster, gonbidatuek Cristina Cordarak prestatutako pintxo goxoak dastatzeko aukera izan dute. Testuinguru honetan, erakundeko Kultura Azpibatzordeko kide den Mariana Arlak ongietorria eman zion bildutako jendeari eta jaiaren esanahia eta helburuak azaldu zituen.

Herri Urrats 2011 Iparraldeko euskal etxean 2011 02

[Cristina Cordarak prestatutako pintxoak]

Antolatzaileek ekintza sorta prestatu zuten afalosterako. Hasteko, gonbidatu bakoitzak bere izena idatzi zuen paperezko "ur-tanta" batean eta tantak, jolasteko fitxa bihurtu ziren. Carlos Martinezek trinketearen zoluan margotutako “Senpere lakuan” zehar ibili ziren jokalariak, galderak erantzuten.

Ondoren, partaidek hemengo eta hango musikak nahasten zituen lehiaketa batean hartu zuten parte eta segidan, eta Norma Riosen eskutik, Iparraldeko dantzak gailendu ziren euskal etxeko trinketean.

Herri Urrats 2011 Iparraldeko euskal etxean 2011 03

[Galdera-erantzun jolas baten bidez “Senpere Lakuan” zehar ibili ziren gonbidatuak]

Jolasen irabazleek bi botila ardo apardun eskuratu zituzten; horretaz gain, Riosek berak prestatutako zurrakapotea ere edan dute Iparraldeko Euskal Etxera bertaratu ziren lagunek. Jaia goizeko ordu biak arte luzatu zen eta amaitzeko, zozketa egin zen gonbidatuek Juan Carlos Ibarrolak egindako oroigarri bat eraman ahal izan zezaten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia