euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Etxeak katalanez argitaratu du "Orhipean", Euskal Herriari buruzko dibulgazio liburua

2012/04/27

Itziar Ziga kazetaria eta Xamar idazlea Bartzelonako Euskal Etxearen standean Rambletan, Sant Jordi egunean euren liburuen aleak sinatzen izan ziren (argazkia BCNEE)
Itziar Ziga kazetaria eta Xamar idazlea Bartzelonako Euskal Etxearen standean Rambletan, Sant Jordi egunean euren liburuen aleak sinatzen izan ziren (argazkia BCNEE)
Makina bat edizio eta zenbait hizkuntzara itzulpenak izan ditu jada Juan Carlos Etxegoien 'Xamar' idazlearen "Orhipean" liburuak, eta Euskal Herriaren historia eta kulturari buruzko dibulgazio lan ezagunenetakoa bihurtu da. Aurten, Bartzelonako Euskal Etxeak katalanera itzuli du eta "Orhipean. El país de la llengua basca" izenburuarekin plazaratu du Pamiela argitaletxearekin batera. Xamar Bartzelonan izan zen Sant Jordi egunean, Ramblen pasealeku ezagunean liburuaren aleak sinatzen Euskal Etxeak gonbidatuta.

PUBLIZITATEA

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxea Literaldia 2012 euskal literatur jaialdia ari da egiten hil honetan eta ohi duen legez Katalunian tradizio handikoa den Sant Jordi eguna Rambletako pasealekuan liburu standa jarriz ospatu zuen. Bertan izan zen, besteak beste Xamar, Juan Carlos Etxegoien idazlea, "Orhipean" liburuan katalanezko edizioa sinatzen.

Edizio hau Bartzelonako Euskal Etxearen aurtengo egitasmo nagusietako bat da: euskal kultura Katalunian zabaltzea da elkartearen helburuetako bat eta, ildo horri eutsiz, Euskal Herriari buruzko dibulgazio lan honen itzulpena sustatu dute. Ainara Munt izan da liburuaren itzultzailea, eta Quimi Portet musikari kataluniarrak egin dio hitzaurrea. Portet-en esanetan, katalanezko edizio honekin "berriz ere Euskal Herriaz eta bere jendeaz maitemintzeko aukera" izan du.

Dozena bat edizio

"Orhipean, Gure Herria ezagutzen" liburuaren lehen edizioa, euskaraz, 1992an plazaratu zuen Pamiela argitaletxe nafarrak. Euskal Herriari eta euskal kulturari buruzko lan dibulgatzailea da liburua, eta bere ezaugarri nagusienetako bat euskal kultura era sakon baina atsegin eta entretenigarrian jorratzen duela da. 30 ataletan euskal kulturaren arlo desberdinetan murgiltzen da: historiaurrea, literatura, euskara, euskal etxea, mitologia, ohiturak, itsasoa, nekazalgintza, pilota, bertsolaritza, Diaspora... Gainera, argazki eta Xamarrek berak egindako marrazkiekin osatzen dira gaiak.

Azken urteetan "Orhipean" euskal kultura ezagutzeko gidaliburu erabilienetako bat bihurtu da, bai atzerritarrentzat eta baita euskaldunentzat ere. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta orain katalanez ere dago eskuragarri.

-Liburua erosteko, jo Pamiela argitaletxearen webgunera, hona



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia