euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berlingo Euskal Etxeak "Bakearen Graffittia" ekitaldiarekin Picassoren "Guernica" ekarri zuen hiriko kaleetara

2012/06/11

Neukölln auzoko eskolako neska-mutilak gogotsu aritu ziren graffittia osatzen zuten panelak margotzen (argazkia BerlinEE)
Neukölln auzoko eskolako neska-mutilak gogotsu aritu ziren graffittia osatzen zuten panelak margotzen (argazkia BerlinEE)
Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta Berlingo Euskal Etxeak jardunaldi asko egin ditu azken asteetan eta, gainera, ekitaldiotan hiriko biztanleen konplizitatea eta partehartzea lortu ditu. Horren eredu izan zen Guernica Platz delako plazan egin zen omenaldia: bertan Gernikako neska batek igorritako gutun bat irakurri zuten eta auzokide asko zinez hunkitu egin ziren. Azken ekitaldian ere berlindar asko bildu ziren, margoak hartu eta "Bakearen graffiti"-a egiten laguntzeko prest. Euskal eta alemaniar graffittigileak gidari, denen artean osatu zuten Picassoren "Guernica" ezagunaren berrinterpretazioa.

PUBLIZITATEA

Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxeak Gernikaren bonbarketaren 75. urteurrenaren karira ekitaldi egitarau mardula egin du apirilean zehar. Azken saioa iragan ekainaren 1ean egin zuen berlindar elkarteak, Donaustrasse kaleko Umearen Eguneko jaiaren barruan. Elkarteak antolatuta, bost graffittigilek Picassoren "Guernica" margoaren berrinterpretazioa egin zuten.

"Bakearen graffitia" delako hau egiten goizean goiz hasi ziren hiru artista euskaldunak (gernikarrak, zehazki) eta bi alemaniarrak. Gaueko zortziak arte aritu ziren lanean, eta eurekin batera margotzen aritu ziren ekitaldian parte hartu nahi zuten auzoko haur eta biztanleek ere.

Berlin Gernika Graffitti
[Donaustrasse kalean standak jarri eta ekitaldiak egin ziren, horien artean "Bakearen Graffittia" (argazkia BerlinEE)]

Berlin Gernika graffitia (1)

[Auzokideen interesa piztu zuen graffitiak (argazkia Berlin EE)]

Graffitia egurrezko sei paneletan margotu zuten artistek, eta seigarren panela auzokideek eta Rixdorf eskolako umeek margotu zuten, Euskal Etxeak azaldu duenez. "Horrez gain, Picassoren irudiaren inguruko jokoak, puzzleak eta testuak erabili genituen, Gernikan duela 75 urte gertatua ezagutzera eramateko" agertu du elkarteko presidente Ainhoa Añorgak. "Antolatzaileak oso pozik geratu dira bai ekitaldiarekin zein Neukölln auzoan ekimenak izan zuen harrerarekin. Hemendik aurrera hormirudia erakusgarri egongo da udaleko bulegoan eta laister, udarako, Neuköllngo hof edo patio bateko paretetan itsatsiko dugu, bertan gera dadin auzotarrentzat erakusgarri".

Guernica Platz-en hunkituta

Añorgak bereziki azpimarratzen du elkarteak berriki egin zuen beste ekitaldi bat ere: Bonbardaketaren egun eta ordu berean (apirilaren 26ean) Berlingo Guernica Platz izeneko plazan egin zuten omenaldia. "Bezperan Gernikako neska gazte baten eskutitz hunkigarria jaso genuen, eskerrak emanez egin genuen lanagatik eta egun horretan bi herriak bat eginda geundela esanez. Eskutitza itzuli eta plazan irakurri nuen eta jendea asko hunkitu zen eta eskerrak emanez etorri zitzaizkidan", gogoratu du. 

Egun horretan, gainera, Klaus Ihlauren "Gernika" dokumentalaren emanaldia antolatu zuen euskal etxeak Sternberg ikastolako seigarren mailako haurrentzat. Astean zehar ikasleak gaia lantzen aritu ziren, Berlingo  Euskal Etxeak ekimenerako prestatutako Gernikaren bonbardaketari buruzko materiala erabiliz.

Berlin Gernika 75. urteurrena dokumentala

[Sternberg eskolako neska-mutilak, "Gernika" dokumentalaren emanaldian (argazkia Berlin EE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia