euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihartik aurrera Literaldia 2012 jaialdiak Bartzelonara ekarriko du euskal literaturaren aurtengo uzta

2012/04/10

Ohi duen legez, kartel deigarri batekin iragarri du Bartzelonako Euskal Etxeak Literaldia
Ohi duen legez, kartel deigarri batekin iragarri du Bartzelonako Euskal Etxeak Literaldia

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak bihar bertan jarriko du abian Literaldia 12 jaialdia eta maiatzak 12a bitartean literaturaren bitartez Euskal Herriaren gaur egungo ikuspegia emango dio kataluniar gizarteari. Aurtengo edizioan liburu aurkezpenak, hitzaldiak, irakurle kluba, bertsolariak, ipuin eta poema musikatuak eta Bartzelonako euskara ikasleen Mihiluze lehiaketa egongo dira, besteak beste. Berritasunen artean aipagarria da euskal etxeak Twitter bidez ipuinak osatzeko deia luzatu duela, bai euskaraz eta biata katalanez ere. Bartzelonatik pasako direnen artean Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia, Edorta Jimenez eta Hasier Etxeberria idazleak izango dira.

Bartzelona, Katalunia. Bihar abiatuko da Bartzelonan Euskal Etxeak antolatzen duen Literaldia jaialdiaren zortzigarren edizioa. Aurrekoetan bezala Literaldia Bartzelonako Hizkuntz Eskolako, Universitat Autonoma de Barcelona-ko (UAB) eta Universitat de Barcelona-ko (UB) euskara ikastaroen sostengua du eta Etxepare Euskal Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa ere jaso du, Kataluniako beste zenbait erakunderen babesarekin batera.

Jaialdiaren lehen hitzordua bihar izango da eta Irakurle Kluba ekimenaren barruan "Lehenago zen berandu", Arantxa Urretabizkaiaren liburuari buruz jardungo dute klubeko kideek. Aritz Galarragak zuzenduko du solasaldia, Euskal Etxean. Etzi Itziar Ziga kazetari eta "feminista hereje" errenteriarrak "Sexual Herria" liburua aurkeztuko du.

Literatura eta telebista

Apirilak 13an Jon Elordik "Hitzen Kutxa" liburuaren aurkezpena egingo du eta bertan biltzen diren euskarazko narrazioak irakurriko ditu. Jon Elordi idazlea eta filologoa da eta euskara eta euskal kultura irakaslea da UAB-n. Hurrengo egunean, apirilaren 14ean, Eduardo Mendoza idazlearen eleberrietan agertzen diren Bartzelonako txokoetan barrena txangoa egitea proposatzen du Literaldiak.

Apirilaren 18an Ibai Atutxa filologoak "Kanonaren gaineko nazioaz" liburua aurkeztuko du eta bertan jorratzen dituen euskal literaturari buruzko hausnarketak azalduko dizkie entzuleei. Apirilaren 19an Hasier Etxeberria kazetari eta idazlea izango da hizlari, oraingoan UAB-n. Sautrela telebista saioaren zuzendaria eta aurkezle, Etxeberriak literatura eta telebistaren arteko harremana izango du mintzagai. Ildo beretik, Euskal Etxean gai honi buruzko mahaingurua egingo dute 20:00etan Etxeberriak berak, Aritz Galarragak eta Beñat Sarasolak.

Sant Jordi

Apirilaren 20ean ipuin kontalariak egongo dira Euskal Etxean (euskaraz eta katalanez) eta biharamunean, apirilaren 21ean Estankona kantariak kontzertua emango du bertan. Apirilaren 23an, Sant Jordi eguneko jaiarekin batera, Euskal Etxeak standa jarriko du Ramblen pasealekuan eta Xamar idazleak "Orhipean, el país de la llengua basca" liburuaren aleak sinatuko ditu. Liburua katalanera itzuli berria da, Euskal Etxearen laguntzarekin.

Hurrengo hitzordua apirilaren 26ean izango da Mariano Ferrer kazetariarekin. Ibilbide luzeko profesionala, euskal irratietako ahotsik ezagunenetarikoa da Ferrer eta "Lo que dije y digo" liburua aurkeztuko du Bartzelonan. Apirilaren 267an The Sparteens taldeak kontzertua emango du eta, ondoren, apirilaren 28an Zast! ikuskizunak ipuin musikatuak ekarriko ditu euskal etxera.

Literaldia maiatza arte luzatuko da, eta maiatzaren 2an Irakurle Klubaren beste saio bat hartuko du Euskal Etxeak. Oraingoan Iñigo Aranbarriren "Zulo bat uretan" izango dute hizpide. Maiatzaren 3an Bartzelonako euskara ikasleek Mihiluze telebista saioan oinarritutako lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.

Utopia eta haragia

Maiatzaren 4ean euskal literaturako hiru emakume handi izango dira Euskal Etxean: Mariasun Landa, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiak. "Utopia basca i escritura" mahainguruan parte hartuko dute, Mari Jose Olaziregi literatur adituak aurkeztuta (Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara sustapenerako zuzendaria da ere). Maiatzaren 5ean "Haragizkoa" ikuskizuna ekarriko dute euskal etxera Edorta Jimenez idazleak, Rafa Rueda eta Jaime Nieto musikariek eta Joseba Barrenetxea argazkilariak; poemak, musika eta irudiak uztartuz.

Maiatzaren 10ean Irkus Zeberio marrazkilariak "Cramond Island" komikia aurkeztuko du eta jaialdiari bukaera emateko, maiatzaren 12an bertso-afaria egingo da Euskal Etxean, Igor Elorza eta Agin Rezola bertsolariekin.

Literatura Twitter bidez

Horrez gain, jaialdian zehar Twitter ere izango da ekimenik, izan ere Euskal Etxeak idazle izateko gonbitea luzatu die mundu osoko euskaltzaleei. Lau aukera izango dira: batetik, twit bidez osatuko diren bi makro ipuinetan parte hartzea (#ipuintzarra euskaraz eta #megaconte katalanez) eta bestetik twit bakarrean ipuina kontatzea (#mikroipuina euskaraz eta #mikroconte katalanez).

Literaldia 12-ren egitarau osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia