euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsolariak, ipuin kontalariak eta Gandiagaren poesia protagonista Madrileko Euskal Etxeko Euskararen Egunean

2007/12/22

Unai Gaztelumendi eta Julen Zelaieta bertsolariak euren emanaldian (argazkiak Joaquin Ortiz)
Unai Gaztelumendi eta Julen Zelaieta bertsolariak euren emanaldian (argazkiak Joaquin Ortiz)
Madrileko Euskal Etxea jendez gainezka egon zen Euskararen Egunaren ospakizunean, Julen Zelaieta bertsolari beratarrak eta Unai Gaztelumendi añorgatarrak eskaini zuten saioa ikusteko. Jarraian elkarteko euskara ikasleek afaria egin zuten eta bertsolariek saio berria egin zuten afalosteko giro ederrean. Aitor Koteron soinujoleak eta Mikel Castrillo txistulariak ere saioa eskaini zuten. Biharamunean, haurrentzako ipuin kontalariak aritu ziren eta Bitoriano Gandiagaren poesia irakurraldia egin zuten euskara ikasleek.

PUBLIZITATEA

Euskal Etxeak joan den azaroaren 30ean hasi zituen Euskararen Eguneko ospakizunak bertsolari saio batekin. Julen Zelaieta beratarra eta Unai Gaztelumendi añorgatarra aritu ziren saioan eta arrakasta handia eurenganatu zuten. Ekitaldia irekia zen elkarteko bazkideentzat zein bertsoetan interesa zuen edonorentzat eta 'erantzun oso ona izan zuen, aretoa jendez gainezka baitzegoen', adierazi dio Rosa Ramírez kazetari eta Euskal Etxeko bazkideak EuskalKultura.com-i.

Ondoren afaria egin zuten elkarteko euskara ikasleek eta bertsolariak ere ekitaldira bildu ziren. Afarian zehar giroa ederki asko alaitu zuten Aitor Koteron soinujoleak, Mikel Castrillo txistulariak eta larunbatero elkartean egiten den pandero ikastaroko ikasleek euren erritmo eta soinu eta aireekin.

[Goiko irudian Euskararen Eguna dela eta Madrileko Euskal Etxean egin zen afariko giroa]

Afariaren ostean bertsolariek beste bertso saio bat egin zuten, ordutan luzatu zen giro ederrean. Entzuleek oso gustukoa izan zuten saioa, Ramirezek baieztatzen duenez. 'Gai desberdin asko jorratu zituzten, orokorrean era oso sarkastikoan, baina une hunkigarririk ere ez zen falta izan, adibidez aurten hil den euskaltegiko ikasle bat, Jose Antonio Vizcaíno, gogoratu zutenean'.

[Goiko irudian bertsolariak afariko saioan]

Ipuin kontalariak euskaraz

Biharamuenan, abenduaren lehenean, jarraipena izan zuten Euskararen Eguneko ekitaldiek. Jardunaldiei hasiera emateko ipuin kontalaritza saioa antolatu zen Euskal Etxean, Kontukantoi taldearen eskutik. Ikuskizunean ipuin sorta bat eskaini zuten euskaraz, irudi eta marrazkiekin lagunduta. 'Jarduera oso dibertigarria izan zen eta gainera txikientzako oso pedagogikoa', aipatzen du Ramírezek.

[Goiko irudian Kontukantoi ipuin kontalarien saioko une bat]

Gandiagaren poesia

Bukatzeko, euskaltegiko ikasleek Bitoriano Gandiagaren olerkiak irakurri zituzten eta Jorge Etxague irakasleak ere euskararen aldeko adierazpena irakurri zuen. Gandiaga eredu hartuta Etxaguek zera esan zuen, Gandiagaren pentsamoldea ekarriz: 'euskaldun izatea ez da munduari bizkarra ematea, are gutxiago inoren aurka jotzea: herrien arteko berdintasuna aldarrikatzeko beste ere bat da'. Bitoriano Gandiaga Mendatako Orbelaun baserrian jaio zen, Gernikatik gertu, 1928an, eta 2003an hil zen. Fraide frantziskotarra izan zen Arantzazuko komentuan eta bertatik idatzi zituen bere poema eta liburuak .

[Goiko irudian Euskararen Eguna dela-eta egin zen poesia irakurraldia]


Lotura interesgarriak

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Madrileko Euskal Etxearen 25. urteurreneko kontzertua
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia