euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Oinkariko euskal dantzariak Gasteizen arituko dira gaur, Hendaia bisitatuko dute bihar eta Añorga etzi

2011/07/08

Bihar Oinkari eta Amuma Says No taldekoek Hendaiako Mutxiko dantza elkartearekin egingo duten jaialdi eta dantzaldiaren afixa. Doan da, Biriatuko Xoldon, eta 18:00etan hasiko da
Bihar Oinkari eta Amuma Says No taldekoek Hendaiako Mutxiko dantza elkartearekin egingo duten jaialdi eta dantzaldiaren afixa. Doan da, Biriatuko Xoldon, eta 18:00etan hasiko da
Azken txanpa falta zaie Boiseko (AEB) Oinkari dantza taldeko kideei Euskal Herrian barrena egiten ari diren bidaia bukatzeko. Oraindik ikusi ez dituenak, badu, haatik, oraindik aukera. Gaur Gasteizko Espainia Plazan arituko dira 20:00etan; bihar, ordu berean, Biriatun; eta igandean, euren azkeneko egunean, Añorgan, zazpietatik aurrera. Eta ez dira bakarrik ibiliko, tokian tokiko talde lagunez aparte, 'Amuma Says No' Boiseko euskal musika taldearen dantzatzeko erritmoak ere eskainiko baitituzte.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Ia berrogeita hamar pertsona lurreratu ziren joan den asteko larunbatean Boisetik etorriak. Euretatik zortzi 'Amuma Says No' banda euskal-amerikarreki kide dira, eta gainerakoak Boiseko Oinkari dantza taldeko kide eta dantzariak. Xehetasunak ezagutzen ez dituztenentzat, esango dugu Oinkari, joan den urtean 50 urte bete zituen Idahoko Boiseko dantza taldea dela, erreferentzia eta erakunde garrantzitsu bat Boisen euskal gizatalde barnean zein kanpoan. Azken mende erdian euskal komunitateak eman dituen buruzagi eta arduradun gazte guztiak Oinkariak izan dira, tartean, esaterako, Dave Bieter, Boiseko alkatea bera.

Aurtengoarekin taldea bost aldiz etorri da Euskal Herrira, Oinkariei hasiera eman zion lehenengo bidaia hura ere kontutan hartzen badugu. Taldeko kideak, ordea, etengabe ari dira berritzen eta, esaterako, aurtengoan etorritakoen artean, gehiengo handi bat aurrenekoz ari da bisitatzen Euskal Herria. Begiak zabalik begiratzen diote guztiari. Adin aldetik, gaztetxoak dira, oro har 15 eta 33 urte artekoak, 33 urte baitauzka zaharrenak, Nick Bicandik, mutilen taldeko zuzendariak; bera eta nesken zuzendaria den bere emazte Izar Iribarren Bicandi izango dira seguruenik zaharrenak taldean, adin-tarte nagusia 15-18 artekoa baita.

Oinkariekin, 'Ama Says No' taldea dator. Boisen euskal musika jotzen duen taldea da. Euren esku geratzen dira euskal jaietako berbena eta dantzaldiak, eta euskaraz kantatzen dute. Jill Aldape da euren kantari eta ikurra. Kasu honetan ere, taldeko sortzaileak ere, Oinkari ohiak dira; beraz, naturaltasunez bildu dira Oinkariekin Euskal Herrira bidaiatzeko.

Detaile polit moduan, zuzenean taldearekin bidaiatu gabe, baina egunez Oinkari-Amuma Says No espedizioarengana bilduz eta ekitaldietan partaide izanez, Lydia Jausoro dago, Jill Aldaperen amuma, eta taldearen izenak aipatzen duen amuma dena. 91 urte dauzka eta bizitasuna ezaugarrietako bat du. Ez du galdu nahi izan familiarekin eta Euskal Herria bere biloba eta lagunekin bisitatzeko aukera hau.

Orain artekoari buruz galdetu dio EuskalKultura.com-ek Teresa Franzoiari. Berez elkotarra (Nevada) da Teresa, baina Elkon ere dantzari zenez, orain Boisen bizi izanik Oinkarietara izena eman zuen euskara zinez ongi mintzo duen neska gazte honek. "Emanaldi guztiak eta bisitatu ditugun leku eta jende guztiak apartekoak izan direla behar dut esan, baina leku baten izena galdetuz gero, uste dut hunkigarriena, nire ustetan, eta bereziena Gernikakoa izan zela, taldeko familia eta asabetako asko eskualde horretakoak baitziren", esan digu duela urte batzuk, urtebete Euskal Herrian eman zuenean ikasle, EuskalKultura.com-eko kolaboratzaile izan zen Teresak.

Baina esan bezala azken emanaldiak dituzte asteburu artekoak bi talde euskalamerikarrok: Gaur, Gasteizen arituko dira, bihar Hendaia-Biriatun, eta etzi, azkenik, Añorgan. Hona ordu eta lekuak:

-Uztailaren 08an: Gasteizen, 20:00etan, Espainia Plazan
-Uztailaren 09an: Hendaian, 20:00etan, Biriatuko Xoldon
-Uztailaren 10ean: Añorgan, 19:00etatik aurrera

Gaur ostiraleko emanaldia, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren eskutik etorri da (bidaia hein handi batean Oinkariek berek egindako ekimenetan bildutako diruaz ordaindu badute ere, zati batean lankide izan dute Jaurlaritza) eta Julian Celaya Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzeko zuzendaria bertaratuko da. Biharkoa, berriz, Hendaiako Mutxiko dantzak antolatu du, iaz Boisen izan baitzen Mutxiko Oinkariekin, Jaialdi 2010 ekitaldiaren inguruan. Azkenik, igandea, Añorgako Arkaitz dantza taldeko lagunekin emango dute, hauek ere Boiseko Jaialdi festa erraldoiko zenbait ediziotan partaide izanak.

Euskal dantzak edota Diasporako euskaldunen gaia maite dutenek aukera ederra daukate baliatzeko, ez baita egunero gertatzen den gauza Oinkari bezalako Diasporako talde batek Euskal Herria bisitatzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia