euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Besarkadak eta emozioa 1615ean Islandian hil zituzten 32 euskal baleazaleei eginiko omenaldi euskal-islandiarrean

2015/04/27

Laurehun urte eta gero, Euskal Herriaren eta Islandiaren arteko berradiskidetzea besarkada baten bitartez sinbolizatu zuten Raffnson-ek (ezk) eta Irujok (esk). (Argazkia: Etxepare Institutua)
Laurehun urte eta gero, Euskal Herriaren eta Islandiaren arteko berradiskidetzea besarkada baten bitartez sinbolizatu zuten Raffnson-ek (ezk) eta Irujok (esk). (Argazkia: Etxepare Institutua)

PUBLIZITATEA

Besarkada bat baino gehiago izan zen, askoz haratago joan zen. Iragan asteko asteazkenean, apirilaren 22an, Xabier Irujok eta Magnús Raffnson-ek Euskal Herria eta Islandiaren arteko berradiskidetzea irudikatu zuten, modu sinbolikoan, elkarri besarkada emanez. “Oso ekitaldi hunkigarria izan zen”, esan dio EuskalKultura.com-i ekitaldian partaide izan zen Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak.

Hólmavik, Islandia. Duela 400 urte, Islandiako Hólmavik herriaren inguruan, 32 baleazale euskaldun erail zituzten bertako nekazariek. Sarraskian zendutakoak gogoratzeko eta bi herrien arteko adiskidetza finkatzeko, bost eguneko programa gauzatu dute, islandiarrak eta euskaldunak partaide, irlako Reykjavik hiriburuan, iparraldeko fiordoetan eta Hólmaviken bertan. Egitarau barruan, nazioarteko aditu mintegi bat eta Euskal Herriko zein Islandiako musikarien kontzertuak eta, asteazkenean, bi herrien arteko elkar besarkatzea UNR-ko irakasle den Xabier Irujok eta Hólmavik-eko Sorginkeriaren Museoko zuzendari Magnús Raffnson-ek hezurmamitua. Lehenak, eraildako baleazaleak ordeztu zituen eta, bigarrenak, erailtzaileak.

“Esanahi ugari ditu (ekitaldiak)”, argitu du Irujok. “Alde batetik, hildakoen memoria gogora dakargu eta, bestetik, Islandian, honen inguruko debatea eta elkarrizketa sustatu nahi izan dugu”. Irujo ez da hil zuten baleazaleen ondorengoa baina, berak azaldu duenez, “arbaso mutrikuarrak ditut, XVII. mendera arte: Urkiditarrak, Lasatarrak, Gorostiditarak, Isasitarrak... Eta 1615ean hildako marinel bat Isasi zen”, beraz bera beste edonor bezain ona haiek ordezteko.

Raffnson, ostera, bada hilketan parte hartu zuten zenbaiten ondorengoa. “Modu sinbolikoan eman diogu besarkada elkarri”, gehitu du Venezuelako euskal diasporan jaiotako Irujo euskaldunak. “Oso hunkigarria izan zen”, gehitu du Etxepare Institutuko Goenagak.

Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Ikerne Badiola, Gipuzkoako Kultura diputatua izan ziren Euskal Herritik gerturatutako ordezkari politiko nagusiak. Islandiakoak, berriz, Illugi Gunnarson Kultura ministroa, eta Esther Ösp Valdimarsdóttir eta Jón Gísli Jónsson, Hólmavik-eko Udal ordezkariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia