euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bigarren urtez jarraian Euskara Tailerra hasiko da San Miguel hirian Askatasunaren Bidea elkarteak eratua

2012/05/16

Euskara tailerra iragartzeko afixa
Euskara tailerra iragartzeko afixa
Lehenengo klasea datorren larunbatean izango da, arratsaldeko 4etatik 6etara eta elkarretaratzean parte hartzeko ez da aldez aurretik ezer jakin behar. Eskolak Marina Aranguren irakaslearen ardurapean egingo dira eta hileroko maitasuna izango dute. Euskara tailerra San Miguel-go Askatasunaren Bidea elkarteak aurten burutuko dituen ekintzetako bat da. Horrez gain, solasaldiak, sukaldaritza topaketak, Euskal Herria ezagutzeko hitzaldiak eta komunitateari begirako standak antolatuko ditu “Euskal Herriko kulturaren euskarri eraginkor eta kreatzailea” eskaini nahi dion Buenos Aires probintziako euskal elkarte honek.

PUBLIZITATEA

San Miguel, Argentina. Iazko eskarmentu onak bultzaturik, 2012 honetan ere ekingo diote Askatasunaren Bidea elkartekoek Euskara Tailerrari. Klaseak datorren larunbatean, maiatzaren 19an, hasiko dira, arratsaldeko 4etan, San Miguelgo Museo Historikoan, hiriko Urquiza trenbideko geltokian. Lehenengo klasean nikiak eta egutegiak zozketatuko dira iazko ikasleen artean eta berriei pegatinak oparituko zaizkie. Hilean behin izango dira bilkurak, Marina Aranguren irakasle. Klaseak doakoak izango dira, eta ez da beharrezkoa aldez aurreko ezagutzarik izatea.

2012rako proiektuak

Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrenaren urterako beste hainbat ekitaldi egiteko asmoa azaldu dute Askatasunaren Bidea-ko lagunek, tartean, ‘euskal tertuliak’. “San Miguelera heldu ziren euskaldun haien ezer topa al daiteke guregan? Galdera hau eta beste asko sortuko dira gure solasaldietan eta bide horretatik gehiago ezagutuko dugu Euskal Herria. Gure proposamena, gure sustraietarainoko bidea egitea da”, dio euskal tertulietan parte hartzeko gonbiteak. Topaketetan, nahi duenak familiaren argazkiak, gutunak, pasaporteak, eta oro har, historiak, konpartitu ahal izango ditu bildutako jendearekin. Data zehatza oraindik egon ez arren, laster jakinaraziko da elkartearen blogean. Bitartean, materiala biltzera animatzen dute San Miguelgo euskaldunek.

Sukaldaritza: Sukaldaritza Euskal Herriaren kultur adierazpen ezagunenetako bat denez, plater tipiko eta berriak prestatzen irakasteko tailer bat antolatuko du Askatasunaren Bidea elkarteak. “Guraso eta aitona-amonengandik ikasitako errezetak saiatuko gara berreskuratzen”, diote ekintzako arduradunek.

Hitzaldiak: Euskal Herriaren historia eta gaur egungo egoera izango dira San Miguelgo euskal elkarteak eskainiko dituen hitzaldien muina. Honako gai hauetan sakonduko dute hizlariek: geografia, ekonomia eta kirolak, batzuk aipatzearren.

Euskal Txokoa: Joan den urtean egin zuten legez, aurten ere muntatuko dute euskal stand bat Askatasunaren Bidea-ko arduradunek San Miguelgo ‘Corredor Aeróbico’ delakoan.

Ekintzoi buruzko informazio anitz dagoela elkarteko blogean. Bisitatzeko, jo http://askatasunaren-bidea.blogspot.com.ar/ helbidera. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia