euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Euskal Museoak milioi eta erdi dolar bildu nahi ditu erronka eta egitasmo berriei aurre egiteko

2012/02/22

Adelia Garro Simplot, Museoko eragilea; Patricia Lachiondo, Museoko presidentea; Dave Bieter, Boiseko alkatea; Guillermo Echenique eta Patty Miller atzoko ekitaldian
Adelia Garro Simplot, Museoko eragilea; Patricia Lachiondo, Museoko presidentea; Dave Bieter, Boiseko alkatea; Guillermo Echenique eta Patty Miller atzoko ekitaldian
Boiseko Basque Museum & Cultural Center-ek 'Expanding Horizons' izeneko kanpaina aurkeztu zuen atzo Idaho estatuko hiriburuan. Kanpaina honekin milioi eta erdi dolar bildu nahi ditu egitasmo berriei ekin ahal izateko. Kanpainaren aurkezpen publikoaren aurretik museoak erakundeko lagun eta kideen artean 750.000 dolar bildu ditu jada. Aurkezpenean izan zen Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, EAEko gobernuaren babesa erakusteko. Echeniquek museoak euskal kultura zabaltzen egiten duen lana goraipatu zuen.

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Boiseko Basque Museum & Cultural Center-ek zabalkunde eta erronka garaia bizi du; izan ere, gero eta erakusketa eta informazio eskaera gehiago jasotzen ditu, bai AEBetako leku desberdinetatik eta baita atzerritik ere. "Eboluzionatzen ari gara", azaldu du Patty Miller museoko zuzendari exekutiboak. "Gero eta bisitari gehiago ditugu. Gurekin lan egin nahi duten enpresa eta hezkuntza arloko erakunde askok deitzen digute. Materialak eta erakusketak eskatzen dizkigute, eta erronka berria jarri digute, museoari gizatalde desberdinentzako baliagarria den esanahi berri bat ekartzeko lanetan. Sinestezina da eta une zirraragarria da museoarentzat".

Hain zuzen ere eskaera horiei erantzuna emateko eta museo eta kulturgune bezala hazteko asmoarekin jarri du abian Basque Museumek "Expanding Horizons" izeneko kanpaina. Egitasmo honekin milioi eta erdi dolar bildu nahi ditu museoak 2013 urtea baino lehen. Diru hori museoaren zerbitzuak hobetzeko eta zabaltzeko erabiliko da, bai hezkuntza egitasmoetan zein ikerketa historikoetan, erakusketetan eta bekatan, besteak beste.

Erantzun bikaina

Atzo aurkeztu zen ofizialki kanpaina, baina abian egiaz duela hilabete batzuk jarri zen, museoaren emaileen eta eragileen artean. Erantzuna bikaina izan da eta elkarteak, eskuratu nahi dituen fondoen erdia bildu du jada. Virginia Argoitiak, Idahotik kanpo bizi den emaile eta museoaren lagunak, 525.000 dolarreko dohaintza eskuzabala egin zuen. Beste eragile batzuei esker orotara 250.000 dolar gehiago eskuratu ditu jada museoak. 

“Biziki eskertzen dugu emaile pribatu, enpresa eta fundazioen artean egin dugun lehen eskaera honek izan duen erantzuna"; aitortu du Miller-ek. "Gure komunitatearen begietan dugun balioaren baieztapena da. Erronka zail baina ernagarri honentzako abiapuntu ederra da”.

Eusko Jaurlaritzaren babesa

Kanpainak Eusko Jaurlaritzaren babesa eskuratu du baita ere, eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Guillermo Echenique, aurkezpen ekitaldian izan da Boisen. “Boiseko Euskal Museoak egiten duen lana oso garrantzitsua da. Euskaditik milaka kilometrora, euskal historia eta kultura gorde ez ezik, zabaldu ere egiten du, museoaren erakusketa, bilduma eta hezkuntza arloko egitasmoen bitartez", azaldu zuen Echeniquek aurkezpenean. “Egin duen lanarengatik eskerrak eman nahi dizkiogu eta zerumugak zabaltzen jarrai dezan eskatu nahi diogu".

90. hamarkadatik hona, museoak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso izan du Museotik sortu diren hainbat ekimen gauzatzeko, tartean Boiseko Ikastola bera, helduentzako euskara eskolak, Jacobs-Uberuaga etxearen berrikuntza, edo “Hidden in plain sight: the Basques” erakusketa, soilik batzuk aipatzearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia