euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boisera itzuli da Jone Goirigolzarri Garaizar, euskal gaien inguruko sinposioan parte hartzeko

2015/07/29

Pozarren dago Jone, bost urteren ostean, AEBetara itzultzeaz; modu horretan, doktoretza tesiaren zikloa zarratutzat jo du Deustuko Unibertsitateko irakasleak (Argazkia: J.G.G.)
Pozarren dago Jone, bost urteren ostean, AEBetara itzultzeaz; modu horretan, doktoretza tesiaren zikloa zarratutzat jo du Deustuko Unibertsitateko irakasleak (Argazkia: J.G.G.)

PUBLIZITATEA

Gaur eta bihar, Jaialdi 2015 programaren alsamenean, Boisen (Idaho, AEB) egingo den ‘Joan Etorri’ izeneko euskal ikasketa sinposioan hartuko du parte Jone Goirigolzarri Garaizar (Getxo, 1984) doktoreak. Berak defenditutako doktoretza tesiaren emaitzak aurkeztuko ditu bertan, bai eta lagunekin batu eta AEBetan urteak daramatzan Asueta familiarekin biziz. EuskalKultura.com-i esan dio “oso pozik" dagoela berriz ere hemen egoteaz. "(Doktoretzako) Proiektua CBSen idatzi neban, orain bost urte, eta tesia aurkeztera hona itzultzea ziklo bat ixtea modukoa da”.

Reno, AEB. Idahoko hiriburuko Micron Business and Economics-en eraikinean antolatuko dute ‘Joan Etorri: Going Forth and Going Back’ hitzaldi sorta, gaur eta bihar. Antolatzaileen berbatan, “bi urteurren ospatzen ditugu 2015ean: BSU unibertsitateko Euskal Herrian ikasteko programaren 40 urteak eta 'Amerikanuak' liburua argitaratu izanaren 40 urteak ere”. Horrexegatik, Atlantikoko bi aldeetatik etorritako ia dozena bi ikerlari izango dira konferentzian, beren lanak publiko orokorrari hurbilarazten.

Goirigolzarri Garaizarren ikerketak, EAEko alderdi politikoek 1980-2012 urte artean izandako hizkuntza politikak eta hizkuntza ideologiak aztertzen ditu. “Euskera, gaztelera eta atzerriko hizkuntzak programa ofizialetan zelan tratatu dabezan eta hizkuntza bakoitzari atxikitzen deutsiezan baloreak aztertu dodaz”, esan du Deustuko Unibertsitateko irakasleak.

Iñaki eta Gina Asueta

Doktoretza Tesiaren lehen urratsak AEBetan eman zituen , 2010. urtean. Hilabete luzea eman zuen Center for Basque Studies-en lanean eta Asueta familiak jaso zuen etxean, beren alaba balitz bezala.

Durangon jaio zen Iñaki Asueta eta 1974. urtean Floridara (AEB) joan zen, pilotari gisa. Baina frontoien giroa aldrebesten hasi zenean aurrera eta atzera ibili zen, hainbat hiri eta estatuetan barrena: Rhode Island, Reno, Las Vegas… Eta azken hiri horretako frontoia zarratu zutenean kirol mundutik erretiratzea deliberatu zuen.

Ezkondua zen ordurako euskal jatorriko Gina Goñi filipinarrarekin. 1978an joan zen AEBetara lehenbizikoz Gina eta, behin-betiko, 1980.ean. Orduan, Ginaren herrialdera lau hilabeterako joatea erabaki zuen bikoteak, Iñakik eta Goñitarrak elkar ezagutu zezaten.

Nafarroan jaio zen Ginaren aitona --Goñi herrikoa zela uste dute-- eta XX. mende hasieran abiatu zen Asiarantz. Hiru mende laurden beranduago ia, mendebalderako bidea hartu zuen Ginak eta hotel desberdinetan egin du lan ordudanik. Iñaki, bere aldetik, mehatzari eta eraikuntza lanetan jardun da urtetan. Erretiratuta dago orain, baina lanean jarraitzen du Ginak, oraindik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia