euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi urtez uhinetatik kanpo egon ostean, gaur aireratzen hasiko da berriz ere Chacon 'Euskal Etxearen Ahotsa'

2011/06/01

Maria Echarri gaztea, eskuetan irratiaren eta EEaren arteko hitzarmena, saioaren lehenengo saioan parte hartutako lagunekin.
Maria Echarri gaztea, eskuetan irratiaren eta EEaren arteko hitzarmena, saioaren lehenengo saioan parte hartutako lagunekin.

PUBLIZITATEA

Duela bi bat urte eten zituen emanaldiak, baina gaur asteazkena, 2011ko ekainaren lehena, itzuliko da Argentinako Chaco probintziako uhinetara 'Euskal Etxearen Ahotsa', Resistenciako 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak aurrerantzean asteazkenero goizeko 8etatik 9ak arte aireratuko duen euskal irratsaioa. Internet bidez ere segitu ahal izango da. Akordioa sinatzen eta programa prestatzen ibili ziren irratian Oscar Nelson Bulacio irratsaioko beteranoa, Fabio Echarri euskal etxeko lehendakaria, Susana Ciruelo Etchepare lehendakariordea eta Mariana Echarri gazteen ordezkaria.

Resistencia, Argentina. Chacoko Euskal Etxetik beretik adierazi zaigunez, atsegina izango dute gaur nagusi, bi urtez saioa etenda egon ondoren, berriro ekingo baitzaio gaur Resistencia hiriburuan Chacoko "Euskal Etxearen Ahotsa" irratsaioari. Euskal gaiak oro har tratatuko dituen emankizuna izango da, Chacoko Euskal Etxearen ingurukoetatik abiatuz, Argentina eta Diasporakoekin segituz, eta Euskal Herrikoekin amaitzeko, tartean historia, kultura, ohiturak, gastronomia eta bestelako gaiak jorratuz, azaldu dute Kotoiaren Lurratik.

Hau guztiak posible egin ahal izateko, urtebeteko kontratua sinatu dute azken egunotan Radio FM Sensación irratiko zuzendari den Walter Mespulet-ek eta Fabio Echarri Euskal Etxeko lehendakariak. Grabatu dira baita ere iragartzeko tarte batzuk, Oscar Nelson Bulacio esatari, eta parte hartzaile Fabio Echarri lehendakaria, Susana Ciruelo Etchepare lehendakariordea, eta gazteen batzordeko buru den Mariana Echarri.

Aurrerantzean, irrati hitzordua Resistencian asteazkenero izango da, radio FM Sensación, 97,5 MHZ-en, 8etatik 9etara. Munduko edozein lekutatik ere entzun daiteke, internet medio, honako helbidean: http://www.sensacionfm975.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia