euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Estatu Unibertsitateak, AEBetan, irakasle bat behar du Euskal Ikasketa Programan ardurak hartzeko

2008/04/09

Boisen egoitza duen Boise State University-ko (BSU) Euskal Ikasketen Programak erabiltzen duen irudia, unibertsitateak eskaintzen dituen euskal ikastaroen propaganda egiteko
Boisen egoitza duen Boise State University-ko (BSU) Euskal Ikasketen Programak erabiltzen duen irudia, unibertsitateak eskaintzen dituen euskal ikastaroen propaganda egiteko

PUBLIZITATEA

Boise State University-ko Euskal Ikasketa Programak bere eskaintza indartu nahi du euskal kulturan aditua den irakasle bat kontratatuz. Eskaintzen den postuaren iraupena urtebetekoa da --epe horren ostean berritu daiteke-- eta betebeharrak Euskal Ikasketa ikastaro edo minor-eko klase batzuk ematea eta Basque Studies Program delakoaren arlo desberdinetako ekimen eta jarduerak bultzatzea izango dira. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren asteko ostiralean, apirilaren 18an, itxiko da.
Irakasle berriak izango dituen betebeharren artean honakoak egongo dira: beste unibertsitate batzuetako ordezkariekin batera International Basque Studies Consortium erakundearen sorreran BSUren ordezkari aritzea, Basque Studies International Journal aldizkariaren sorrera bultzatzea, Euskal Ikasketa Zentroak antolatzen dituen mintzaldiak koordinatzea eta Idaho, AEBetako eta munduko euskal erakundeekin lankidetza estuan aritzea, tartean Boiseko Euskal Museoa, Boiseko Ikastola, NABO... Irakasle berriak Basque Studies Program-eko webgune berria diseinatu eta berritu beharko du baita ere.

Postua eskuratzen duen hautagaiak Euskal Ikasketa minor-eko sei kreditoei dagozkien klaseak irakatsi beharko ditu gutxienez eta Boiseko Euskal Museoa, Oinkari dantza taldea eta Boiseko Ikastolarekin egiten diren praktika programen koordinazioaren ardura hartuko du. Era berean Boise State University-k dituen nazioarteko programekin batera lan egingo du, Euskal Herrian ikasle eta irakasleak hartzeko bazkideak eta kolaboratzaileak bilatuz.

Hautagaien betekizunak

Hautagaiek izan behar dituzten behar-beharrezko ezaugarrien artean honakoak daude: Historia masterra eta ibilbide akademikoa Euskal Ikasketen arloan. Era berean iraskaskuntzan eta administrazio lanetan eskarmentua izan beharko dute. Bestalde, lagungarriak izango dira bestalde: Historian doktoradutza izatea, euskara, gaztelera eta/edo frantsesa menperatzea, beken sustapenean esperientzia izatea eta herri elkarteekin elkarlanean eskarmentua izatea.

Eskabideak, Curriculum Vitae eta hiru lan erreferentziekin batera, honako helbidera bidali behar dira:

Guen Johnson
Boise State University
Dept. of History
1910 University Drive
Boise, Idaho 83725-1925

Bidalitako hautagaitzen aukeraketa prozesua datorren asteko ostiralean bertan hasiko da, apirilaren 18an. Data honen ostean jasotako hautagaitzat ez dira kontuan hartuko, ez behintzat aurreko taldekoen artean postua betetzen bada.

Hazten ari den Euskal Ikasketa Zentroa

Idahoko hego-ekialdean AEBetako euskal komunitate handienetakoa dago eta euskal kultura eta tradizioek garrantzitsuak dira bertan. BSU unibertsitateak 1970az geroztik eskaintzen du Euskal Herrian ikasketa egonaldiak egiteko aukera eta 2005ean Basque Studies Minor izeneko euskal kultura ikastaroa eskaintzen hasi ziren. 2007an unibertsitateak Euskal Ikasketa Zentroa jarri zuen abian. Bertan kudeatzen den Euskal Ikasketa Programa asko hazi da epe labur honetan eta gero eta ikasle gehiago hartzen ditu.

Boise Estatuko Unibertsitateak (BSU), bestalde, 20.000 ikasle ditu, zortzi college eta 2.000 irakasle eta langile. Boise hirian dago, Treasure Valley deritzon gunean, Mendi Harritsuen magalean. Berriki Boise 'AEBetan bizitzeko leku onenetariko bat' bezala aukeratua izan da eta herrialdean hazkunde gehien izaten ari den hirietako bat da. Euskal komunitateak sustrai sakonak ditu hirian eta euskal elkarte eta ekimen asko daude bertan: Euzkaldunak Euskal Etxea, Basque Museum, Oinkari dantza talde. Biotzetik abesbatza eta Boiseko Ikastola, besteak beste.


Lotura interesgarriak

Basque Studies Program, BSU, Idaho
http://basquestudies.boisestate.edu

Boise State University
www.boisestate.edu

Boise hiriari buruzko informazio gehiago
http://cityofboise.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia