euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsolaritzaren doinuak Nevadan zabaltzen, Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiak aurkeztu duen erakusketari esker

2016/12/14

Erakusketaren argazki bat
Erakusketaren argazki bat

Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiak bertsolaritzari buruzko erakusketa bat sortu du, Nevadan euskal inprobisazio tradizio honi buruz berri emateko. Erakusketan argazkiak eta ingelesezko azalpenak biltzen dira; horrez gain, Asier Altuna zuzendariaren bertsolaritzari buruzko dokumental bat ere dago ikusgai. Erakusketa apirila arte egongo da Renoko Basque Library-n. Erakusketaren antolatzaile dira Iñaki Arrieta Baro eta Shannon Sisco, Kulturartea egitasmoaren barruan.

PUBLIZITATEA

Reno, AEB. Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiak bertsolaritzari buruzko erakusketa bat aurkeztu du berriki, eta apirila bitartean izango du ikusgai. Bertsolaritza "bat-bateko poesia abestu forma bat da eta euskal kulturaren kultur adierazpide garrantzitsu bat", erakusketaren antolatzaileen esantean. Gainera, tradiziotik modernitatera jauzia ematea lortu du eta gaur egun bertsolariak euskal gizartearentzako pertsonai ezagun eta mirestuak dira. Ohikoa da bertsolariak kantuan entzutea jaialditan, kultur ekitalditan eta arlo askotako jarduera eta topaketetan.

"Bertsolaritza euskaldunek munduko bat-bateko poesiari egin dioten ekarpena da, eta euskaldunek gainera gauza oso berezia lortu dute berarekin: bertsolaritza iraunaraztea, modernizatzea eta munduari ezagutzera ematera", agertu dute aurkezpenean erakusketaren antolatzaileek.

Erakusketa honen helburua bertsolaritza Nevadan eta Ameriketan ezagutzera ematea da, euskal komunitatearen mugetatik kanpo. AEBetan badira bertsolariak eta bertako euskal jaialditan ohikoa da hauek kantuan entzutea, baina erakusketak arte hau unibertsitateko ikasle eta publiko orokorrari ere erakustea du helburu.

Erakusketan bertsolaritzari buruzko azalpen panelak irakur daitezke, eta egungo AEBetako eta Euskal Herriko bertsolarien argazkiak daude ikusgai. Horrez gain, bisitariek bertsolaritzari buruzko liburuak izango dituzte eskuragarri eta Asier Altunak bertsolaritzari buruz eginiko dokumental bat ikusi ahalko dute.

Bertaratzen direnek gainera, "Voicing the Moment: Improvised Oral Poetry and Basque Tradition" liburuaren kopia jasoko dute, Center for Basque Studies-i esker. Liburu honetan hainbat ikerlek bertsolaritzari buruz hitz egiten dute, eta gaur egungo bertsolari ezagunek euren poetika eta inprobisazio teknikei buruz hausnarketa egiten dute.  

Erakusketaren antolatzaileak Iñaki Arrieta Baro, Euskal Liburutegiko arduraduna, eta Shannon Sisco dira. Muntaian eta diseinuaren ardura Siscok, Vivian Lewisek eta Annabel Gordon kolaboratzaileek izan dute.

Nevada-Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Basque Library da erakusketaren antolatzaile, Kulturartea egitasmoaren barruan. Kulturartea arlo akademikoko erakundeek osatzen duten sarea da, mundu osoko bat-bateko poesia eta inprobisazio tradizioak sustatzeko helburuarekin.

Los visitantes recibirán, gracias al apoyo del Center for Basque Studies, una copia de "Voicing the Moment: Improvised Oral Poetry and Basque Tradition", una obra en la que varios autores reflecionan sobre bertsolaritza y algunos de los mejores bertsolaris reflexionan sobre su arte poético y sus técnicas improvisativas.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia