euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxeak urteko lehenengo seihilerako egitaraua luzatu dio komunitateari

2012/02/28

Eusketxek garatutako hainbat ekintza (argazkia EE)
Eusketxek garatutako hainbat ekintza (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Hainbat euskal kultur adierazpen landu eta garatuko dira 2012 honetan Eusko Kultur Etxean. Maria Elena Etcheverry lehendakariaren eskutik, euskara, dantza, gastronomia eta Euskal Herriko kulturari berari buruzko tailer eta klaseak eskainiko dira. Eusketxek, bestalde, gonbite berezi bat egiten die artista plastikoei bere egoitzako aretoan erakusketak gauzatzeko. “Euskal Nortasuna” izeneko argazki lehiaketa batean ere parte hartzeko deialdia luzatzen die instituzioak argazkizaleei.

Buenos Aires, Argentina. Ekitaldi programa zabal bati ekingo dio aurten Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxeak. Argentinar hiriburuko Mexico kaleko etxean aktibitate anitz bilduko dira, guztiak Euskal Herriko giroa birsortzeko asmoarekin, Buenos Aires erdigunean. Euskal erakundeak gogorarazten du proposamen hauetan parte hartzeko, Eusketxeko kide izan behar dela; gutxieneko kuota 10 pesokoa da.

- Euskara klaseak: astean behin emango diren hiru orduko eskolak ordutegi hauetan izango dira: 1. urratsa, asteazkenetan iluntzeko 6etatik 9etara; 2. urratsa, astelehenetan iluntzeko 6etatik 9etara; 4. urratsa, larunbatetan ordu bietatik 5etara. Eskaintza honez gain, Eusketxek banakako klaseak ere emango ditu. Eskolak ikaslearen kontura izango dira eta ordutegia harekin adostuko da. Kasu honetan urteko matrikula 40 pesokoa da eta hileko kuota, 30koa. Materiala aparte ordainduko da, 35 peso inguru urte osorako.

- “Euskal Nortasuna” argazki lehiaketa: Argentinan eta mundu osoan euskal irudiak aurkitzea da lehiaketaren helburua. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 1etik apirilaren 20a bitartekoa izango da, eta irabazlea hautatzeko bozketa erakusketa irauten duen bitartean egingo da, esan nahi baita maiatzaren 1etik ekainaren 22ra. Sari banaketa San Juan eguneko ospakizunean egingo da, ekainaren amaiera aldera. Informazio gehiago edo lehiaketaren oinarriak eskuratzeko, ikus Eusketxeren bloga, www.eusketxe.blogspot.com.

- Euskal dantzak tailerrak: “15 eta 95 urte baldin badituzu, dantza egiten baduzu, inoiz egin baduzu, edo inoiz egin ez eta egin nahi baduzu, euskal dantza tailerrean parte hartzeko inskripzioa irekita dago”, dio Eusketxek luzatutako gonbiteak. Klaseak Mexico kaleko egoitzan izango dira, Aitor Alava dantzari eta zuzendaria arduradun. Ez da aldez aurretik ezer jakin behar eta hileko kuota 20 pesokoa da.

- Ekin Dantzari Taldeko kide izateko deialdia: Eusko Kultur Etxeak eta Ekin Argitaletxeak Ekin Dantzari Taldean parte hartzeko gonbitea luzatzen dute. Aitor Alavaren zuzendaritzapean, proposamenaren helburua Euskal Herriko dantza taldeen maila bera lortzea da, eta horretarako interesatuei benetako engaiamendua eskaintzen die interesatuei. Ez da aldez aurretik ezer jakin behar baina deialdia bereziki momentu honetan Buenos Airesen bizi diren barrualdeko euskal etxeetako dantzariei dago zuzenduta. Musikariak ere ongi etorriak dira proiektuan. Klaseak larunbatetan izango dira, arratsaldeko 5etatik 7etara.

- “Sukaldaritza… plater bat baino askoz gehiago”: Gastronomia tailerreko arduradunak azaltzen dutenez, “tailerraren izena ez da kointzidentzia hutsa. Izan ere, plater tipikoak eta teknikak bai, baina janari eta geografia eta historiaren arteko harremanak ere ikasiko dira gune honetan, Maria Elena Etcheverry koordinatzaile. Tailerraren baitan zortzi klase egingo dira urtean zehar eta bakoitzean hiru errezeta (hasierako platera, plater nagusia eta postrea). Azken elkarretaratzean, berriz, mota askotako pintxoak prestatuko dira. Aktibitatean parte hartzeko 40 peso ordaindu behar da klasero.

- Ardo dastaketa: apiriletik aurrera Ardo Dastaketa ziklo bat hasiko du Eusketxek. “Bertoko produktuez gozatuz Euskak Herriko kulturan parte hartzera gonbidatzen zaitugu”, dio Eusko Kultur Etxearen proposamenak. Mexico kaleko etxean, Mª Florencia Bernales sommelier-ak mota ezberdinetako ardoak arkeztu eta Argentina eta Euskal Herriko ardoen arteko loturak azalduko ditu sei hitzaldiko zikloan. Aktibitatean parte hartzeko 50 peso ordaindu beharko dituzte etxeko kideek (70, kide ez direnek) elkarretaratze bakoitzean.

- 'Euskal Herria ezagutzen hasteko tailerra': Mariana Fernandez Castelliren eskutik, euskal kulturari buruzko oinarrizko kontzeptuak landuko dira zortzi klaseko ikastaroan. Ekintza doain da eta aztertuko diren gaiak hauexek izango dira:

1 Kontzeptu hauen azalpena: Euskal Herria, Euskadi, Estatua, Nazioa, lurraldetasuna eta autodeterminazioa
2 Euskal Herriko lurraldeak eta gaur egungo zatiketa politiko-administratiboa 
3 Sinbolo eta ikurrak: lauburua, ikurriña, Gernikako Arbola, eguzkilorea, Zazpiak bat
4 Euskal Herriaren aurkezpena bere historiaren bidez
5 Populazioa eta ezarkuntzaerak. Harri Aroaren aztarnak, nekazaritza, baserria, nekazaritza herriak, hiri handiak
6 Erakunde tradizionalak: Biltzarrak, Batzar Orokorrak eta Auzolana
7 Geografia: mendiak eta haranak; kosta; ibaiak; klima eta ingurumena
8 Jarduera ekonomikoak: nekazaritza, abeltzantza, merkataritza eta zerbitzuak. Lanbidearen eta kirolaren arteko harremana; joko tradizionalak
9 Adierazpide tradizionalak. Euskal dantzak. Euskara: ezaugarriak eta euskal nortasun zeinu bezala duen garrantzia
10 Emigrazioa: euskal emigrazioaren arrazoiak eta emigranteak kokatu ziren lekuak. Euskal erkidegoaren erakundeak Argentinan.

- Eusketxeko Arte Galeria: euskal komunitateko artista plastikoei – baita bere lagun eta senideei ere -- zuzendutako deialdia. Euskal jatorririk ez duten, baina euskal gaiak lantzen dituen artistei ere helarazten zaie gonbitea. Lanak Eusketxera bidali behar dira martxoaren 1etik maiatzaren 30era arte. Aurkeztu behar den materiala, hauxe da: lanaren 10 irudi, lanaren azalpena, egilearen curriculum vitae-a (izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia barne). Erakutsiko diren lanen hautaketa telefonoz eta e-mailez ezagutaraziko da. Lanak Eusketxeko aretoan erakutsiko dira, hilabete batez. 

Eusko Kultur Etxeak eskertuko du bere ekintzen berri lagunen artean zabaltzea eta animatzen ditu oraindik kide ez direnei erakundera hurbildu eta izena ematea. Bide batez, jakinarazten du kuota soziala ordaintzeko erraztasunak eskaintzen dituela: ordaina Mexico kaleko 1880 zenbakian egin ahal da edo banketxean: Casa de la Cultura Vasca. Cuenta Corriente N° 0300975/4 del Banco Francés- BBVA – Sucursal 329- CBU: 01703298 20000030097546.

Depositua egin ondoren, operazioaren datuak Eusketxera bidali behar dira e-mailez. Eusko Kultur Etxeko arduradunek eskertuko liekete InfoEUSKETXE buletina jasotzen dutenei iradokitzea zein gai eta ekintzak nahi luketen Eusketxek antolatzea.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia