euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Literaldia 08 jaialdiak euskal literaturan gaur egungo Euskal Herriaren irudia aztertuko du hilabetez

2008/04/21

Literaldia08-ko afitxa
Literaldia08-ko afitxa
Etzi hasiko da Literaldia 08, kataluniarrentzat hitzordu garrantzitsua den Sant Jordirekin (Kataluniako patroia eta Liburuaren Eguna). Aurten ere Euskal Etxeak ahalegin polita egin du euskal literaturak bere lekua izan dezan, hilabete oso bat iraungo duen Literaldia 08 jaialdia antolatuz. Harkaitz Cano, Koldo Izagirre eta Joseba Tapia, Iñigo Aranbarri eta Beñat Sarasola, besteak beste, bartzelonaratuko dira, Euskal Etxeak gonbidaturik, euren lanen bidez egungo Euskal Herriaren egoera aztertzeko.

PUBLIZITATEA

Bartzelona izango da ziurrenik Euskal Herritik kanpo euskara ikasle gehien biltzen dituen hiria. Abentura horretan sartuta dauden taldeek azken hiru urteotan euskal literaturari buruzko jaialdia antolatu dute, hizkuntza ikastearekin batera ikasleek euskal literatura ezagutzeko aukera izan dezaten. Aurten ere Euskal Herriko literatur proposamen interesgarrienetako batzuk Bartzelonan izango diran entzungai, Euskal Etxeak, Hizkuntz Eskola Ofizialak, Bartzelonako Unibertsitateak (UB) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak (UAB) antolatzen duten Literaldia 08 jaialdiaren baitan.

Jaialdia asteazkenean hasiko da, apirilaren 23an. Katalunian tradizioa da egun horretan larrosa bat eta liburu bat oparitzea eta literatur ekitaldi ugari egiten dira hirian. Euskal Etxeak urtero legez stand-a jarriko du Ramblen pasealekuan eta bertan izango dira Ur Apalategi, Xabier Silveira eta Taperware Kolektiboko idazleak, liburuak sinatzen.

Leihatila beltzak, kaxa hutsak

Sant Jordi egunean ekitaldi gehiago ere izango dira. Taperware Kolektiboak 'Leihatila Beltza' liburua aurkeztuko du Hizkuntz Eskola Ofizialean, arratsaldeko zazpietan, euskaraz eta katalanez. Liburu honetan errealitatearen 'irudi kritiko, garratz eta grafikoa' azaltzen du Taperwarek. Ia-ia aldi berean, zortzietatik aurrera, Ur Apalategi idazlea Euskal Etxean izango da irakurraldi bat eskaintzeko, euskaraz.

Biharamunean, apirilaren 24ean, Beñat Sarasola idazle gaztea (Donostia, 1984) Bartzelonan izango da bere lehen poema liburua, 'Kaxa huts bat' aurkezteko. Ekitaldia Hizkuntz Eskola Ofizialean izango da, arratsaldeko zazpi t'erdietan. Irakurraldia euskaraz egingo du Sarasolak, Aritz Galarraga eta Ion Olano adituak alboan dituela.

Harkaitz Cano UABn eta Euskal Etxean

Apirilaren 25ean, ostirala, jokoak eta irria nagusi izango dira Euskal Etxean, Mihiluze Euskal Telebistako saioan oinarritutako lehiaketa egingo delako. Lehiakideak Bartzelona osoko euskara ikasleak izango dira eta hainbat froga eta joku gainditu beharko dituzte: SMS mezuak deszifratu, bertsoak osatu, galderei erantzun... 'Amaieran, hizkuntza eta kultura gehien ezagutzen duen taldea da irabazle lehiaketa bizi eta dibertigarri honetan', agintzen du Literaldia 08ko egitarauak.

Hurrengo ekitaldia apirilaren 29an izango da, Harkaitz Cano idazlearen bisitarekin. Gaztea izanagatik Cano euskal idazle ezagunenetakoa da. Eguerdi aldera Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) izango da, Las glosas del embalsamador izenburudun mintzaldia emateko. Bertan Canok 'euskal gaztazkak literaturan duen eragina/eragin eza' izango du hizpide, beste gaien artean. Arratsaldez bigarren saio bat eskainiko du, poesi irakurraldia eginez Euskal Etxean.

Koldo Izagirre Salvador Puig Antich-en gomutan

Egitarauak maiatzarainoko jauzia egingo du ondoren eta hurrengo ekitaldia 'Leihatila Beltza' liburuaren aurkezpen berri bat izango da, maiatzaren 7an, oraingoan Euskal Etxean. Maiatzaren 14ean, berriz, Ibon Egaña idazlearen txanda izango da. Egañak 'Gatazkari buruzko begirada' izenburua duen mintzaldia eskainiko du, Edu Zelaietarekin batera idatzi zuen 'Maldetan sagarrak' liburuan oinarrituz.

Maiatzaren 15ean Hizkuntz Eskola Ofizialean Salvador Puig Antich anarkistaren omenezko irakurraldi poetiko-musikala eskainiko dute Koldo Izagirre idazleak, Joseba Tapia trikitilariak eta Carles Belda soinujole katalanak. Larunbatean, maiatzak 17, helduentzako ipuin gaua egingo dute Euskal Etxean, musikaz lagundurik. Josune eta Sergio izango dira kontu kontari eta euskaraz eta katalanez egingo dute saioa.

Itxiera jaia, 'bapatekoa'

Maiatzaren 22an Iñigo Aranbarrik 'Euskal literatura: idazten duguna gara' mintzaldia eskainiko du, eguerdiko ordu batean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta arratsaldeko zortzietan Euskal Etxean. Bukatzeko maiatzaren 23an egingo da Literaldiaren edizio honen itxiera jaia, Euskal Etxearen egoitzan antolatu den afariarekin. Arduradunek giroa aparta izango dela iragarri dute, inprobisazio euskaldun eta katalanaren fusio berezia egingo dutelako: bertsolariak eta Kataluniako garrotin-ak ariko dira afari honetan, jaialdiko kontuak eta pasadizoak kantu eta bertsotan jarriz.


Lotura interesgarriak

Literaldia08: programa osoa
www.literaldia.com

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

Garrotin-ari buruzko informazio gehiago
Viquipedia, katalanezko Wikipedian

Literaldia07, euskal emakume idazleak protagonista
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia