euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bernardo Atxagak Atzerriko Lan Onenari Mondello saria irabazi du Italian 'Soinujolearen semea' elaberriarekin

2008/04/25

Bernardo Atxaga idazle asteasuarra (argazkia GorkaSalmeron)
Bernardo Atxaga idazle asteasuarra (argazkia GorkaSalmeron)
Bernardo Atxagak Palermo hirian ematen duten Mondello saria irabazi du, atzerriko lan onenaren kategorian, 'Soinujolearen semea' (Pamiela, 2003) elaberriarengatik. Liburuaren italierazko edizioak Il libro di mio fratello izenburua du eta Einaudi argitaletxeak plazaratu du. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia. Bestalde, Ipar Ameriketan, Kirmen Uriberen 'Bitartean heldu eskutik' obraren bertsio ingelesa -- Meanwhile take my hand, Elizabeth Macklin itzultzaile-- finalista gelditu da AEBetan 2007ean ingelesera itzulitako olerki-lan onenen sailean, bertako Pen Klub-ak deituriko sarietan.

PUBLIZITATEA

Bernardo Atxaga idazleak Mondello saria jaso du Palermon, 'Soinujolearen semea' eleberriaren Il libro du mio fratello italierazko bertsioarekin. Sarien 34. edizioan Atxagaren lanaren bertsio italiarrari Atzerriko Lan Onenaren saria ematea erabaki du epaimahiak ahobatez. Atxagak idazle ospetsuak izango ditu lagun 1975az geroztik saria jaso dutenen palmaresean. 'Askok Nobel saria jaso zuten Mondelloa irabazi eta urte batzuetara', gogorarazten du sarien antolakuntzak, hala nola Günter Grass (Mondello saria ’77), Josif Brodskij (’79), Doris Lessing (’87), V.S. Naipaul (’88), Seamus Heaney eta Kenzaburo Oe (biak '93) eta J.M.Coetzee (’94).

Sari banaketa ekitaldia datorren maiatzaren 24ean egingo dute Palermon eta Atxaga bertan izango dela iragarri dute antolatzaileek, kategoria desberdinetako irabazleekin batera. Ohitura denez, irabazleek mahainguru batean parte hartuko dute saria jaso aurretik. Aurten mahainguruak Il senso in-civile della scrittura gaia jorratuko du eta Atxagarekin batera Andrea Bajani, Antonio Scurati, Flavio Soriga eta Tzvetan Todorov izango dira mahaikide. Aipatzekoa da Atxagak berriki beste sari bat jaso duela Italian 'Soinujolearen semea' lanarengatik: Ginzane Cavour saria.

Uribe ingelesez, 2007ko onenen artean

Bestalde, Estatu Batuetatik Kirmen Uriberen 'Bitartean heldu eskutik' poema liburuari buruzko berri onak datoz. Azkena lanaren ingelesezko itzulpenak AEBetako Pen Clubak 2007an AEBetan argitaratutako ingelesezko poema liburu onenen sarian finalista izan dela da. Elizabeth Macklin poeta izan da itzultzailea eta liburuak --Meanwhile take my hand, ingelesez-- harrera ona izan du. Pen Club-a AEBtako literatur elkarte garrantzitsuenetakoa da eta bere kideen artean Salman Rushdie edo Paul Auster bezalako idazleak daude.


Lotura interesgarriak

Bernardo Atxagaren bloga
www.atxaga.org

Atxaga eta Uribe europar poesia berriaren antologia batean
EuskalKultura.com-en argitartua 2008ko apirilaren 18an

'Soinujolearen semeak' Grinzane Cavour saria jaso du Italian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko urtarrilaren 24ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia