euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Bikaintzat' jo dute Ayacuchoko Mus Txapelketa Nazional Argentinarra; Rosarioko bikotea izan da irabazle

2007/08/29

Txapelketako giroa  (arg. Pedro D. Oillataguerre)
Txapelketako giroa (arg. Pedro D. Oillataguerre)

PUBLIZITATEA

Gustura gelditu dira Ayacuchoko Euskal Etxeko kideak, Buenos Aires probintzia hegoaldeko elkarte honek joan den abuztuaren 18, 19 eta 20ean antolatu zuen Argentinako Mus Txapelketarekin. Partehartzaileak ere pozik, Ayacuchon izan zuten harrera eskertuz. 18 euskal etxetako ordezkariek parte hartu zuten txapelketan eta lehia gogorraren ostean Rosarioko Eduardo Imperale eta Domingo Legarretak osatzen zuten bikotea izan zen irabazle.
Argentinako muslarien topagune bihurtu zen abuztuaren 18, 19 eta 20an Ayacucho, bertan egin zen Mus Txapelketa Nazionala medio. Norgehiagoka ofizialean 18 bikote aritu ziren lehian, Ayacucho, Balcarce, Chascomús, Chivilcoy, Cañuelas, Hiriburu Federala, La Plata, Laprida, Macachín, Maipú, Mar del Plata, Necochea, Tandil, Rosario, San Nicolás, Junín eta Saladillokoak, hain zuzen ere. Eurekin batera euskal etxeetako lehendakari eta zuzendaritza kideak, Argentinako Mus Federazioko lehendakari Manuel Arriola, eta Joseba Arregi, Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzako komunikazioa aholkularia ere egon ziren, besteak beste.

Bikoteak bi zonatan banatu ziren lehendabizi eta denak denen aurka aritu ziren larunbat eta igandean, finalaurrerako lau bikote sailkatu ziren arte: Maipú, Rosario, Laprida B eta Ayacucho bertako ordezkariak. Astelehenean jokatu zen finala eta irabazleak Rosarioko Eduardo Imperale eta Domingo Legarreta izan ziren. Txapeldunordetza Lapridako Martín Alacid eta Fernando Echeverríak eskuratu zuten. Bi bikote hauek Argentinako ordezkariak izango dira azaroan Mar del Platan egingo den Munduko Mus Txapelketan.

[Goiko irudian txapelketako irabazleak, Rosarioko Eduardo Imperale eta Domingo Legarreta (argazkia Pedro D. Oillataguerre)]

Ekitaldi paraleloak

Txapelketa ofizialeko partidekin batera bestelako ekitaldiak ere antolatu zituen Ayacuchoko Euskal Odola elkarteak, bertaratu ziren lagunei parte hartu eta dibertitzeko aukera ematearren. Alde batetik, mus txapelketa paraleloa egin zuten, eta 30 bikotek hartu zuten parte. Irabazlea Lapridako bikotea izan zen. Bestalde, canasta txapelketa ere jokatu zuten eta bertan La Platako Marta Padrón eta Carmen Jaramillo izan ziren txapeldun. Partehartzaile zein antolatzaileak pozik agertu dira hiru egunetan zehar Ayacuchon bizi izan den giro ederrarekin.


LOTURA INTERESGARRIAK

Euskal Odolako dantzariak Ayacuchoko kaleetan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 9an

Argentina irabazle 2006ko Munduko Mus Txapelketan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia