euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar hasiko da Argentinako Villa Marian "Anima Zaitez" programa. Euskal Herriko bost gazte tailer-emaile

2017/06/30

Anima Zaitez programaren logoa
Anima Zaitez programaren logoa

PUBLIZITATEA

Cordoba probintziako Villa Maria herriko Euzko Etxeak bi asteko egitaraua antolatu du, Euskal Herritik etorriko zaizkion bost gazteekin adostuta. Gazteek euren lekukotasuna eta euskal kulturaren ezagutza banatuko dute euskal etxeko kideak batuko dituen, bainan orokorrean herriko biztanle guztiei zabalik dagoen ekimen honetan. Harrera bihar egingo zaie eta berehala hasiko dute programa, uztailaren 15ean bukatzeko. Tailerretako gaiak, besteak beste, euskara, musika, dantza, kultura, sukaldaritza...

Villa Maria, Argentina. Necocheako Hator Hona proiektua eredu hartuta (bide batez, aurtengo edizioa egun gutxi barru hasiko dute eurak ere), ‘Anima Zaitez: euskal kultura zabaltzen’ programa iaz sortu zuen Villa Mariako Euzko Etxeak. Lehenengo esperientzia "aparta" izan zen eta arrakastak bultzaturik bigarren edizioa jarri zuten martxan. "Orain, dena prest da bihar Euskal Herriko bost gazteak errezibitzeko" adierazi dio EuskalKultura.com-i antolatzaile taldeko Florencia Deniz Etxeko irakasleak. “Are gehiago, iaz baino apustu handiagoa egin dugu aurten; 2016an bi gazte jaso genituen eta aurten bost izango dira, euskal kulturaren arlo gehiagotan sakondu ahal izateko”.

Aurtengo parte-hartzaileak Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Baxenabarretik datoz: Alain Sorazu azpeitiarra da; Oier Lobera Ezenarro, bilbotarra, Irati Brabo Bereinkua, markinarra, Eztitxu Harignordoquy, baigorriarra; eta Monica Casal errenteriarra. “Guztiak mintzo dute euskara eta maite dute euskal kultura, baina soslaia ezberdindunak eta kulturaren arlo ezberdinetan trebatuta nahi izan ditugu. Hau da, Alain txistu irakasle eta dantzaria da; Oierren gaiak dantza eta panderoa dira; Irati euskara irakaslea da, Eztitxu euskara irakasle eta dantzaria da; eta Monicak txikiekin lan egingo du, eta baita gastronomia tailerretan ere”, jakinarazi digu irakasleak.

Euren artean, gainera, Eztitxu Harignordoquy baigorriarrak Hator Hona programan ere parte hartuko du ondoren eta eskarmentu berezia dauka Diasporan, aurretik Estatu Batuetako Udaleku bezalako programetan ibili baita begirale, baita euskara eta kultura irakasle ere Kaliforniako Bakersfield-en adibidez, Unibertsitatean zein Euskal Etxean.

Programaren egitaraua trinkoa da oso; egitarau honi jarraituz eskaini dira tailerrak Euskal Etxean datozen hamabost egunetan:

-Uztailaren 1ean, larunbata: ongi etorri afaria

-Uztailaren 3an, astelehena: 17etatik 19etara, Txistu, Pandero eta Txalaparta Tailerra; 21etan, dantzari helduen entsegua
-Uztailaren 4an, asteartea: 21etan, hitzaldia: ‘Euskal Herriaren historia’
-Uztailaren 5ean, asteazkena: 17etatik 19etara, Txistu, Pandero eta Txalaparta Tailerra; 18:30etatik 20:30etara, Txikien Tailerra; 20:30etan Sukaldaritza Tailerra
-Uztailaren 6an, osteguna: 18etatik 20:30etara Euskara Tailerra; 21etan, dantzari helduen entsegua
-Uztailaren 7an, ostirala: 17etatik 19etara, Txistu, Pandero eta Txalaparta Tailerra; 18:30etatik 20:30etara, Txikien Tailerra; 20:30etan, dantzari gazteen entsegua
-Uztailaren 8an, larunbata: 10:30etatik 12:30etara Euskara Tailerra; 17:30etan, dantzari gazteen entsegua

-Uztailaren 10ean, astelehena: 17etatik 19etara, Txistu, Pandero eta Txalaparta Tailerra; 19etan, dantzari gazteen entsegua; 21etan, dantzari helduen entsegua
-Uztailaren 11an, asteartea: 18:30etan, dantzari gazteen entsegua; 20:30etan, hitzaldia: ‘Euskal baserrien historia’; Euskal zinea: ‘Amama’
-Uztailaren 12aan, asteazkena: 17etatik 19etara, Txistu, Pandero eta Txalaparta Tailerra; 18:30etatik 20:30etara, Txikien Tailerra; 20:30etan Sukaldaritza Tailerra
-Uztailaren 13an, osteguna: 18etatik 20:30etara Euskara Tailerra; 21etan, dantzari helduen entsegua
-Uztailaren 14an, ostirala: 17etatik 19etara, Txistu, Pandero eta Txalaparta Tailerra; 18:30etatik 20:30etara, Txikien Tailerra; 21etan, San Fermin afaria eta 2017ko Anima Zaitez bukaera
-Uztailaren 15ean, larunbata: 10:30etatik 12:30etara Euskara Tailerra; 17:30etan, dantzari gazteen entsegua.

Kultur eskaintza zabala da eta komunitate osoari dago zuzenduta. Euzko Etxea-ko erreferente den Florencia Denizen esanetan, “Ziur gaude iaz bezala aurtengoa ere esperientzia zinez emankorra izango dela, ez Euskal Etxekoontzat baizik eta Villa Maria osoarentzat. Oso era polita da euskal kulturan murgiltzeko eta aldi berean Euskal Herriko gazteek euskal kulturaren alde diasporan egiten duguna ezagutzeko”, laburbildu du Florenciak.

Aktibitateen informazio gehiago, Anima Zaitez Facebook kontuan



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia