euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baztarrika sailburuordeak euskara lektoretza abiaraziko du gaur La Platan; Buenos Aires eta Mexikon ere izango da

2008/05/12

Patxi Baztarrika sailburuordea artxiboko irudi batean, Txilen euskararen egoera azaltzen ari dela
Patxi Baztarrika sailburuordea artxiboko irudi batean, Txilen euskararen egoera azaltzen ari dela
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak La Plata hiri argentinarrean ekingo dio gaur Argentina eta Mexikon garatuko duen astebeteko bidaiari. Buenos Aires probintziako hiriburuan sailburuordeak mintzaldia eskainiko du, La Platako Unibertsitate Nazionalaren (UNLP) Euskara eta Euskal Kultura Lektoretzaren hasiera ekitaldiaren barruan. Bihar eta etzi Baztarrika Buenos Airesen izango da eta bertan Buenos Aireseko Unibertsitateko (UBA) arduradunekin eta Laurak Bat Etxeko zuzendaritzarekin bilduko da. Ostegunean bidaiaren bigarren zatiari ekingo dio, Mexikon.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak gaur hasiko du Argentina eta Mexikon egingo duen bira, herrialde hauetako unibertsitateetan ematen diren Euskara eta Euskal Kultura Lektoretzen bilakaera jarraitzeko asmoz, besteak beste. Baztarrikaren agendako lehen hitzordua gaur bertan izango da, La Plata hirian, Universidad Nacional de La Plata-ko presidente Gustavo Azpiazurekin bilduz. Ondoren sailburuak bilera egingo du Enriqueta Della Rosarekin eta Yeray Aguila Barrenengoarekin, euskara lektoretza emango duen irakaslea, azken hau. Arratsaldeko seietan Baztarrikak lektoretzaren irekiera ekitaldian parte hartuko du, mintzaldi bat emanez.

Euskara eta Euskal Kultura Lektoretza urte osoan emango dute La Platan, Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sinatutako hitzarmenari esker. Irakaslea Yeray Aguila Barrenengoa izango da eta klaseak asteartero, seietatik bederatzietara, emango dituzte Unibertsitateko Presidentziaren Rocha ikasgelan (UNLP). Parte hartzea doakoa da, arduradunek gogorarazten dutenez, eta klaseak komunitate osoari irekiak dira.

Lekoretza UBAn

Bihar sailburuordea Buenos Aires Hiri Autonomoan izango da eta Marcelo Tobin, Universidad de Buenos Aires-eko (UBA) Nazioarteko Harremanetarako Idazkariordearekin bilduko da. Baztarrikak eta Tobinek datorren ikasturtean UBAn Euskara Lektoretza eskaintzeko hitzarmena sinatuko dute. Argentinar Errepublikako unibertsitate garrantzitsuena da hau. Bilera ostean sailburuordeak Laurak Bat Euskal Etxera bisita egingo du eta bertako Zuzendaritza Batzordearekin bilduko da.

Etzi, maiatzaren 14ean, Kultura sailburuak hitzordua dauka Ana María Zubieta UBAko Filosofia eta Letretako Fakultateko Dekanordearekin. Ostegunean Baztarrika Mexikora joango da eta han ere eskaintzen diren Euskara Lektoretzen bilakaera ezagutu ahal izango du. Mexikoko lau unibertsitatetan ematen dira Euskara eta Euskal Kultura lekoretza hauek: Universidad Nacional Autónoma de México (UNAM), Iberoamericana de México DF, Tecnológico de Monterrey eta Iberoamericana de Puebla-n.


Lotura interesgarriak

Euskal lektoretzak Japonian eta Filipinasen ere
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko urtarrilaren 25ean


EuskalKultura.com.en argitaratua 2007ko urriaren 26ean

Patxi Baztarrika eta Lorea Bilbaoren mintzaldia Buenos Airesen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 6ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia