euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berritze lanak burututa, Macachingo ‘Euzko Alkartasuna’ hotelaren inaugurazioa apirilaren 4an izango da

2012/03/30

Macachingo Euzko Alkartasuna hotelako Macachin erdiguneko plazan dago kokatua. Instalazio itzelak dauzka eta bertako euskal etxearen egoitza da. Euskal ezaugarriak, muralak eta apaindurak dauzka bere instalazio guztietan
Macachingo Euzko Alkartasuna hotelako Macachin erdiguneko plazan dago kokatua. Instalazio itzelak dauzka eta bertako euskal etxearen egoitza da. Euskal ezaugarriak, muralak eta apaindurak dauzka bere instalazio guztietan

PUBLIZITATEA

15 hilabeteko zaharberritze prozesuaren ostean, Pazko asteburu luzerako irekiko ditu berriro ateak La Pampa argentinar probintziako hotel esanguratsu honek. Euzko Alkartasuna hotel berrituak kalitate handiko 36 logela eta goi mailako zerbitzuak eskainiko dizkie Macachinera heltzen diren bidaiariei, hori guztia apaindura eta giro erabat euskaldunean. “Instalazioak berritu baditugu ere, hotelaren muina ez dugu aldatu. Alegia, euskal kulturarekin lotzen gaituena mantendu dugu, horrela izan behar duelako, Macachingo gizatalde euskaldunaren lekua delako eta Argentina osoan ‘Hotel Vasco’ izenpean ezagutzen delako”, azaldu dio Euzko Alkartasuna-ko kontseziodun berria den Oscar Prosperik EuskalKultura.com-i.

Macachin, Argentina. Urrundu egin dira Macachingo euskaldunek izandako buruhauste eta trantze latzak. Duela bi urte, orduko hotelaren arduradunarekin gertatutako gatazkak iraganeko kontu dira orain eta Oscar Prosperi kontseziodun berriaren eskutik, Eusko Alkartasuna hotela martxan jarriko da laster, apirilaren 4an seguruenik, herriari eta are gehiago bertako eta nazioko euskal komunitateari ezinhobea den albistea ekarriz, Macachingo Euzko Alkartasuna ez baita hotel eta eraikin bat gehiago, Euskal Herriari eta euskaldunei eskainitako monumentua baizik, instalazio handi eta aberastuna, euskal mural, apaindura, ikonografia eta oro har euskal arima bazter guztietatik darion proiektu bat, 1966an komunitate-ahalegin garrantzitsu bat eginez bertako euskaldunek duintasunez betetako oroitarri eta ikur gisa eraiki zutena, adieraziz noraino iristen den euskaldunen ekimena eta ahala, non eta Pampako hiri honen plaza nagusiko leku hautuan, plazan bertan Gernikako Arbolaren kimu bat hazten ari dela.

“Behin betiko data finko-finkoa oraindik ez badugu ere, gure asmoa Aste Santuan jendea jasotzen hastea da. Izapide batzuk bete behar ditugu, baina instalazioei dagokienez dena prest dago”, adierazi digu Prosperik, hotelean egin ziren aldaketen xehetasunak ere azaldu dizkigula: “Eraikuntzaren egitura izan ezik, barnealde osoa aldatu dugu: zoruak eta sabaiak, hormak, hoditeriak, berokuntza eta hozte sistemak, argiak... Logeletako altzari, ohe-jantziak, bainugelak… den-dena estreinatzekoa da eta kalitate handikoa gainera. Segurtasun neurriak eguneratu eta gela egoitu dugu gaitasun murriztuko jendeentzat. Harreraguneko itxura erabat aldatu dugu eta hotelaren kudeaketa hobetzeko, sofware berri bat eskuratu dugu. Horretaz gain sukaldea modernizatu dugu eta langileen jazki diseinu orijinalak egin ditugu”, azaldu digu Euzko Alkartasuna-ko arduradunak.

Macachingo Euzko Alkartasunaren bertsio berrituak 36 logela eskaintzen ditu eta, oro har, 70 pertsonarentzako tokia. Bi motatako gelak daude: 'estandarrak', lehenengo solairuan; eta 'gorenak', bigarrenean. Hala ere, guztiak honako zerbitzuak izango dituzte: hozkailua, aire egokitua, wi-fi-a, LCDa, eta gosari, bazkari eta afari zerbitzua. Jatetxea ere bada eta aretoa egokitua topaketa eta bilerak egiteko.  Nahiz eta berrikuntza gehienak egun prest egon, datozen hilabetetan areagotu eta zerbitzu berriak zabalduko dira, hala nola zine emanaldiak, igerileku klimatizatua eta aparkalekua, batzuk aipatzearren.

Euskal giroa

“Nahiz eta berritze lanak handiak izan, hotelaren funtsa ez dugu aldatu. Euskal Herriarekin lotzen gaituena ez dugu ukitu hori baita lekuaren nortasuna. Alde batetik, gure herriko kolektibitate euskalduna oso handia da; bestalde, eta ondo asko dakit nik hau Argentinako hiri askotan bizi izan naizelako, herrialde osoan ‘Hotel Vasco’ izenpean ezagutzen delako. Hori dela eta mantendu baino gehiago, sustatu egin behar dugu hotelaren alde hori. Eta zentzu honetan, diseinatzaile batek logo berria egin digu, fatxadan zeuden armarriak txukundu ditugu, eta Euskal Herriko irudi eta koloreak ikusi ahal dira hotel osoan. Argi eta garbi geratzen da jatorri euskalduneko hotela dela”, azpimarratu du Prosperik.

Eta euskal jatorriko hotela denez, euskal jatorriko lagunek abantaila batzuk izango dituzte. “Euskal etxeetako kideentzat tarifa berezia izango dugu – %15ko deskontua – eta detaile bereziak. Gauza bera Euskal Herritik etortzen diren bidaiarientzat”, adierazten digute hoteletik.

Macachingo Euzko Alkartasuna Hotela 2012 01

[Euskal Herriarekiko lotura nabaria da Euzko Alkartasuna hoteleko txoko guztietan]

Oscar Properik Macachingo kolektibitate euskaldunarekiko duen adeitasuna ez da berria. Izan ere, euskal etxeko partaide ez izan arren, Euzko Alkartasuna hoteletik oso hurbil ibili da txikitatik. "Nerabetan tenis eta paddle klaseak hartzen nituen hotelean. Horretaz gain hotelak berak beti harritu ninduen, hain handia… Eta oso argi neukan hotelaren garrantzia, probintzia mailan eta maila nazionalean. Gaztetan, Turismo Karrera ikasi nuen Bahia Blancan eta hiri handietako hotel batzuetan aritu nintzen; baina beti izan nuen buruan amets hau: egunen batean Euzko Alkartasunan lan egingo nuela. 2011ko apirilaren 21ean – gogoan dut oraindik – eskutitza idatzi nion euskal etxeko erreferentea den Iñaki Unamunori hotelaren etorkizuna nire gain hartu nahi nuela esanez, eta erantzuna ez zen berehala heldu, baina hilabete batzuk geroago elkartu ginen kontratuaren kontuak adosteko. Euskal etxeko kideek ostatu arloko aditu bat nahi zuten. Eta bertokoa bazen, hobeto. Eta nik bi baldintzok betetzen nituen. Bestetik, aitortu beharrean nago euskal etxeko erantzuleek nigan ipinitako konfiantzak nire aitaren irudi eta izen onarekin zerikusi handia duela: printzipio eta balore handiko pertsona da aita eta hori ere izan da, seguruenik, ni hautatzeko arrazoi bat”.

Euzko Alkartasunaren inaugurazio ekitaldia

Hotelaren inaugurazioari dagokionez, apirilaren 4erako dago aurreikusia. Eta azken momentuko xehetasun batzuk egiteke, arduradunaren asmoa Aste Santuan funtzionatzen egotea da. “Azaroan barne elkarretaratze bat egin genuen egindako aurrerapenak erakusteko. Orain, azkenik publiko orokorrari irekiko dizkiogu ateak eta hori ere ekitaldi batez ospatuko dugu da. Baieztapenaren zain gaude, baina ziur aski, Oscar M. Jorge gobernadorea etorriko da. Herriko agintariak ere bertaratuko dira eta brindisa eta musika eta dantza ikuskizunak egongo dira. Komunitate osoari luzatu nahi diogu Euzko Alkartasuna-ren inauguraziorako gonbitea, aspaldiko partez hotela bere onenean ikus dezan”.

Euzko Alkartasuna hotela
Parodi 340. Macachin, La Pampa, Argentina
Tel:  02953 – 452145 / 02954 – 15364576
Hoteleko emaila:
info@euzkoalkartasuna.com.ar
Oscar Prosperirena: oscarprosperi@hotmail.com
Webgunea (prestatzen): www.euzkoalkartasuna.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia