euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Ikastolako umeentzako baserritar jantzi zaharrak biltzen ari dira Abadiñon

2014/03/31

Ander Cimas, Bagoaz Bidaiak agentziaren bulegoan. Bertan jasoko dituzte baserritar jantziak, gero Boiseko Ikastolara bidaltzeko (argazkia Iban Gorriti/Mugalari)
Ander Cimas, Bagoaz Bidaiak agentziaren bulegoan. Bertan jasoko dituzte baserritar jantziak, gero Boiseko Ikastolara bidaltzeko (argazkia Iban Gorriti/Mugalari)

PUBLIZITATEA

Boiseko Ikastolan irakasle den Maria abadiñoarrari esker sortu da ekimena. Mariak Ander Cimasi kontatu zion ideia, eta honek bere gain hartu zuen ideia eder hori gauzatzeko ardura. "Mariak esan zidanez Ikastolan baserritar jantziak behar dituzte, Gabonak eta Santa Ageda bezalako jaiak umeekin ospatzeko. Euskal Herriko etxe askotan horrelako jantzi zaharrak jasota edukiko zituztela bururatu zitzaigun eta agian norbait horiek ematera animatuko zela", azaldu du Anderrek. Biltzen diren arropak Boisera bidaliko dituzte eta han Ikastolako neska-mutilek urtero urtero erabiliko dituzte.

Abadiño, Bizkaia. Iban Gorritik Mugalari blogean eta Henar Chicok A Basque in Boise blogean argitaratu dituzten albisteei esker izan dugu Abadiñoko bidaia agentzia batek abian jarri duen ekimen honen berri. Ideia ederra dela uste dugu EuskalKultura.com-en, eta Diasporako beste euskal etxe eta elkarteentzako inspirazio iturri izan daitekeela. Oraingoan, ekimena abian jarri duen bultzada bi abadiñoarren arteko konexioa izan da: batetik, Maria, aurtengo Boiseko Ikastolako euskara irakaslea, eta Ander Cimas, Bagoaz bidaia agentziako zuzendaria.

Boisera bidaia bat antolatzen ari zela eta Mariarekin hitz egin zuen Anderrek eta Mariak Ikastolak dituen beharrak azaldu zizkion. Euskal Herritik kanpo dagoen haurreskola bakarra da Ikastola eta bertan 2-5 urte bitarteko neska-mutilek euskaraz ikasi eta jolasten dute. Anderrek laguntzeko zer edo zer egin behar zuela argi izan zuen. "Diasporako euskaldunei buruz hitz egitea asko gustatzen zaigu, harro harro diogu Argentinan, AEBetan badirela euskaldunak... baina gero, laguntzeko garaian gehiago kostatzen zaigu ezer egitea", esan dio Anderrek EuskalKultura.com-i.

Berak gainera, esker oneko zor bat omen du Diasporarekin. "Orain dela urte batzuk Québec-en izan nintzen frantsesa ikasten Trois Pistolesen, eta euskal etxean, euskal museoan... oso ondo hartu ninduten, euskalduna izateagatik. Boise da agian Diasporako lekurik ezagunenetakoa, baina Trois Pistolesen euskal museo bat dago eta pentsa, hango eskolako irakaslea, herriko alkatea ere zena, Ile-aux-Basques herrikoa zen!", gogoratu du.

30 bat traje behar

Boiseko Ikastolatik azaldu dutenez 30 bat baserritar traje behar dituzte umeentzako. "Euskal Herrian etxe batzutan jasota edukiko dituzte erabiltzen ez dituzte traje zaharrak, inork kasurik egin gabe. Nire proposamena da erabiltzeko asmorik ez badute Boiseko Ikastolari ematea jantzi horiek", esan dio Mariak Mugalari blogari. Irakaslearen esanetan pozarren hartuko dituzte han eta "belaunaldiz belaunaldi" zaindu eta erabiliko dituzte.

Baserritar jantziak eman nahi izanez gero, jo Bagoaz Bidaiak, agentziaren bulegoetara eta han jasoko dituzte (Txinurrisolo kalea, 6, behea, Abadiñoko Traña-Matiena auzoan). Informazio gehiago nahi izanez gero jarri harremanetan Ander Cimasekin, e-maila bidaliz info@bagoaz.com helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia