euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako euskal elkarteak Europako Euskal Etxeen II. Bilkuraren balioespen baikorra egiten du

2008/09/09

Europako Euskal Etxeetako ordezkariak, bileran
Europako Euskal Etxeetako ordezkariak, bileran

PUBLIZITATEA

Pasa den asteburuan egin zen Bartzelonako Euskal Etxean Europako Euskal Etxeen II. Bilkura. "Oso positiboa eta aberasgarria izan da, izan ere, urte osoan urruti garenez, garrantzitsua da elkarrekin urtean behin behintzat egotea", azaldu dio EuskalKultura.com Bartzelonako elkarteko lehendakari Aitor Arrutik. Elkar ezagutu eta amankomunean dituzten berdintasun eta ezberdintasunez jabetzeaz gain, Europako Euskal Etxeen I. Argazki Lehiaketa antolatzeko ekimena abiazten ari dira. Berlin, Frankfurt, Montpellier, Bordele, Paue, Parise eta Mallorkako ordezkariek hartu dute parte bertan.

Bartzelona, Katalunya. Asteburu honetan izan da Bartzelonako Euskal Etxean Europako Euskal Etxeen II. Bilkura. Berlin, Frankfurt, Montpellier, Paue, Parise, Mallorka eta Bartzelona bertako ordezkariak izan dira bertan eta Aitor Arruti Bartzelonako Euskal Etxeko zuzendariak EuskalKultura.com-i agertu dionez, "oso aberasgarria da kanpoan garen euskaldunontzat biltzea, beste euskaldunekin egotea. Garrantzitsua da amankomunean ditugun berdintasun eta ezberdintasunak ezagutzea". Europan Euskal Etxeen arteko komunikazio errazteko eta hartu beharreko erabakiak amankomunean eta batera hartzeko balio duela gaineratu du Arrutik.

Bilkuran eskuratu diren helburuen artean Arrutik elkarren 'berri izatea, elkar ezagutzea eta amankomunean ditugun berdintasun eta ezberdintasunak jasotzea' aipatu du. Bilkuraren beste asmo bat 'sinergiak probestea' dela gehitzen du Arrutik. 'Euskal Etxe bakoitzak bere errealitate propioa duenez eta antolaturiko ekitaldiak errealitate horretan eraikitzen direnez, sortutako sinergia horiek guztiak amankomunean ezarri eta probestea' da euren asmoa.

 BCN Europa 08

[Frankfurt, Berlin eta Mexiko ordezkariak bilkuran solasean]

Azkenik, bilkuran Europa mailan proiektu bat martxan jartzearen erronka gogotsu hartu dute euskal etxeetako ordezkariek. Horrela sortu da Europako Euskal Etxeek lehen aldiz antolatuko duten Argazki Lehiaketa egiteko asmoa. Diaspora mailan izango da eta elkarrekin lanean jarraitzeko balioko die Euskal Etxeei.
 
Giro aparta

Ostiralean afari bat egin zuten Bartzelonako Euskal Etxean eta giro aparta izan zutela esan du Arrutik. "Iosu Yeregi elkarteko bazkide eta tenoreak ikuskizun txiki eta xume bat eman zigun eta txaloak eta algarak nagusi izan ziren bertan. Bukatu zuenean trikitilariekin jarraitu genuen eta parranda polita izan zen". Larunbatean Bartzelonako Euskal Etxekoek "El Corte Ingles" merkatal zentruan bildu zituzten Bilkurako ordezkariak eta Munduko Mus txapelketako ordezkariak, koktel bat eskaintzeko. "Ez zuten denbora askorik galdu, segituan denak elkar hitz egiten hasi baitziren".

 

Bartzelona Euskal Etxea Iosu Yeregui 08
[Iosu Yeregui tenoeraren emanaldiaren une bat]

Handik Euskal Etxera joan ziren, Maddi Oihenart-en kantaldiaz gozatzeko. "Esperientzia berezia izan zen Maddi bezalako kantari bat Bartzelonan entzutea, bere ahotsak hain da apartekoa. Jendea oso gustura izan zen kantaldian".

Bestalde, astelehenean hasi zen Munduko Mus Txapelketa. Orain arte jokatutako partidetan iazko txapeldun Iñaki Abendibar eta Antonio Vicente Alonsok dagoeneko buruan dira lau partida irabazita.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia