euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihartik landa euskal zinea, musika eta poesia ekarriko ditu Poloniara Etxepare Euskal Institutuak

2012/04/11

Euskal ekitaldiok badute aurrekaririk: 2011ko maiatzean Poznango Unibertsitatean Euskal Astea egin zen, Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoak antolatuta (argazkia ADones)
Euskal ekitaldiok badute aurrekaririk: 2011ko maiatzean Poznango Unibertsitatean Euskal Astea egin zen, Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoak antolatuta (argazkia ADones)
Varsovia, Poznan eta eta Gniezno hiri poloniarrak "euskal udaberri" baten gune izango dira, Etxepare Euskal Institutuak bertako unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoek antolatu dituzten ekitaldiei esker. Etxeparek jakinarazi duenez bihar bertan hasi eta datorren apirilaren 20a arte luzatuko dira jarduerak. Egitarauak bi arlo ditu: batetik, Kimuak laburmetraiak izango dira ikusgai hiru hirietan eta, bestetik, poesia eta musika ikuskizuna eskainiko dute Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleek, Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariekin batera.

PUBLIZITATEA

Varsovia, Polonia. Euskal zinea, musika eta poesia entzungai, ikusgai eta gozagai izango dira datozen egunetan Polonian, Etxepare Euskal Institutuak Varsovian, Poznanen eta Gniezno hirietako unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoek antolatutako ekitaldietan. "Euskal udaberri" honek Varsoviako Cervantes Institutuaren eta hiru unbertsitate hauen sostengua ere izan du.

Ekitaldiak bihar bertan abiatuko dira, Poznan-go MUZA zinemetan egingo den film laburren emanaldiarekin (18:30). Kimuak programako euskal laburmetraiak emango dira bertan: hain zuzen ere Topeka (Asier Altuna, 2002), Choque (Nacho Vigalondo, 2005), La vaca (Gorka Esteban, 1998), La guerra (Luiso Berdejo, Jorge C. Dorado, 2005), Dos encuentros (Alan Griffin, 2004), Daisy Cutter (Enrique García, Rubén Salazar, 2010), El Soñador (Oskar Santos, 2004) eta Hauspo soinua (Inaz Fernández, 2000). Etzi, apirilaren 13an, Gnieznoko Unibertsitatean egingo da emanaldia (11:00), eta datorren apirilaren 19an Varsoviako Cervantes Institutuan (19:00).

Poesia eta musika bira

Euskal udaberriak poesia eta musika ere ekarriko ditu hiru hiriotara, Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleek egingo dute birari esker. Barbara Stawicka itzultzailea izango dute bidaide eta, poesia musikaz lagunduz, Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariak ere izango dira taulagainean. Izan ere, Muguruzak Canoren eta Arregiren zenbait testu musikatu ditu bere azken diskoan, "Bikote bat" lanean.

Lehen emanaldia datorren astelehenean, apirilaren 16ean, egingo dute, Varsoviako Unibertsitatean (11:30). Ondotik, arratsaldean (18:30) 'Poesía vasca hoy' izenburua duen irakurraldia egingo dute Varsoviako Instituto Cervantes-en. Apirilaren 17an musika eta poesia emanaldia eskainiko dute Varsoviako Czuly Barbazynca liburudendan (19:00).

Hurrengo hitzorduak Poznan hirian izango dira, apirilaren 19an: itzulpen tailerra eta irakurketa Poznan-go Adam Mickiewicz Unibertsitatean 13:15tan eta kontzertu-irakurraldia Sekret kafetegian 19:00tan. Biraren azken saioa Gnieznoko Hiriko Kultur Etxean egingo den musika eta poesia ikuskizuna izango da, apirilaren 20ean, arratsaldeko seietan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia