euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Benito Juárez-ko Euskal Juárez elkarteak plaka desestali du herriaren 150. urteurrenean Immigranteen ospakizunetan

2017/09/07

Buenos Aires probintziako herri hau bere 150. urteurrena ari da betetzen aurten eta ekitaldien barne, eta Immigrantearen Eguneko ospakizunekin batera, euskal plaka oroigarri lauburudun bat desestali zuten joan den igandean Euskal Juarez elkarteko kideek herriko kanposantuan, etorkinen omenezko monumentuaren oinarrian. Ekintzak aste osoan luzatuko dira eta irailaren 22an bukatuko, dantza ikuskizun batekin.

 

PUBLIZITATEA

Benito Juarez, Argentina. Urtero sasoi honetan fin betetzen duten beren hitzorduari eutsi diote aurten ere Buenos Aires probintziako Benito Juarezko Euskal Juarezko lagunek. Izan ere, txikia da oraindik  euren taldea eta urtean zehar ez daukate aktibitate handirik, baina irailaren hasieran beti hartzen dute parte etorkinen omenean herriak antolatzen dituen ekitaldietan.

Aurtengo ospakizunak irailaren 3an hasi ziren herrian, bertako hilerrian hain zuzen. Bertan, euskal kolektibitateak euren hildakoak gogoan atxikiz, plaka oroigarri bat desestali zuen etorkinei zuzendutako monumentuan, erlijio ezberdinetako ordezkari eta beste kolektibitate batzuetako lagunak bildu zituen zeremonia batean.

Irailaren 4an, alegia Immigrantearen Egunaren baitan, Erakusketa Estatikoa inauguratu zen Juan Jose Bernal Torres Liburutegian. Erakusketan euren herrietako banderak, ikurrak eta objektu adierazgarriak jartzen dituzte ikusgai kolektibitateek. Etorkinen eta euren familien ondasunak, argazkiak eta oroigarri esanguratsuak ere jartzen dira publikoaren eskura iragana hurbildu eta hobeto ezagutu ahal izateko. Euskal Juarez taldeko erreferente den Maria Elena Haedok EuskalKultura.com-i azaldu dio, “oso pozik" daudela "jende asko etorri delako erakusketaren inauguraziora". "Gainera, euskal abizen gehiago ari gara gehitzen gure zerrendara”. Benito Juarezko Immigrantearen eguneko programa irailaren 22an bukatuko da Sol Argentino Dantza Eskolak eskainiko duen ‘España y Argentina en una Copla’ izenburuko ikuskizunarekin.

Aurtengoari begira, beste betebehar bat dute aurten euskal kolektibitateko lagunek. “150. urte betetzen ari da aurten herria. Urriaren 31an egingo da urteurreneko desfilea eta parte hartzeko asmoa dugu, Euskal Herriaren ordezkari”, iragarri digu Haedok.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia