euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara entzungo da bihar Berlinalen, homosexualitatea deskubritzen duen baserritar bati buruzko Ander filmean

2009/02/10

'Ander' filmeko protagonistak
'Ander' filmeko protagonistak

PUBLIZITATEA

Roberto Caston zinemagile galiziarrak zuzendu duen 'Ander' luzemetraia bihar estreinatuko dute Berlingo Zinemaldi ezagunean. Filmeak Panorama sekzioan parte hartuko du, lehiaketa ofizialetik kanpo, baina hala ere hainbat sari eskuratzeko aukera izan dezake: Ikusleen Saria, Nazioarteko Kritikoen Fipresci Saria eta Zuzendari Berri Onenari Saria. Lau emanaldi egingo dira Berlinen: bihar, etzi, ostiralean eta igandean. 'Ander' filmak homosexualitatea deskubritzen duen baserritar baten istoria azaltzen du eta euskarazko eta gaztelerazko dialogoak dauzka.

Berlin, Alemania. Berlinale Zinemaldiko ikusleek euskara entzuteko aukera izango dute bihar hiri alemaniarreko zinema aretoetan, 'Ander' luzemetraiaren emanaldiari esker. Filmea Roberto Castonek zuzendua da eta aktore nagusiak Joxean Bengoetxea, Christian Esquivel, Mamen Rivera eta Jose Kruz Gurrutxaga dira. Homosexualitatearen gaia naturaltasunez eta euskaraz tratatzen du.

Luzemetraiak Zinemaldiko Panorama sekzioan parte hartuko du eta lau emanaldi egingo dira guztira: bihar, Zoo Palast zineman (21:30); ostegunean, CinemaX aretoan (12:30); ostiralean, Cubix zinean (17:00); eta igandean, International aretoan (17:00). 

Baserritar maitemindua

Filmea Berdinduk, Eusko Jaurlaritzaren lesbiana, gay eta transexualen arretarako zerbitzuak ekoiztu du eta Arratiako bailaran bizi den Ander izeneko baserritar baten istoria kontatzen du. Ander amarekin eta arrebarekin bizi da eta istripu baten ondorioz denboraldi baterako erren gelditzen denean familiak Peruko etorkin bat, Jose, kontratatzen du baserriko lanetan laguntzeko. Gutxinaka, eta bere harridurarako, Anderrek Joserekin maitemintzen ari dela deskubrituko du.

Luzemetraia Zeanurin grabatu zen 2008ko udan eta protagonistek euskaraz eta gazteleraz hitz egiten dute. Familiak adibidez Arratiako euskaraz egiten du eta Josek gazteleraz soilik. 'Ander' joan den urtarrilaren 30ean estreinatu zen Bilbon, Zinegoak jaialdiaren barruan, Ibarretxe lehendakaria ere bertan zela.

Lotura interesgarriak

Ander filma Berlinaleko gida batean
http://berlinale.unlike.net/program/320-Ander
http://berlinale.unlike.net

Berlinaleren webgunea
http://www.berlinale.de



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia