euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berrikuntzarako Innobasque euskal erakundea Kolonbia, Mexiko eta Txileko goi ordezkaritzen anfitrioi

2009/01/21

Innobasqueren Biltzar Orokorra 2008ko urtarrilean
Innobasqueren Biltzar Orokorra 2008ko urtarrilean
Euskadin izpiritu ekintzailea, sormena eta berrikuntza sustatzeko sortutako Innobasque erakundeak agenda trinkoa bizi du egunotan, Kolonbia, Mexiko eta Txileko goi mailako ordezkaritzak bisitari. Pedro Luis Uriarte elkarteko lehendakariaren eta bere zuzendaritza taldeko kideen agendak Kolonbiako presidenteorde Francisco Santosen bisita bildu zuen atzo, biharko San Luis de Potosi hiri mexikarreko ordezkaritza bati egingo dion harrera dauka aurreikusita eta datorren asterako, berriz, Txileko Ekonomia ministroaren bisita iragartzen du, guztietan innobazioa bultzatzeko hango eta hemen garatzen diren eta koordina daitezkeen ahaleginak aipagai.

PUBLIZITATEA

Zamudio, Bizkaia. Innobasqueko prentsa bulegoak berak xehetutako programari jarraiki, atzo asteartez, urtarrilaren 20an, Kolonbiako lehendakariorde Francisco Santos-ek bisitatu zuen Innobasqueren egoitza, erantzunez honela, iazko azaroan Pedro Luis Uriarte Innobasqueko lehendakariak haren herrialdera egindako bisitari. Honen harira, seguruenik, Innobasque aurten bertan itzuliko da Kolonbiara, nazioarteko maila goreneko topaketa bat dela-eta, Medellinen izan ere, ekainaren 18an eta 19an.

Bihar osteguna, berriz, Mexikoko San Luis Potosiko ordezkaritza bat etorriko da Innobasquera, Héctor Mendizabal, Javier Salazar eta Alejandro Zapata buru direla. Mexikon, Kolonbian eta Txilen bezalaxe, euskal loturako enpresen ezarpena handia izan da tradizioz, eta beraz Euskadiko eta Mexikoko ekonomien arteko harremana hausnarketa-gaietako bat izango da bilera honetan.

30ean Txileko Ekonomia ministroa

Datorren astean, ostera, urtarrilaren 30ean, Michelle Bachelet-en egungo gobernuko ekonomia-ministroa den Hugo Lavados izango da bisitaria. Lavados ministroak izen laudatua eta goretsia da makroekonomia, mikroekonomia, ekonomia-garapen eta proiektuen ebaluazioaren arloetan.

Innobasquek Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin koordinaturik sustatzen dituen elkarretaratze hauek berrikuntzarako euskal erakunde hau nazioartean zertzen ari den kokatze- eta kontrastatze-estrategiaren barruan sartzen dira, jakin arazi dute Pedro Luis Uriarte buru duen ekimeneko prentsa bulegotik.

Lotura interesgarriak

Innobasqueren webgunea
www.innobasque.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia