euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Benan Oregik 'Zutik Ozta-Ozta Nator' liburua aurkeztuko du gaur arratsaldean Boisen

2016/07/28

Benan Oregiren "Zutik ozta-ozta nator" liburuaren azala, bere aitaita (aitona) Benantzio Iñurrietaren bizitzan oinarritua
Benan Oregiren "Zutik ozta-ozta nator" liburuaren azala, bere aitaita (aitona) Benantzio Iñurrietaren bizitzan oinarritua

PUBLIZITATEA

"Txikitatik ezagutu genituen amamaren logelan kartoizko kutxa batean sartuta ehundaka karta. Orain urte batzuk digitalizatu egin nituen eta osaba guztiei banatu, papera ez baita betiko. Gerora etorri zitzaidan zerbait gehiago egiteko gogoa. Xabier Irujori erakutsi nion materiala eta berak animatu ninduen aurrera egitera. Ordurako idazten hasia nintzen zerbait". Honela azaldu digu Benan Oregik liburua idaztearen hasiera. Soraluzen gerraurrean zinegotzi jeltzale ian zen aitaita Benantzio Iñurrietaren eta jazarkundea gertutik ezagutu zuen belaunaldi oso baten berri ematen digu 'Zutik Ozta-Ozta Nator'ek.

Vitoria-Gasteiz. Pertsona ezaguna da Benan Oregi Iñurrieta euskal diasporaren alorrean. Bi hamarkada pasexe daramatza lanean teknikari Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzan eta laneko loturez gain pertsonalki ere lotura sendoak ezarri ditu Zortzigarren Probintzian, Boisen bereziki, bertako euskal komunitateko parte bilakatu arte bere emazte eta bi alabekin batera. Izan ere, Boiseko bere etxean topatu dugu egunotan berez soraluzetarra izanik aspaldi Gasteizen bizi den euskaldun hau, udako opor-egunak bertan pasatzera etorria. Eta irailean kurtsoa hasita aitaita (aitxitxe, aitona, aitatxi) Benantzioren paperak oinarri eginiko liburua aurkeztu behar zuelarik, zergatik ez aurrerapen bat Boiseko euskaldunen aurrean aurkeztu? Pentsatu eta, bertakoen interesa eta konplizitatean lagun, egin. Ikus hemen gaurko ekitaldiaren xehetasunak gure agendan.

Ikerlan sendo eta motibaturen emaitza da 'Zutik Ozta-Ozta Nator'. Aitonaren eta belaunaldi oso baten lekukotasuna dakargu. Benantzio Iñurrietaren pertsona hartu eta ikertutakoak berak emaniko baliabideak hartuta, sakontzen joan da, testuingurua topatzen, zoom-a zabaltzen eta zirkulua handitzen, 288 orrialdeko lliburu ederra osatu arte, hori guztia ehundik gora argazki, gutun eta agiri tartean. 400dik gora lagunen erreferentziak ere azaltzen dira, eta aitaitak jasotako hainbat bertso. Material asko, beraz, euskaraz ederki atondua eta kontatua, liburua euskaraz idatzita baitago, tartekatzen diren gutunak eta agiriak gazteleraz badaude ere.

Horrek aukera eman digu belaunaldi oso baten historia kontatzeko, istorio partikular batetik abiatuta. "Integrismotik abertzaletasunerako bidea egin zutenak dira. Horiei tokatu zitzaien gerra bilatua izan ez zen gerra bat sufritzea", diosku egileak. "Benantzio ez zen heroia izan, bere garaiko gizasemea izan zen. Ibilbide politikoa, erlijiosoa, kulturala,... Alderdi asko ikutzen dira".

Liburua idazteko, dokumentazioa eta datuak osatzen eta lantzen pasa duen denborako parte, EHUko historia garaikideko Mikel Aizpururekin harremanetan egon da Benan Oregi, baita beste idazle eta historialari batzuekin ere. Iruñeko San Kristobaleko ihesaldiaren inguruan idatzi duen Luis Garde nafarrarekin esaterako, kontatzen digu. "Izan ere, hainbat langunek lagundu didate, bakoitzak bere esparrutik, eta eskerrak emateko hitzaurrean izen mordoa dator jasota" aitortzen du.

"Gure aitaitak bi erabaki handi hartu behar izan zituen. Lehena, geratu ala alde egitea, Francoren tropak herrira sartu zirenean. Ez zuen asmatu. Geratu egin zen eta bera izen  zen eraman zuten lehena. Bigarren erabakia San Kristobalen gertatu zen ihesaldian hartu behar izan zuen. Orduan ere geratzea erabaki zuen, gehienek egin zuten bezala. Eta orduan bai asmatu zuen, 200dik gora bide-bazterretan tirokatu zituztelako, eta beste 600 kartzelara bueltan ekarri. Hiru lagun izan ziren Frantziara iristea lortu zutenak, kartzelan zeuden 2.300etatik. Gutun  batek erakusten du gure aitaita jakitun zela ihesaldia prestatzen ari zirela".

Liburua ez da oraindik plazaratu Euskal Herrian eta bi aurkezpen ofizialak, liburua eskuetan, bertan egingo dira, Soraluzen eta Gasteizen, irailean eta urrian. Zergatik liburua Boisen ere aurkeztea erabaki duen galdetuta, Oregik azaltzen du orain urte batzuk bertako Dave Lachiondo irakasleak Boiseko Euskal Museora gonbidatu zuela, "Boise State University-ko (BSU) ikasle batzuei Espainiako gerra zibilaren inguruan emango zien klasera, bertan parte hartzeko aukera emanez. Aurten 80 urte betetzen dira gerra zibila piztu zenetik, eta Euskadin hainbat ekitaldi egingo dira horren inguruan. Interesgarria iruditu zitzaidan batez ere Estatu Batuetako euskaldunei gerrako istorioen berri ematea, jakin-nahia eta interesa izaten dutelako".

"Boisen egingo dudan aurkezpena berezia izango da", argitzen digu. "Zerbait pertsonala kontatuko diet, baina nahiko nuke iristea guztien barnera, eta liburuko pasarte hunkigarri batzuk erabiliko ditut horretarako". "Hasteko, aitaitak etxeratu zenean bota zituen bertsoak kantatuko dizkiet. Pantailan inglesez jarraitu ahal izango dituzte, eta kartzelaz-kartzela egin zuen ibilbidearen berri eman ondoren, liburuan jasota datorren azken gutuna irakurriko diet, ingelesez. Nik neuk ezagutu ez nuen aitaitari egindakoa da. Ez zait erraza egingo gauza hain pertsonala publikoki irakurtzea, baina ikerketari amaiera emateko aurkitu dudan modurik egokiena da".

"Ekitaldiari amaiera emateko, Egoitz Unamuno soraluzetarrak Gerra Bizi Izan Zutenen omenez idatzitako bertsoak kantatuko ditugu bertaratuko garen guztiek. Liburuaren kontrazalean azalduko diren bertsoak izango dira, aitaita bertsozalea izanik hori ere aproposa izango baita. Horretarako Jill Aldape izango dut laguntzaile [Boiseko "Amuma Says No" euskal taldeko kantaria da Jill] jendea kantuan jartzeko", laburbiltzen du.

Hiru aurkezpenak

Boisen egingo duen aurreaurkezpen honen ondotik, hurrengo aurkezpena Soraluzen izango da, Udalak antolatuta, irailaren 22an. "Gure aitaita EAJko zinegotzi zen eraman zutenean eta egun horretan 80 urte beteko baitira Francoren tropak herria hartu zutenetik".

Hirugarren aurkezpena, ostera, Gasteizen izango da, lagunartean, urriaren 5ean. Hor Mikel Urdangarin izango dugu bertso kantari. Durangon ere aurkezteko gonbitea jaso du Benan Oregik, eta seguruenik bertan ere aurkeztuko du.

"Liburua ez da komertziala eta ez du argitaletxe batek ateratzen", esaten digu azkenik egileak Boisetik. "Soraluzeko Udalaren eskutik aterako da, Eusko Jaurlaritzako laguntzaren batekin, baina oraindik ez dakigu nola banatuko den, baina tirada txikia izango du".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia