euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi stand eta dantza ikuskizuna Nafar Etxeko gazteen eskutik 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' jaialdian

2011/12/08

Nafar Etxeko dantzariak 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' jaialdian (argazkia NE)
Nafar Etxeko dantzariak 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' jaialdian (argazkia NE)
Buenos Aires hiriburuko Udala deitzaile eta babesle, eta Espainiako Elkarteen Federazioak antolaturik gauzatu da joan den asteburuan Buenos Aireseko Mayo Etorbidean 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' erakustaldia, abenduaren 3an, eguerdiko 12tik iluntzeko 6ak arte. Buenos Airesko Nafar Etxeko gazteek euren gain hartu zuten jaialdian parte hartzeko konpromisoa eta bi stand ezarri zituzten bisitariek Nafarroako kultura hurbilagotik ezagut zezaten. Horretaz gain, lau koreografia aurkeztu zituzten dantzariek Mayo Etorbideko agertoki nagusian, guztia Nafarroan bertan Nafarroaren Eguna ospatzen ari ziren egun berean.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Herrialde askotako gizataldeak izan dira 2009tik hona 'Buenos Airesek ospatzen du' izeneko jaialdi sortako protagonista. Kari horretara, joan den larunbatean -- esan nahi baita abenduaren 3an, Nafarroan Nafarroaren Egun ofiziala ospatzen zela -- Espainiako Kolektibitateari egokitu zitzaion Mayo Etorbidea bereganatzea. Erakustaldiaren baitan, Buenos Aireseko Nafar Etxeak Nafarroako kultura ezagutarazteko parada berezia izan zuen, standetan eta oholtza gainean.

'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' 2011 01

[Mokadu ederrak dastatu ahal izan ziren Nafar Etxeak ezarritako txoko gastronomikoan (argazkia NE)]

Standei dagokienez, bi muntatu zituzten nafarrek: Sukaldaritza txokoan, tartak, tortillak, pintxo eta bokatak, erroskilak, ganba baratxuriekin eta jangai gozoak eskaini zizkieten bertaratu zirenei. Kultur txokoan, berriz, Nafarroako irudi, musika tresna, liburu, jantzi, mapa eta ikurrak, oroigarriak eta informazio orokorra ikus eta eskura zitekeen.  

'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' 2011 02

[Irudiak, musika tresnak, liburuak, jantziak… Nafarroako standean eskaini zenaren isla (argazkia NE)]

Mayo Etorbidean kokatuta zeuden agertokietatik ere pasatu ziren nafar dantzariak. Dantza ikuskizunean, gazteek San Juango fandango eta Arin Arina, Oskorriren Arin Arina eta Betikoak-en Euskal Jota interpretatu zituzten. Eta euren aurkezpena bukatzeko, kalejiraz atera ziren agertokitik.

'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' 2011 005

[Zahatoa ere Nafar standetako ikuskizuna (argazkia NE)]

'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' 2011 03

[Erraldoi eta buruhandiek ere hartu zuten parte jaialdian (argazkia NE)]

Buenos Airesko Nafar Etxetik EuskalKultura.com-i azpimarratu zaionez, etxeko gazteek – gehienak dantzariak – hartu zuten jaialdiko ekimenak antolatzeko ardura nagusia, helduen laguntza ere izan zutela  batez ere janaria prestatzeko kontu batzuetan eta garraio lan batzuetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia