euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baztarrika sailburuordea Mexikon da euskara eta euskal kultura lektoretzak ematen dituzten irakasleekin biltzeko

2008/05/16

Patxi Baztarrika eta Lorea Bilbao aholkularia Buenos Aireseko Laurak Bat elkarteko zuzendaritzarekin  bildu ziren Argentinan (artxiboko argazkia)
Patxi Baztarrika eta Lorea Bilbao aholkularia Buenos Aireseko Laurak Bat elkarteko zuzendaritzarekin bildu ziren Argentinan (artxiboko argazkia)

PUBLIZITATEA

Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mexikora heldu zen atzo, Argentinan hasi zuen bidaia ofizialaren bigarren zatiari ekiteko. Sei egun emango ditu Mexikon eta egonaldian zehar hainbat unibertsitate mexikarretan eskaintzen diren euskara eta euskal kultura lektoretzen jarraipena egingo du. Era berean, ikastaro hauek eman nahi dituzten beste unibertsitateetako arduradunekin ere bilduko da.
Argentinan hiru eguneko egonaldia egin ostean Patxi Baztarrika sailburuordea Mexikon egongo da datorren asteartea bitartean. Argentinan La Platako Unibertsitate Nazionaleko euskara eta euskal kultura lektoretzaren ikasturtea inauguratu zuen eta Buenos Airesen Universidad de Buenos Aires-eko lektoretzaren arduradunekin eta Laurak Bat elkarteko zuzendaritzarekin bildu zen. Mexikon ere bidaiaren helburua bertako lau unibertsitatetan arrakasta handiz ematen diren euskara eta euskal kultura lektoretzen bilakaera ikustea izango da. Lorea Bilbao aholkulariaren laguntza izango du Baztarrikak Mexikon.

[Patxi Baztarrika sailburuordea La Platako Unibertsitate Nazionalean joan den astelehenean eman zuen mintzaldian]

Atzo Baztarrika eta Bilbao Mexikoko Puebla hirian izan ziren, bertako Universidad Iberoamericana-ko arduradunekin biltzeko. Unibertsitate honetan Gorka Larrañaga azkoitiarrak ematen du euskara eta euskal kultura lektoretza, joan den irailaz geroztik. Gaur euskal ordezkaritza Monterrey hirian izango da eta bertako Unibertsitate Teknologikoan ematen den lektoretzaren nondik norakoen berri jasoko dute eta unibertsitate honetako zenbait arduradunekin eta Unibertsitate Birtuala delakoaren ordezkari batekin bilduko dira.

Diploma banatzea Euskal Etxean

Bihar sailburuordearen egitarau agenda Coyoacan hirira egingo duten bisitaldiarekin hasiko da. Gero euskara eta euskal kultura lektoretzen irakasleekin bilduko dira. Arratsaldean Mexiko DFko Euskal Etxeko zuzendaritzarekin bildu eta Universidad Iberoamericana-ko lektoretzako ikasleen diploma banaketa ekitaldian parte hartuko dute.

Etzi, igandean, euskal ordezkaritza Cuernavacan izango da eta astelehenean Universidad Autónoma de México, Tecnológico de Monterrey, Tecnológico de Ciudad de México eta Universidad Iberoamericana de la Ciudad de México-ko arduradunekin bilduko dira, bertan ematen diren lektoretzen emaitzak aztertzeko. Asteartean Barruti Federaleko Kultura Idazkaritzarekin eta Claustro de Sor Juana Unibertsitateko ordezkariekin bilduko dira, bidaiari bukaera emateko.


Lotura interesgarriak

Mexiko DF-ko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Baztarrika sailburuordeak La Platako euskara lektoretza inauguratuko du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko maiatzaren 12an

Euskara lektoretzen arrakasta Mexikon
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia