euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gertu dira Diasporako euskaldunak Korrikarekin bat egiteko: Boise, London, Madril, Bartzelona, Berlin...

2011/03/28

Londreseko Euskal Etxeko kideek klip bat ere grabatu dute Korrika 17 dela eta (argazkia LondonEE)
Londreseko Euskal Etxeko kideek klip bat ere grabatu dute Korrika 17 dela eta (argazkia LondonEE)

PUBLIZITATEA

Abestiak dioen bezala, 'Pausoz pauso, gelditu barik'... badator Korrika 17 eta Diasporan asko eta asko dira euskararen aldeko lasterketari ongi etorria egiteko prest diren euskal etxeak. Apirilaren 7an abiatuko da Trebiñutik Euskal Herrian zehar ibiliko den Korrika, eta Donostian bukatuko hil bereko 17an. Baina lasterketak etengabe aurrera darraien bitartean, nazioartean hamaika 'anaia-txiki' aterako zaizkio: Boisen eta Mountain Homen (AEB), Madrilen, Bartzelonan, Londresen, Berlinen... (bidal iezaguzu zure euskal etxekoaren berri)

Donostia-San Sebastian. Datoren ostegunean bertan abiatuko da Korrika 17 Trebiñutik, eta Euskal Herrian euskaltzale asko badira lasterketarekin bat egiteko irrikaz, zer esanik ez Diasporan! Ediziotik ediziora gero eta gehiago dira euskararen alde zapatilak jantzi eta kilometro batzuk egiteko prest diren Diasporako kideak, nork bere herrikideak zur eta lur utziz. Zer pentsatuko dute bada, londrestarrek, hiriko kaleetan zehar euskal etxeko kideak arineketan ikusten dituztenean? Edo New Yorkekoak, Brooklyneko kaleetan zehar? Euskara ezagutarazteko era ikusgarria da, bai horixe!

Ekitaldiak antolatzen lehenak Madril, Bartzelona eta Berlin izango dira (Berlinek aurkezpen jai bat egin zuen jada joan den martxoaren 5ean). Madrilgo Korrika apirilaren 9an abiatuko da, 11:00etan. Lasterketak Complutense Unibertsitatea, Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Euskal Etxea lotuko ditu, hau da, Madrilen euskara ikas daitekeen hiru tokiak. Lasterketaren ondoren bazkaria eta jaia egingo dituzte euskal etxean. Antolatzaileek hiriko euskaltzale guztiei parte hartzeko gonbitea luzatzen diete. Informazio gehiago, hemen.

Bartzelonan Korrikaren aldeko lasterketa, klasiko bat bihurtu da jada. Apirilaren 9an ibiliko da Korrika Bartzelonatik, Euskal Etxearen eskutik. 'Korricursa' (halaxe esaten diote) Euskal Etxetik aterako da eta Sants-en amaituko da. Bertan, bazkari herrikoia egingo da eta ondotik, trikipoteoa Sants-en zehar elektrotxarangak lagundurik. Amaitzeko, Santseko Cotxeres-etan “El Belda i el conjunt Badabadoc” eta Esne Beltza taldeen kontzertuak. Informazio osoa, Bartzelonako Euskal Etxearen webgunean.

Alemania eta AEB

Berlinera aurten iritsiko da lehen aldiz Korrika, Berlingo Euskal Etxeari esker. Elkartea lasterketaren inguruko zenbait ekitaldi egiten aritu da egunotan, giroa berotuz, eta apirilaren 9an, azkenik, kaleetan barrena korrika ibiltzeko ordua helduko zaie. Gogotsu daude euskal-berlindarrak eta egun gogoangarria izango da zalantzarik gabe. Hitzordua, eguerdiko ordu bitan Brandenburgeko Ate ezagunaren aurrean.

Alemaniatik Estatu Batuetara egingo du jauzi lasterketak. Apirilaren 16ean, Korrika New Yorkeko kaleetara helduko da, Euskal Etxeak antolatu duen lasterketarekin. Ibilbidea Brooklyngo Williamsburg auzoan izango da eta ondoren piknika edo "pintxo-party"-a egingo dute Euzko Etxean. Apirilaren 17an, aldiz, Idahoko Mountain Homeko euskal etxeak hartuko du lekukoa, 'Korrika Fun Run' izeneko lasterketarekin (informazio gehiago 208-599-2662 telefonoan).

Apiril 'euskalakaria' Londonen

Londresko Korrika apirilaren 17an izango bada ere, Euskal Etxeak 'Korrika Kulturala' izeneko egitarau mardula osatu du, lasterketari bidea egiteko. Jarduerak apirilaren 2an hasiko dira, Ibarrako Alurr dantza taldeak Oxford Housen egingo duen emanaldiarekin. Ondoren, apirilaren 12an, Laburbira euskal laburmetraien zirkuituaren itxiera ekitaldia eta azken emanaldia egingo dute euskal etxearen egoitzan. Eta bukatzeko, apirilaren 17an Korrika Eguna ospatuko dute. Aurreko edizioetan bezala, Londresko euskaldunek lasterketa labur bat egingo dute eta ondoren, bazkaria eta jaia! Informazio gehiago, hemen.

Azkenik, Korrika apirilaren 30ean helduko da Boisera, Idahora. Lasterketa goizeko hamarretan hasiko da, Euskal Etxetik. Izen-ematea 9:30tan hasiko da eta parte hartu nahi duenak 10 dolarreko laguntza eman beharko du. Diru hori komunitateko euskara ikasle/irakasleei laguntzeko erabiliko da, Euskal Herrira etorri eta euskara hobetzeko egonaldiak egin ahal izan ditzaten. Lasterketaren ibilbidea korrika edo oinez egin ahal izango da (bi talde egingo dituzte antolatzaileek, edonork parte hartzeko aukera izan dezan). Lasterketa bukatuta, hamaiketakoa egingo dute partehartzaileek euskal etxean. Informazio gehiagon nahi izanez gero, idatzi e-maila Izaskun Kortazarri, hona.

-zure inguruko Korrikaren berri eman nahi badiguzu, idatzi hona: info@euskalkultura.com



Komentarioak

  • Gernika

    “Guernica” margolana Gernikara ekartzeko 6.700 sinadura baina gahiago bildu dira. Zure atxikimendua eskatzen dugu gure ustez zilegi den aspaldiko aldarrikapen honen alde: “Guernica-Gernikara” ekar dezatela. http://www.guernicagernikara.net/home/?page_id=80 Eta klikatu ere facebook orrian gustuko duzutela http://on.fb.me/gZdkvz

    Guernica Gernikara, 2011/03/28 15:44

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia