euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko euskaltzaleek kantuan eta lasterka sustatu zuten euskara: Korrika eta kantu-poteoko argazkiak

2012/05/08

Iaz bezala, Boiseko Euskal Etxetik atera zen Korrika Fun Run lasterketa. Partaideen artean, guztietarik, haur txikiak euren gurasoekin, baita Cathy Clarkson txistularia ere, eta euskal lepoko zeramaten zakurrak, euren jabeak laguntzen (argazkia IKortazar)
Iaz bezala, Boiseko Euskal Etxetik atera zen Korrika Fun Run lasterketa. Partaideen artean, guztietarik, haur txikiak euren gurasoekin, baita Cathy Clarkson txistularia ere, eta euskal lepoko zeramaten zakurrak, euren jabeak laguntzen (argazkia IKortazar)
Boiseko euskal komunitateak euskararen aldeko apustu sendoa egina du eta azken hilabeteetan ekitaldi ugari egiten ari da euskal hizkuntza hirian entzun eta ikus dadin. Lekukotasun hori eskaintzeko egin zuten, adibidez, joan den asteburuan, maiatzaren 4ean, Basque Block-eko euskal tabernatan barrena, 'kantu-poteoa', lagunarteko giro ederrean euskal kantuak protagonista izan zituen kantualdi eta poteoa. Eta duela bi aste, apirilaren 28an, Korrika Fun Run izeneko lasterketa: korrikalari talde bat Euskal Etxean bildu eta Boiseko kaleetan barrena lasterka ibili zen euskararen aldeko mezua zabalduz.

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Izaskun Kortazarrek, AEBetako euskal etxeen federazioko Euskara koordinatzaileak, azken asteetan Boisen egin diren euskararen aldeko ekitaldi batzuen argazkiak helarazi dizkigu. Duela bi aste, apirilaren 28an, 'Korrika Fun Run' izenekoa egin zen. Euskal Herrian AEKk bi urtean behin egiten duen lasterketaren bertsio boisetarra da eta bere helburua euskara Boisen ezagutzera ematea eta gizarteratzea da. Boiseko lasterketa honen bigarren edizioa izan da aurtengoa, eta antolatzaileek azaldu dutenez, urtero egitea da euren asmoa, bertan biltzen den dirua AEBetako euskara ikasleen eskolak laguntzea izanik.

Bigarren edizio honek korrikalari talde polita bildu zuen Euskal Etxera, handik abiatu baitzen lasterketa. Nork bere erritmoan bete zuen ibilbidea: batzuk korrika eta beste batzuk astiroago, oinez ere osteratxoa eginez. Azpimarragarriena, familiarteko giro ederra. Izan ere, gutxienez hiru belaunaldi bildu ziren bertara, eta partaideen artean gurasoak euren haur txikien karroak bultzatzen ikus zitekeen, adin ertaineko bikoteak, aiton-amona martxosoak, zakurrari euskal lepoko bat ipini eta korrika ateratakoak... Tartean txistularia ere bazegoen, Cathy Clarkson, partaideei euskal doinuen sostengua emanez.

Korrika Fun Run 2012 (2)

[Adin guztietako parte hartzaileak izan ziren lasterketan: helduak zein ibilbidea euren aitamek bultzatutako karroan goxo goxo egin zuten haur txikiak (argazkiak IKortazar)]

Beste ekitaldi bat iragan asteburuan, maiatzaren 4ean, Boiseko euskara ikasleek eta euskal komunitateko kideek egin zuten kantu-poteoa izan zen. Partehartzaileak Basque Block guneko euskal tabernatan barrena ibili ziren, euskal kantu herrikoiak abesten eta zintzurra bustitzen. Basque Market denda, Bar Gernika, Lekuona euskal jatetxea eta Euskal Etxearen taberna bera ibili zituzten. Kantarien artean "Hi Kantari!" kantutegiaren aleak banatu zituzten antolatzaileek. Kantutegia AEBetako euskal etxeen federazioak argitaratua da, John Ysursa egile, Ipar Amerikako euskaldunen artean kantatzeko ohitura sustatzeko.

Boise Kantu-poteo 2012 (1)

[Kantu-poteoan parte hartu zuten lagun batzuk mahaiaren inguruan giroaz gozatzen, kasu honetan Basque Market-en daudela (argazkia IKortazar)]

Boise Kantu-poteo 2012 (2)

["Hi Kantari!" kantutegiari esker euskara menperatzen ez zutenek ere parte hartu ahal izan zuten jarduera honetan, euskal kantuen inguruan bildurik (argazkia IKortazar)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia