euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Naguanaguako herriak, Venezuelan, hasi berriak ditu bere patroi Begoñako Amaren festak, Eusko Etxea partaide

2009/08/03

Begoñako Ama Birjinaren prozesioa Naguanaguako kaleetan (argazkia notitarde.com)
Begoñako Ama Birjinaren prozesioa Naguanaguako kaleetan (argazkia notitarde.com)

PUBLIZITATEA

Askok ez dute jakingo Begoñako Amak Euskal Herritik haratago ere jarraitzaileak badituela, gehienbat euskal presentzia duten edo izan duten lekuetan Bizkaiko euskaldunek ereindakoa. Munduko leku horietako bat Venezuelako Naguanagua da, Valencian, Carabobo estatuan. Joan den asteburuyti hasita eta abuztuaren 16ra bitartean egingo dituzte Venezuelako hiri honetan Begoñako Amaren omenezko festak. Urtero bezala, Naguanaguan bertan egoitza duen Caraboboko Eusko Etxea partaide izango dute.

Valencia, Venezuela. Bilboko patroia da eta Bizkaiko patroia gisa ere kontsideratzen da Begoñako Ama. bere titulua edozein izanda ere, jarraitzaile asko eta debozio handia pizten duen Ama Birjina da, Euskal Herriko hainbat tokitan, baina Bizkaian bereziki. Bilbon egoitza duen Begoñako basilika ez da, ordea, Begoñako Ama Birjinari eskainitako eliz eta aldare bakarra, munduan badira-eta, Bizkaiko euskaldunen noizpaiteko presentziari loturik gehienbat, euskal adbokazio honi dedikatutako eliz eta aldare gehiago, tartean Venezuelako Carabobo estatuko Naguanaguako hau, Naguanagua-Valencian.

Nola iritsi da Begoñako Ama Venezuelara? Dirudienez Venezuelara heldu ziren lehen euskaldunekin lotura zuzena izango luke. Uste da lurralde honetara 1495 eta 1519 bitartean, kolonia garaian, euskaldunak iritsi zirela. Hauek euren ohiturak ekarri eta finkatu zituzten bertako biztanleen artean eta horietako bat da Begoñako Amarenganako atxikimendua. Urteek aurrera egin ahala, Naguanaguan Begoñaren omenezko eliza altxatu zuten kolonoek eta egun guztiz errotuta dago honenganako sinismena. Begoña da patroia eta hiriko festak abuztuaren 1etik 16ra izaten dira, tartean, abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren eguna ospatzen delarik. Adbokazioaren jatorri euskalduna dela eta, Begoñako Amaren egunean, Naguanaguan bertan egoitza duen Valenciako Eusko Etxeak protagonismo berezia hartzen du eta euskal dantza erakustaldia eta erromeria bat ere egiten dute egitarauaren barnean.

Jai egitaraua 

Joan den larunbatean hasi ziren aurtengo Begoñako jaiak, festen erregina aukeratuz Valencia Sambil merkatalgunean. Datorren ostegunean, abuztuaren 6an, Ama Birjinaren omenezko kontzertua egingo du 'Banda 24 de Junio' taldeak. Ostegunetik abuztuaren 14ra arte, arratsaldero 18:00etan Begoñako Amaren elizan bederatziurrena izango da.

Abuztuaren 9an Ama birjinaren irudia Las Trincheras elizara eramango dute bere omenezko elizkizuna egiteko eta bueltan prozesioan eramango dute hiritarrek. Celebrants Singers taldearen kontzertuak izango dira abuztuaren 12an eta 14ean. Azken honetan ere, zabalduko da 'Orkidea eta bonsai' erakusketa Don Bosco aretoan.

Abuztuaren 15ean, Begoñako Ama

Jai egun garrantzitsuena, bistan da, abuztuaren 15a izango da, Ama Birjinaren edo, kasu honetan, Begoñako Amaren eguna. Goizeko hamarretan Reinaldo del Prettek gidatutako meza izango da eta ondoren hiriko kaleetan zehar prozesioa. Egun honetan, Eusko Etxeko kideek erromeria egingo dute. Gauean, Los Melodicos taldeak emanaldia egingo du La Granjan. Bukatzeko, abuztuaren 16an txirrindulari lasterketa izango da hiriko kaleetatik; eta abuztuak 15, 16, 22 eta 23an ohi bezala, zezenketak izango dira.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia