euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatuko du Nafarroako Gobernuak, goreneko babes maila emanez

2017/09/20

Bertsolarien Elkarteko webguneak berehala islatu du Nafarroako Gobernuak atzo adierazitako pausoa
Bertsolarien Elkarteko webguneak berehala islatu du Nafarroako Gobernuak atzo adierazitako pausoa

Nafarroako Gobernuak kultura-intereseko ondasun deklaratuko du bertsolaritza, ondasun ez-material gisa, Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak egindako proposamenari jarraiki. Ondorioz, Kultur Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako goreneko babes maila jasoko du, aurten bertan. Sei izanen dira honela Nafarroako kultura intereseko ondasun deklaraturiko elementuak: Lanzko inauteria (2009), Ituren eta Zubietako inauteria (2009), Hiru Behien Zerga (2011), Luzaideko bolantak (2012) eta Cortesko paloteadoa (2014).

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Nafarroako Gobernuak bidea abiatu du bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko, ondare immaterial gisa. Nafarroako Bertsozale Elkarteak urte hasieran egin zuen izendapenerako eskaera, bertsolaritzak herrialdean izan duen eta duen presentziari buruzko informazio xehatua aurkeztuz. Txosten horretan, bertsolaritzaren alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitateen parte-hartzea, bilakaera eta transmisio moduak azaldu zituen Elkarteak.

Espedientea, gainera, Nafarroako Kultura Ondare Inmaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoa eta etnolinguista den Alfredo Asiain Ansorenaren txosten batekin osatu da.

Bertsolaritza euskarazko bat-bateko kantu modalitate bat da. Bertsoak eta puntuak errimaz eta neurriz egiten dira, musika tresnen laguntzarik gabe. Ikuspegi historikoari dagokionez, XV. mendeko erreferentziaren bat izan bada ere, lehen dokumentu erregistroak XVIII. mendekoak dira.

Doinua, errima eta neurria dira bertsoaren alderdi teknikoak. Bertsoaren indarra balio poetikoan eta arrazoibidearen distiran daude. Sortzaileak, bertsolariak, mendeetan zehar kultura adierazpen hau bizirik mantendu duten eta belaunez belaun ahoz transmititu duten inprobisatzaileak dira. Bertsolaritzak duen bigarren funtsezko subjektua entzulea da, bertsolaritzaren zeinahi modalitatetan eragile aktibo izaten dena.

Nafarroako Gobernuak izendapenaren berri emateko kaleratutako oharraren arabera, "Nafarroan ongien gorde den eta azpimagarriena den errepentismoa" da bertsolaritza. Orain, izendapenaren bitartez, berau babesteko neurriak jarriko ditu martxan administrazioak, bertsolaritzaren "fosilizazioa, autonomia galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna" saihesteko.

Jendaurreko argibideak eta Nafarroako Kultura Kontseiluak prestaturiko txostenaren tramiteak behin bukatuta sartuko da indarrean neurria, aurtengo udazkenean bertan.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia