euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berriketari, Santiagoko EEaren aldizkaria, 3. alearekin dator elkarteko kideak hurbiltzera

2008/09/04

Ignacio Bastarrica eta Maria Angelica Carrasco, Berriketariko arduradunak, Iñaki deunaren jaia ospatzera Santiagoko Euzko Etxera hurbildu ziren Euskal Herriko ikasle batzuekin
Ignacio Bastarrica eta Maria Angelica Carrasco, Berriketariko arduradunak, Iñaki deunaren jaia ospatzera Santiagoko Euzko Etxera hurbildu ziren Euskal Herriko ikasle batzuekin

PUBLIZITATEA

'Gure jendea hurbilduz', horixe da Berriketari aldizkariaren leloa eta hirugarren zenbakia aurkeztearekin batera argitalpenaren arduradunek lan horretan lortzen ari diren 'eragin biderkatzailea' dela eta pozik agertu dira. Eragin horren adibide eder bat izan zen elkarteak egin zuen Iñaki Deunaren jaia, izan ere 'garai onenetan bezala, Euskal Etxean euskaldun, euskaldunen ondorengo eta lagunen artean jendetza bildu zen'.

Santiago, Txile. Berriketari aldizkari digitalak, Santiagoko Euzko Etxea-ko buletinak, bere hirugarren alea kalean du jada eta bertan jasotzen dira elkarteak azkenaldian egin dituen ekitaldiak, adibidez Iñaki Deunaren jaia eta Canal Vascoren aurkezpena Txilen. Aldizkariko arduradunek, Ignacio Bastarricak eta Maria Angélica Carrascok, editorialean buletinak elkarteko kideen artean izan duen harrera onagatik poza agertzen dute. Aldizkaria jaso eta lagunei bidaltzerakoan, elkarteko kideek Berriketariren 'eragin biderkatzailea' bultzatzen ari dira, eta elkarteko berri gero eta jende gehiagorengana heltzea lortzen ari omen dira.

 

Berriketari Santiago Txile San Ignazio 08 4

[María Angélica Carrasco eta Ignacio Bastarrica, Berriketariko arduradunak]

Hari beretik hitzegin zuen elkarteko zuzendari José María Narvarte Arregik Iñaki Deunaren jaian. Narvartek buletinak jendea hurbiltzen egiten duen lana azpimarratu zuen eta 'Euzko Etxea biziten ari den sasoi onagatik' poza agertu zuen. Arlo ekonomikoan 'egoera larriari' buelta eman diote azken urteetan, eta kultur eta gizarte ekitaldiek ere nabarmen egin dute gora euskal elkartean. Preseski, egunotan Euzko Etxean Trinketean I. Euskal Pilota txapelketa egiten ari dira, nazioarteko bederatzi selekzioen partaidetzarekin.

Berriketari Santiago Txile San Ignazio 08 2

[Euzko Etxean egin zen San Ignazio jaiara bildu zen jendetzaren zati bat]

San Ignazio jaian 'euskal etxea euskal-txiletar belaunaldi desberdinen topagune' izan zen, aldizkariaren esanetan. Eguna meza batekin hasi zen, elkarteko Koruaren  partaidetzarekin, Reverendas Madres Agustinas komentuaren elizan. Ondoren koruak beste emanaldi bat egin zuen Euzko Etxean, Patricio Aburto Jararen gidaritzapean hau ere. Itxaropen Gaztea dantza taldeak, bestalde, erakustaldia eskaini zuen.

Berriketari Santiago Txile San Ignazio 08 3

[Itxaropen Gaztea taldeko dantzariak]

'Berriketari' e-mailez jasotzeko:

Karin Alvarado Salas
Idazkaritza, Euzko Etxea, Santiago
E-maila:secretaria@euzkoetxeachile.cl
Tel: 222 31 73
Fax: 635 45 55
Vicuña Mackenna 547, Santiago

Lotura interesgarriak

Euzko Etxea, Santiago
www.euzkoetxeachile.cl

Eusko Etxea, Valparaíso
www.euskoetxea.cl



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia