euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar iritsiko dira Euskadira Gaztemundu 2017ko partaideak, euskal musika eta instrumentuei eskainitako edizioan

2017/09/01

Iñigo Urkullu lehendakariak Gaztemunduko aurreko edizio bateko partaideei egin zien harrera (argazkia Irekia)
Iñigo Urkullu lehendakariak Gaztemunduko aurreko edizio bateko partaideei egin zien harrera (argazkia Irekia)

Hemen da Gaztemundu 2017. Irailaren 2tik 17ra garatuko da eta bihar bertan, larunbata, iritsiko dira Euskadira edizio honek izango dituen hamalau partaideak, musikariak, bakoitzak jotzen duen euskal instrumentuan aurrera egin eta teknika, errepertorio eta bestelako formakuntzetan gakoak eta baliabideak biltzea helburu. Ekitaldiak Gasteizko Musika Etxea izango du eskolen egoitza nagusia, nahiz eta tarteka Euskal Herriko beste leku batzuetara ere mugituko diren, ahalik eta egonaldirik emankorrena izan dadin. Gogoratu, partaideak Argentina (11), Txile (2) eta Uruguaitik (1) datozela.

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Bakoitzak jotzen duen euskal instrumentuari buruzko formakuntza bereizitua jasoko du eta instrumentu horri euskal etxean, dantza taldeentzat eta bestela ere etekinik handiena nola atera, horixe izango dute hizpide eta ikasgai gaztemundukideek Euskal Herrian pasatuko dituzten bi asteetan. Larunbatean iritsita, igandea egokitze eguna izango dute, eta jet-laga gainditzeko modu egokia festa-giroan dauden Donostia, estropada egunean, eta Zestoa ere dastatu ahal izango dituzte, astelehenetik aurrera eskolekin hasteko, azken hau Gasteizko San Antonio kaleko Musika Etxea oinarri hartuta.

Bi astetan zehar, klase teoriko eta praktikoak eta irteerak tartekatuko dituzte, lekuak ezagutuz eta loturak eginez Euskal Herriko musika tradizio eta ohiturekin. Gasteizko formakuntzak goizez izango dira, Musika Etxean, eta arratsaldeak bestelako planak egiteko baliatuko dira, musikari arreta berezia eskainiz, baina euskal kultura landuz eta geografikoki ere denbora mugel uzten duten heinean ezagutuz eta dastatuz. Arratsalde libreren bat ere izango dute, guztien interesak zaintzearren. Bisitatuko dituzten lekuen artean, Gasteizko Santa Maria ktedrala, Gernikako Arbola eta Juntetxea, Donibane Lohizune eta Añana, beste zenbaiten artean.

Gaztemunduko programek ohi dutenez, aurtengoan ere Lehendakariak harrera ekitaldi bat antolatu die, pertsonalki ezagutu eta ongi etorri instituzionala ematearren, euren egonaldiaren bigarren astean.

Azkeneko formakuntza irailaren 15a izango dute eta 16a, larunbata, izango dute, ostera, edizio honetako azken eguna, igandean airepòrturako bidea hartzeko. Hona edizioak izango dituen hamalau partaideen azken zerrenda:

-Arrarás Catalina Chascomús (Zingirako Euskaldunak), Argentina
-Baña Barquin Joaquín, Buenos Aires (Laurak Bat), Argentina
-Errázuriz Puelma Fernando Andrés Santiago (Eusko Etxea), Txile
-Gil Leandro, Valentin San Nicolás de los Arroyos (Euskal-Etxea) Argentina
-González Fernández, Paulina Elisa Viña del Mar (Valparaiso Eusko Etxea). Txile
-Jaurena, Gaspar Alfonso Córdoba (Gerora), Argentina
-Lopetegui del Santo, Maitane Bahía Blanca (Unión Vasca), Argentina
-Marcos, Matías Rafael General Rodríguez (Eusko Aterpea), Argentina
-Morales Znojil, Nicolás Villa María (Euzko Etxea), Argentina
-Picón Zubillaga, Fermin Necochea (Euzko Etxea), Argentina
-Ateca, Jessica Cordoba (Gerora), Argentina
-Trigo Sarrante, Agustin Montevideo (Haize Hegoa), Uruguai
-Urra, Clara Bahía Blanca (Unión Vasca), Argentina
-Zabalza, Ariana Inés Córdoba (Gerora), Argentina



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia