euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizkaia:xede elkartea atzerrian eta Diasporan lanean ari diren ikertzaileen bila dabil Euskal Herrian lan egiteko

2009/02/12

Estibaliz Olano egitasmoan parte hartu duen ikerlarietako bat da (argazkia bizkaia:xede.org)
Estibaliz Olano egitasmoan parte hartu duen ikerlarietako bat da (argazkia bizkaia:xede.org)
Atzerrian edo Diasporan lanean ari diren Bizkaiko zientzilari, ikertzaile eta profesionalek Euskal Herrira bueltatzeko aukera bikaina dute bizkaia:xede-k abian jarri duen egitasmoari esker. Elkarte hau Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu eta Trebakuntza sailak sustatzen du eta Bizkaian abiarazten ari diren proiektu berritzaileen garapenean laguntzeko herrialdeko profesionalen itzulera bultzatzea da bere helburuetako bat. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek bizkaia:xederekin harremanetan jarri behar dute eta euren kurrikuluma elkartearen webgunearen bidez bidali.

Bilbao, Bizkaia. Trebakuntza maila handia duten bizkaitarren kontratazioa eta promozioa sustatzea da bizkaia:xede elkartearen helburu nagusienetakoa, gero profesional hauek euren lanarekin bizkaitar gizartearen onerako izango den iraultza teknologiko eta zientifikoaren garapenean lagundu dezaten. Asmo horrekin deialdia egin die bizkaia:xedek atzerrian lanean ari diren eta Diasporako bizkaitar ikerlari eta profesionalei, Bizkaiko hainbat enpresetan dauden postuak betetzera etortzeko gonbitea eginez.

Elkarteak lehendabiziko aldiz abiarazi du horrelako kanpaina garrantzitsua eta dagoeneko hiru ikerlarik izan dute berari esker Euskal Herrira itzuli eta Bizkaian lan egiteko aukera. Ikerlari hauen lekukotzak bizkaia:xederen webgunean irakur daitezke, hemen. Horietako bat da Mikel Valle ikerlaria. Bere esanetan 'Euskadin iraultza txikia gertatzen ari da zientzien arloan'. 'Ez nuen hori galdu nahi', adierazten du.

Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenek euren CV-a bidali behar dute bizkaia:xedera, hona. Horrezaz gain, webgunearen bidez ikerlariek Bizkaiko hainbat enpresetan dauden lan eskaintzen berri eskuratu ahal izango dute.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia